Ave Maria Gratia plena

Ave Maria Gratia plena

Nire aiton-amonak txikiak zirela, eskolan, erlijioa ematen zuten. Klaseak jasotzeko aukera izan zuten urte laburretan, apaizak eta monjak izan zituzten maisu-maistra; amonak monjak, aitonak apaizak. Erlijioa barreneraino sartu zitzaien urte haietan, izan ere, eskolan gauza gutxi gehiago ikasten zituzten erlijioaz haratago; matematika, idazten eta irakurtzen… Ordutik, igandero-igandero joan dira mezetara nire aiton-amonak, zerbait oso garrantzitsua ez bazuten, hutsik egin gabe.

Nire gurasoek ere, maisu-maistra erlijiosoak izan zituzten batxilerra egiten hasi artean. Ama, monjek maiz zigortu zuten; kalean, denen bistan, naranja-sarea buruan zuela, eta esku bakoitzean lauzpabost liburu, belauniko orduak pasatakoa da. Aita berriz, lehenago irten zen apaiz artetik. Biei, erlijioa barreneraino sartu zieten; bekatua zela eta ez zela nahiko kezka sortuz. Ordutik, igandero-igandero, ekitaldi oso garrantzitsu bat tartean ez bazen, huts egin dute mezetara.

Ave Maria Gratia plenaNik, inoiz ere ez dut heziketa erlijiosorik jaso. Ez nintzen bataiatua izan jaio eta berehala; eta, beranduago, ikaskideak katekesisera joaten zirenean, nik parkean jolasten nuen beste bi lagunekin. Erlijioaz ezer gutxi dakit, eta gurasoen antzera, ezinbestekoa ez bada, ez naiz elizara azaltzen.

Hala ere, bada erlijioaz kezkatzen nauen zerbait. Bat-batean, bi belaunaldiko denboran, erlijioa mutur batetik bestera igaro da. Nire aiton-amonen garaian, lehenago aipatu bezala, erlijioa ze guztiaren ardatz; erlijioa gizartearen oinarri. Gaur, bi belaunaldiren ostean, erlijioa ez da aipatu ere egiten; gainera, guztiz kritikatzen da ikasgeletan. Ikasgelena diot, izan ere, azkenaldian, egoera maiz bizitzen ari naiz. Edozein dela ere ahotan dugu hizketa gaia, bada norbait elizaz gaizki esaka hasteko aprobetxatzen duena. Zoritxarrez edo zorionez, ordea, askotan, kritika hori irakasleak egiten du. Duela belaunaldi bat erlijioa txertatzen zuten irakasleek. Gaur, erlijioaren aurka mintzatzen dira.

Adierazpen askatasuna lau haizetara aldarrikatzen dugu XXI. mende honetan, uste dut (eta nire iritzia da), adierazpen askatasun hori nahiko “postureo” bilakatu dela. Izan ere, edonor sinestuna dela esanez etorriz gero, segituan okertuko dugu kopeta, eta ezberdin tratatuko dugu; auskalo zein mundutatik etorri den alien bat bailitzan. Hori dela eta, adierazpen askatasuna, hain aske ez den gizarte honetan modernoa zarela demostratzeko beste bide bat besterik ez da. Eta gaur, nirekin behintzat, ez du balio.

Honekin guztiarekin, ez naiz erlijioaren alde mintzatzen ari; inolaz ere. Kontziente naiz elizak egin duen min guztiarekin, elizak gauzatutako sarraskiekin… Baina ez dut uste hori sinestunek duten ideologiarekin lotuta doanik. Uste dut pertsona librea dela pentsakera bat izateko; eta uste dut, zoritxarrez, ez bazara zientziaren babesle sutsua, ez zarela onartua. Hori dela eta, pentsamendu aske bat eskatzera nator: benetako adierazpen askatasuna. Munduan pertsona asko gara, eta guztiz normala da denok ados ez egotea, baina ERRESPETUA existitzen den artean, ez dugula zertan arazorik izan behar uste dut.

Nire aiton-amonek, ahal duten neurrian, mezetara joaten jarraituko dute, eta astean zehar, Arantzazukoa entzungo dute irratian. Nire gurasoak, orain artean bezala, beharrezkoa denean soilik joango dira elizara (turismoa egoten ari direnean, berriz, inor baino gehiago). Eta nik, adierazpen askatasuna eta errespetua eskatzen jarraituko dut; benetakoa. Azken batean, izan ere, kristau, ateo, budista, agnostiko edo judutar izan, guk geronek jarritako mugak soilik dira aurrera joatea oztopatzen digutenak.

Ave Maria Gratia plena. Ave Maria Gratia plena

adierazpen askatasuna, erlijioa, errespetua
Maddi Etxeberria

Sentipenak borborka, hitzak borborka. // Emakumearen kurbarik ederrena, bere irribarrea da. EGIN IRRI!

4 pentsamendu “Ave Maria Gratia plena”-ri buruz

  • Elizataz gaizki esaka dabiltzan hoiek gero islama defendatzen dutenak dira. Estatu laiko bat omen da hau eta edozein kristau arrasto borratu behar omen da, baina gero islamiarrei laguntza guztiak? Norbaitek ez digula egia osoa kontatzen uste det, ze interes daude islamiarrekin? PRISA prentsa taldea, Kataluinan bezela hemen ere QATAR eta A.SAUDIA dirua uzten ari ote dira ba nonbait?
    Mundu osoan gertatzen ari da islamaren zabalkundea, egia esan historia begiratuta beti saiatu dira, baina orain mendebaldea ahul eta desorientatuta harrapatu dute.

    Ayaan Hirsi Ali :” Islam a ez da pakearen erlijioa ,edozein medio erabilita konkista helburu duen politika baizik”

    Bila zazue emakume hau ( AYAAN HIRSI ALI)eta bere taldea hau GOOGLEn

  • Erlijio batek indarra ematen dio gizarte bati, horregatik botere guztiek erabiltzen dituzte herramienta bezela eta horregatik erlijiorik gabeko Europa hau ain dago ahul gaurko konkistatzaileen aurrean.

  • Normala da gutxiengoan dagoena “desberdin” senti(araz)tea, numerikoki ez bada ere. Erlijio-sinesmenekin bezala gertatzen da aukera politikoekin. Ez dut uste zuzenean lagunarte edo giza talde hurbiletan errespetu falta handirik dagoenik. Eta, baldin badira, bi aldetakoak dira (bere sinesmena justifikatzeko edo alien bat ez dela azaltzeko beharra izango du agian baten batek inoiz, baina umeak bataiatzeko guraso eta aiton-amonen txapak eta horrelako matrakak ere oso ohikoak dira, adibidez).

    Beste kontu bat da gizartearen debate orokorretan gertatzen dena. Eta pribatutasunaren eremua hausten denean gertatu ohi dira talka horiek. Talde konkretu baten esparrutik gizarte orokorrera edo esparru publikora hedatzen denean auziren bat. Baina saihestezinak dira debate edo tirabira horiek gizarte baten bizitzan (erlijioan bezala, politikan edo kirola bezalako txikikerietan ere). Tirabirak nola kudeatzen diren da gakoa.

    Eta erlijioak gizarte bati indarra ematen diola dioenarentzat: horrelako indarrak guztiz kaltegarriak eta suntsigarriak izan dira historian. Begiratu besterik ez dago. Salba nazazue erlijioek ematen duen indar itsutik.
    Klaro, agian Europa erlijioz “indartsuago” batean yihad santuaren aurka gurutzada santua egiteko ametsa izango luke baten batek. Nik nahiago dut, erlijio borroketan tematutako gizartea baino, esparru publikoaren laikotasuna irmo eta sendo defendatzen duen gizarte bat (esparru pribatuan, nahi duena egin dezala norberak, legala bada), eta nekez irabazitako askatasun eta esparru horien defentsa horretan urrats bat bera ere atzera ez egiten ez duen gizarte bat, ez katolikoen aurrean, ez musulmanen aurrean.

  • Gauz eberdinak dira sinismenak ta erlijioa, zertan sinisten dute jainkoan edo Elizan? Ta halare, zerbaitetan sinistea ez dizu eskubidea ematen edozer errateko, gutxiago besteak ixildu behar izatea gaizki omen dagoelako erraten dituzten ergelkeriak kritikatzea.
    Errateko askatasuna? Elizak nahi duena errateko askatasuna du, baita haren jarraitzaileak ere, nahiz ta erraten duten asko ta asko, beste guztiekik errespetu falta izan.
    Errespetu diktadura faxixta mordo babestu dituztenak? Beraien sinismenengatik milioiak hil dituztenean?

    Baina badirudi nik errespetatu behar ditudala edozer gauza bekatua dela erraten duten hoiek, infernura joango garela diotenean, apaizak egiten dituzten deklarazio arrazista, fatxa, pedofiliaren aldekoak ere errespetatu beharko dira…. den dena askatasunaren aldarrian.

    Beraiek nahi dutena sinisteko, ta besteak nahi duguna errespetatuko dugu.
    Hori bai, beraiek beraien etxean ta ez eskolan, beste erlijio guztiak bezala.

    PP bozkatzen duena niretzako edo fatxa, edo aberats edo babua da zuzenean, PP bozkatzen jarraitu dezake noski, baina errespetatu behar dut? Ez.
    Gutxiago Eliza.

    Gogoratu dit fatxak errepublikaren bortizkeria ta zilegitasun eza adierazteko, herritarrak elizaren aurka jo zutela erraten zutenean , milaka apaiz hilez.

    Ez ziran milaka apaiz izan, baina ez zituzten erahil apaizak zirelako, Espainian zeuden beste erlijioetako apaiz, elizak ta haien ondareei ez ziotelako ezer egin.

    Gauza da Elizak Primo de riveraren diktadura sostengatu zuela, mendeak zeramala beraien bizitzak kontrolatzen ta edozergatik jendea jasartzen zun.
    Gainera altxamenduren alde jarri ziren, jendea errepublikaren aurka burruka egin behar zuela zioen….
    Horrexegatik erasotuak izan ziren, ez Eliza kristaua zelako, Elizak mota guztietako errepresioaren parte zelako baizik.

    Errespetatu inoiz errespetatu ez zaituena ta inoiz errespetatuko ez zaituena?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude