Negarraldia

Negarraldia –

NegarraldiaUlertezina, Euskaraldia abiatutako egun berean, Urkullu EAEko lehendakaria “ahobizi” txapa soinean jarrita espainolez entzun behar izatea, non eta Legebiltzarrean.

Ahobizi izateko konpromisoa sinatu duenean baldintzak irakurri ez balitu lez… edo hitzartuak (emandako hitzak, finean) berdin balio bezala.

Kanpainaren onuradun nagusia (hizkuntzaz gain, baina horrela ez, eta ikusi beharko ondorengo balantzea zein 12. egunetik aurrerako eragina) bere alderdia izango ez balitz bezala.

Urte luzez hizkuntza arloan burua zuritzeko aukera lantzen (egosten eta erosten) ibili izan ez balira bezala.

Hilabete gutxi barru hauteskundeak ez balira bezala.

Legebiltzarrean, gehiengo abertzaleaz gain are gehiengo euskaldun nagusiagoz eta itzulpen zerbitzuz horniturik ez balitz bezala, aizue.

Galdera da: kanpainaren lehen egunean, paparrean konpromiso hartu berria erakutsiz eta EAEko Legebiltzarra bezalako markoan horrela jokatuta, zer espero dezakegu Urkullurengandik hizkuntzari dagokionean?

Inork hizkuntza portaeretan lidergoaren garrantzia aipatu ez balio bezala.

Harrigarria, Otegik Amets Arzalluzen elkarrizketa sonatuaren harira bere facebook kontuan: “…Zer pentsatua ematen duena…”. Inoiz inork hortaz ezer planteatu ez balio bezala, aizue.

Inoiz hortaz pentsatu ez balu bezala.

Berak bai, bere diskurtsoetan euskal(dun) komunitatea, euskara beraz, zentral edota nagusi izango balu bezala.

Independentzia aldarrikatzen duen mugimendu bat nagusiki metropoliaren hizkuntzan plazaratzea normala balitz bezala. Eta ez, irlandarren anomaliak ez du, zorionez, araurik sortzen.

Galdera da: hausnartu ondoren emaitza jakinaraziko zaigu, edo oraindik hobe, nabarituko ote dugu?

.

Osagarria

Podemosek EAEn: B2ra artekoa ez, EGAra arteko bidea izan behar dela doako. Ia bada, beharra baduzue eta.

Idoia Mendiak, ikastolan ibilitako erdaldunduak (euskara maila galdu duela “astirik gabe dabilelako” esateko azal gogorra duenak) aukera ederra du belarriprestak ugaltzeko sozialista espainiarzaleen artean. Horrela, euskaldunokin ahozabal badirela nabarmen utzi ondoren, eskuzabal ez bada ere, zein belarrizabal diren erakutsi ahal izango lukete.

Voxek Euskaraldiari baietz, “nahi duenak egin DEZALA” eta “inposaketarik gabe”, aizue, espainiartasunaz harago beraien hizkuntza egunero EH penintsularrean dozenaka aldiz inposatuko ez baligute bezala gutako bakoitzari. Nondik eta Guipúzcoatik mezua, inposaketarik gabe.

Nor falta da? A bai, baina ez dut kleenex nahikorik jadanik, sentitzen dut.

Belarrondoko bana.

Negarraldia

Zer duzu buruan “Negarraldia”-ri buruz