Oheak, ohatzeak eta periferikoen kexak
Oheak, ohatzeak eta periferikoen kexak
“Litera” / “lit superposé” euskaraz nola esan jakin nahirik, hiztegietara jo eta hara non jakin dudan litera euskaraz “ohatze” dela, Elhuyar eta Euskaltermen arabera. Zehazkik zehaztu dit ontzietako edo trenetako literak direla “ohatzeak”.
Hara. Oker ez banago, Nafarroa Garaiko herri euskaldun gehienetan “ohatze” esaten da mendebalderagoko “ohe” esateko. Gaixoak. Uste dute “ohe” esaten ari direla, eta egiaz “litera” esaten ari dira. Norbaitek abisatu beharko lieke.
Memoriaz ari naiz, baina uste dut Kepa Altonagak dioela, Back to Leizarraga liburuan, euskarazko hiztegia guztiz deskolokaturik dagoela, besteak beste honengatik: erdaretako maileguak ebitatu nahirik, euskarazko hitzak hartu eta esanahia aldatu edo zabaldu diegulako. Oraingoan, adibidez: hemendik aurrera zer ulertu behar dugu testu batean “ohatze” irakurtzen dugularik? “Ohe” edo “litera”?
Kasu honetan, gaztelaniak eta frantsesak hitz desberdinak erabiltzen dituztenez, ez dakit zer hitz hartu behar dugun “litera” esateko. Bueno, bai, bat bururatzen zait: ohe = litera. Nik “ohe” hitza erabiltzen ez dudanez, egokia iruditzen zait euskarak falta duen hitz horretarako.
Sagar gorriak dilindan
damea dago ganbaran
maite laztanez hartzeko eta
elkartzeko ohantzean.