Nekazaritzatik bizi nahi dugu, X. Euspot lehiaketaren gaia

Nekazaritzatik bizi nahi dugu, aurtengo Euspot lehiaketaren aldarria –

Spotak animatu behar ditu gazteak familia-nekazaritzatik bizitzera. Helburua da gazteak eta batez ere emakumeak landa eremura gerturatzea.

2.800 euro banatuko dira saritan; guztira sei sari izango dira.

Parte-hartzeari dagokionez, 400 spot inguru jaso dira edizio guztietan.

Euskarazko spoten sorkuntza bultzatzeko sortu zen Euspot euskarazko spot lehiaketa. Aurtengoa, jada, 10. edizioa da eta landu beharreko gaia da “NEKAZARITZATIK BIZI NAHI DUGU!”.

Nekazaritzatik bizi nahi dugu, X. Euspot lehiaketaren gaiaHonako hauek dira babesle eta antolatzaileak:

  • HAZI
  • Aretxabaletako Udala
  • Arteman Komunikazioa
  • Mondragon Unibertsitatea
  • Arizmendi Ikastola
  • Bai euskarari
  • Music Library

Ondo errotutako lehiaketa da Euspot eta edizio guztietan 400 spot inguru jaso dira. Ez dago zalantzarik ikus-entzunezkoek pisu handia dutela gure egunerokoan eta horren ondorioz ikus-entzunezkoen formatuak interesa pizten duela gaur egungo gizartean, batez ere gazteen artean.

Horrez gain, ondo dator gogoratzea irudimena dela behar den gauza bakarra. Hortaz, lehiaketa irekia da eta edozeinek har dezake parte. Adin eta maila guztietarako sariak daude.

2020ko lehiaketa oso berezia izan zen, konfinamenduak eta alarma egoerak pare-parean hartu gintuelako. Baina, egoera oso berezia izan arren, izugarria izan zen jasotako lan kopuru handia.

.

Aurtengo gaia: “NEKAZARITZATIK BIZI NAHI DUGU!”

Aurtengo spotak gazteak animatu beharko ditu familia-nekazaritzatik bizitzera. Helburua gazteak eta horien artean batez ere emakumeak landa eremura gerturatzea izan behar da.

Spot baten bitartez herritarrak kontzientziatu nahi ditugu bertako familia nekazaritzak ingurumen eta gizarte jasangarritasunari ematen dion guztia balioan jartzeko eta lehen sektorea indartzeko.

Zer den familia-nekazaritza? Nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza ustiatzeko modu jasangarri eta orekatu bat.

Hauek dira familia nekazaritzaren gaur egungo erronkak:

  • Elikadura
  • Krisi klimatikoa
  • Lurraldearen antolaketa
  • Jasangarritasun ekonomikoa
  • Gizateriaren ongizatea.

Gazteek heldu behar diote ustiapen eredu jasangarri horri, beraien esku dago horren irautea, eta gizartearen esku ustiapen horietako elikagaiak kontsumitzea. Lurrak ematen diguna ustiatzetik bizi dira Euskal Herriko familia asko eta asko eta horiei zor diegu, lanpostu ugari sortzeaz gain, gure lurra eta paisaia zaintzea eta gure natura ingurunea hobetzea. Bizitzeko beste modu bat. Tokiko produktuak, kalitatezko produktuak. Km 0. Jasangarria.

30 segundu gehienez eta formatu librean

Lanen iraupena 30 segundokoa izan behar da gehienez. Aurtengo berrikuntza izango da formatu librean izango dela, hau da, spota edozein formatutan grabatu ahal izango dela: horizontalean ala bertikalean.

.

2.800 euro saritan

Sei sari banatuko dira.

Sari nagusiak:

  • Spotik onena (1.000 euro).
  • Publikoaren saria (500 euro).
  • Musika sinkronizazio onenaren saria (300 euro).
  • Gazteen saria (14-18 urte) (250 euro).

Sari gehigarriak:

  • Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onena (500 euro).
  • Arizmendiko ikasleen spotik onena (250 euro).

.

Lanak aurkezteko epea

Parte-hartzaileek maiatzaren 12ra bitartean izango dute aukera euren lanak egin eta aurkezteko. Aurten, sari banaketa ekitaldia maiatzaren 27an egingo da.

.

HAZIren babesletza

Aurten HAZIk parte hartuko du babesle gisa. HAZIren helburua da Euskadiko lehen sektorearen eta elikadura-sektorearen, landa-eremuaren eta itsasertzaren lehiakortasuna eta iraunkortasuna bultzatzea. HAZIk nahi du nekazaritzako elikagaien sektorean zerbitzurako tresna izatea, besteak beste landa-eremuaren eta itsasertzaren garapen iraunkorra, eremu horietako langileen profesionalizatzea eta produktuen kalitatean laguntzeko.

.

Sormenari buruzko online formazioa

Aurten ere antolakuntzak ikus-entzunezko publizitatearen gaineko online formazioa eskainiko du spot egileen harrobia indartzeko asmotan. Julen Urtxegik emango du formazioa, Euspot 2020ko irabazlea eta ikus-entzunezko sormenean aditua denak. Formazio saioen helburua izango da gazteei sormenaren eta publizitatearen inguruan izan dezaketen sena sustatzea eta lehiaketan parte hartzera animatzea.

.

Euspot.eus-ek 19.000 bisita

Nabarmentzekoa da euspot.eus webguneak urtero 19.000 bisita baino gehiago jasotzen dituela eta sare sozialetan 2.000 jarraitzailetik gora ditu Euspotek.

Parte-hartu nahi dutenek, lehiaketako briefinga eta oinarriak Euspoteko webgunean dituzte eskuragai. Eta www.euspot.eus/parte-hartu loturako galdetegia bete beharko dute lana aurkezterakoan. Informazio gehiago www.euspot.eus atarian lor daiteke. Irudimena eta sormena martxan jarri eta ikus-entzunezko teknikak hobetzeko aukera paregabea da Euspot.

Nekazaritzatik bizi nahi dugu, X. Euspot lehiaketaren gaia