Nola erakarri etorri berriak euskarara? Eta, euskaldunok, nola hurbildu etorri berrietara?

Nola erakarri etorri berriak euskarara? –

Udaltop, Udaletako Euskara Zerbitzuen Topaketa, maiatzaren 16an eta 17an egingo da Lasarte-Oriako Manuel Lekuona Kultur Etxean. Etorri berriak euskarara erakartzeko edota euskaldunok etorri berrietara hurbiltzeko oinarri teorikoak, ikerketak eta praktika onak biltzea izango da aurtengo xede nagusia. Aurreko edizioetan bezala, jardunaldia aurrez aurre edo online ikusteko aukera izango da.

Nola erakarri etorri berriak euskarara?

Nola erakarri etorri berriak euskarara? Eta, euskaldunok, nola hurbildu etorri berrietara? izenburupean, etorri berriak euskarara erakartzeko edota euskaldunok etorri berrietara hurbiltzeko oinarri teorikoak, ikerketak eta praktika onak bilduko ditu Udaletako Euskara Zerbitzuen Topaketak hamaseigarren edizioan. Gizarte eta hizkuntza politikak modu integratuan gauzatzeko bidean, etorri berrien harreran jarriko da fokua.

Egitarauak, ohikoa denez, oinarri teorikoak, ikerketak eta praktika onak jasoko ditu. Guztira, bederatzi hitzaldi jasotzen ditu, talde-lana eta bukaerako kultur emanaldia. Lehenengo hitzaldian Kataluniara begira jarriko dira partehartzaileak; Isidor Marí eta Maite Puigdevall soziolinguistek etorri berrien harreran dimentsio linguistikoa eta soziala nola uztartzen duten azalduko dute, printzipioak eta esperientziak uztartuz.

Gainontzeko interbentzioetan, berriz, Euskal Herriko errealitatera gerturatzea izango da helburua. Nabarmentzekoen artean, esate baterako, Mario Zapata soziologoak gutxiagotutako komunitate etnokulturalen ikuspuntutik egin duen hausnarketa, edota,  tokiko harrera-politikak diseinatzeko orientabideak eskainiko dira. Horrekin batera, lurralde ezberdinetako praktika onak ezagutzeko aukera izango da.

Gaiaren zeharkakotasuna kontuan hartuta, etorri berrien harreran eskuartzen duten eragileak erakartzeko ahalegina egin nahi da aurtengoan. “Bidea ez dugu bakarrik egin nahi, aukera paregabea iruditzen zaigu gizarte- eta hizkuntza-politikak elkarlanean jartzeko, eta, orain arteko gure publiko fidela ahaztu gabe, gizarte politiketako ordezkariak, teknikariak, bateko eta besteko elkarteak… gure artean ikusi nahiko genituzke”, luzatu dute gonbidapena.

Izen-ematea, zabalik

Maiatzaren 16an eta 17an egingo den topaketarako izen-ematea zabalik da, apirilaren 30era arte. Matrikulazioa www.udaltop.eus webgunean egin behar da eta iaz bezala, Udaltop aurrez aurre edo online jarraitzeko aukera izango da. Prezioa, berriz, aukeratutako formatuaren araberakoa izango da: aurrez aurre, 70 €, eta, online, 30 €.  Lehenengo aukerak osteguneko bazkaria, bi egunetako hamaiketakoa eta Udaltopen materiala barneratzen ditu. Online aukeratzen dutenek jardunaldia jarraitzeko lotura jasoko jardunaldia hasi baino aste bete lehenago.

Azkeneko edizioetan bezala, antolatzaile dira euskararen lurralde guztietako erakundeak: Euskal Hirigune Elkargoa; Eusko Jaurlaritza; Nafarroako Gobernua; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiak; eta Lasarte-Oriako Udala. EUDEL eta UEMA, berriz, laguntzaile izaten jarraituko dute.

Nola erakarri etorri berriak euskarara?

Zer duzu buruan “Nola erakarri etorri berriak euskarara? Eta, euskaldunok, nola hurbildu etorri berrietara?”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude