Olatz Altunaren proposamenaren harira
Olatz Altunaren proposamenaren harira
Olatz Altunari “Indartu, berritu, bizi” goiburudun artikulua argitaratu diote %100 euskalduna den egunkari bakarrean. Artikulu interesgarri eta mamitsuari, ohar batzuk egitera ausartuko naiz baina, atrebentzia ez bada.
PRINTZIPIOAK ADOSTU
Printzipioak adostea aipatu du Olatzek lehentasun “errealitate soziolinguistikoan eta etorkizunera begirako jomugan oinarrituta”, eta baita “hiru printzipio orokor” proposatu ere.
1) “Euskara da Euskal Herriko berezko hizkuntza: inon erabiltzekotan hemen erabiliko da, eta soilik guri dagokigu eustea”. Ados, berezkoa “eta jatorrizkoa” gehituko nuke.
2) “Gaur egun gizarte eleaniztunean bizi gara, ez gizarte elebidunean”. Ezin ados egon. Batetik beti (edo) izan direlako bi hizkuntza baino gehiago bizirik Euskal Herrian, egungo oparotasunarekin ez bada ere. Bestetik, praktikan, jardun pribatuez gaindi, gure gizartea gazteleraduna delako alde batean, eta frantsesduna bestean. Hegoaldean badira oraindik herri elebidun batzuk, “arnasgune” deitzen ditugun horiek; Iparraldean… ez dakit.
Bestela adieraziko nuke:
“Egun gizarte erdaldunduan bizi gara. Gizarte bizitza espainieraz gauzatzen da oso nagusiki hegoaldean eta frantsesez iparraldean beste dozenaka hizkuntza-hiztunak ugariak izanagatik. Euskarak eskualde jakinetan dirau osasuntsu, baina nekez entzun daiteke hiriburuetan eta horietatik beherako eremuetan”.
3) “Ofizialtasuna eta lege-babesa behar ditu euskarak”. Ados. Egungoak baino sendoagoak gehituko nuke soilik.
.
HIRU PRINTZIPIO GEHIAGO ERANSTSIKO NITUZKE:
4) Euskal hiztunak dira “euskaldunak”. Euskalerritarrak dira denbora luzez Euskal Herrian bizi eta euren burua euskalerritartzat dutenak, euskaldun izan zein ez.
5) Euskaldunek bazterketa jasan dugu mende luzez gure hizkuntza, euskara, baztertua, gutxietsia eta debekatua izan delako, eta baztertua delako oraindik ere Euskal Herriko eremu aitortu baino zabalagoetan.
6) Euskal Herrian hiru hizkuntza dauzkagula esaten dute unionistek eta abertzale askok. Esaldiak bukatzea komeni da baina: “Euskal Herriko hiru hizkuntza dauzkagu, bai. Bi, gaztelera eta frantsesa, Estatuek inposatuak eta bat, euskara jatorrizkoa, zapaldua, gutxietsia eta kasurik onenean bigarren mailaratua.
.
ESTATUSA, ADOSTASUNA, GAZTEEN JOKABIDEA…
Hizkuntzen estatusak definitzean, jasaten dugun bazterketa azpimarratu, eta bereoneratzeko eskubidea eta hizkuntza ofizialen artean lehentasuna aitortu beharko litzaioke euskarari.
Adostasuna nortzuen artean? Euskaraz bizi nahi dugunon eskubideak bermatzeko prestutasuna agertzen dutenen arteko adostasuna behar dugu. Bigarren mailako izaten jarrai dezagun nahi dutenekin ez dugu, ez dago zer adostu. Giza eskubideak bermatzeko prest ez dauden supremazista horiekin zer adostu behar dugu ba?
Gazteen jokabideak erabakiko du (ez baldintzatu) euskararen geroa neurri handi batean. Eta Olatzek aipatu bezala, Testuinguru soziolinguistikoak laguntzen ez badu, nekez hartuko dute euskara beren ohiko hizkuntzatzat, areago aintzat hartuz gero gehienek bigarren hizkuntza dutela euskara—eskolatik jasoa—, orain artean sekula ez bezala.
Gure buruari iruzur egin nahi ez badiogu, aitortu beharko dugu baldintzak negargarriak direla; gazteei erdarazko itsasoa eta euskarazko errekasto batzuk baizik ez dizkiegula eskaintzen gaur-gaurkoz. Ikastetxetako erabilera mugatu-formal aspergarritik at, oso eskaintza mugatua aurkitzen dutela euskaraz gozatzeko. Alabaina, errealitateaz beste eginez, helduok nagusiki erdaraz bizitzeaz gain, euskara aurrera ateratzeko ardura gazteei bizkarreratu diegu, hara!
Ebaluazio ea diagnostiko berrituak aldiro-aldiro eskuartera datozkigun arren, erakunde publiko nagusiek nekez abiarazten dute ekimen sendorik, eta sortzen direnak udal eta mankomunitate (Lasarte, Agurain, Bermeo, Donostia, Oarsoaldea, UEMA…) jakinetatik sortuak dira, baliabide eta babes gehien dutenetatik (Jaurlaritza, Bilbo, aldundiak)sortu ordez.
Bidegurutzean barik, errotonda bihurri batetik irten ezinda dirudien gizarte-ekimeneko euskalgintza esnatu eta piztu ezean, etorkizun oparorik irudikatzeak lanak ematen ditu, eragile nagusiak, alderdi eta sindikatu abertzaleak, ez baitaude hizkuntzari begira, oro har.
Tira, alderdi eta sindikatu unionistak bai. Horiek euskarari adi-adi daude, tiro egiteko baina.
Errotondatik irteteko bidearekin asmatuko dugulako esperantzaz…