Nafarroako Merezimenduen Dekretuak euskara eta euskaldunak erabat mespretxatuko ditu

Nafarroako Merezimenduen Dekretuak euskara eta euskaldunak erabat mespretxatuko ditu – 

  • Gaur, Nafarroako eragile sozialetako eta osasungintzako ordezkariek, norbanako ezagunekin batera, agerraldia egin dute Merezimenduen Dekretuaren eduki kaltegarrienak salatzeko.
  • Dekretuak Nafarroako berezko hizkuntza eta milaka herritarren eguneroko hizkuntza den euskararen gainetik jartzen ditu alemana, frantsesa eta ingelesa.
  • Bereziki larria da jokabide hori Osasunbidean, milaka herritarri osasun arta behar dutenean ukatuko baitzaizkie hizkuntza-eskubideak, zaurgarrien daudenean zaurgarritasuna biderkatuz.
  • Nafarroako Gobernuari eskatu diote KORRIKAren bidez islatu den hizkuntzen berdintasunaren aldeko gehiengo horri kasu egin eta euskara eta euskaldunen komunitatea aintzat hartuko dituen politika publikoak egiteko.

2024ko martxoaren 21a

Ia bost urteko gorabeheren ondotik, datozen asteetan Nafarroako Gobernuak Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko eta bertako lanpostuak betetzeko merezimenduen balorazioa arautzeko Foru Dekretua onartuko du, Merezimenduen Dekretua izenez ere ezaguna. Arau honek Nafarroako ehunka lanpostutan euskararen ezagutza meritu gisa baloratua izatea ere debekatuko du. Gaur, Dekretu honen eduki kaltegarrienak salatzeko, Nafarroako 60tik gora eragile sozialetako ordezkarik, osasungintzako langilek eta pertsona ezagunek agerraldia egin dute Iruñeko San Frantzisko Eskola Publikoan. Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak, Irune Tubia Osasunbideko medikuak eta Oier Sanjurjo Osasunako futbolari ohiak irakurri dituzte, hurrenez hurren, ondorengo adierazpenak.

Idurre Eskisabel Larrañaga. Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia

«Euskalgintzaren Kontseiluak aspalditik bizi du kezkaz Nafarroako administrazioko lanpostuetan euskara jakiteari emango zaion garrantzia zehaztuko duen dekretua.

Aspaldiko kezka horren erakusgarri da duela 2 urte, hementxe Iruñean, “Herritarrak ez gutxietsi. Eskubideak guztiontzat” lelopean egindako manifestazio jendetsua. Izan ere, hizkuntza-berdintasunaren eta herritar guztien hizkuntza-eskubideen bermearen ikuspegitik, Nafarroako berezko hizkuntza den euskara ez ezik, egunero-egunero hizkuntza horretan bizi diren milaka nafar gutxiesten zituen garai hartan Gobernuak esku artean zuen dekretu zirriborroak.

Euskara merezimendu izatetik kanpo uzten zuen legearen arabera “eremu misto” izendatutako lanpostu gehienetan eta “eremu ez-euskaldun” osoan. Aitzitik, ingelesa, frantsesa eta alemana meritutzat hartzen zituen modu orokortuan. Beraz, Nafarroako berezko hizkuntza eta milaka herritarren eguneroko hizkuntza den euskararen gainetik jartzen zituen.

Ordutik, hainbat izan dira Nafarroako jendartean asmo horren aurka agertu diren iritzi eta ekimenak, Euskararen Nafar Kontseiluaren irizpena horren adibide.

Orain, euskara inola ere baloratu gabe eta hizkuntza-eskubideen bermeari bizkar emanda lanpostu ugari bete diren 2 urteren ostean, berriro ere Merezimenduen Dekretua onartzeko asmoa adierazi du Nafarroako Gobernuak, eta, zoritxarrez, kezka berritu eta larritu egin zaigu.

Arestian aipatu bezala, Nafarroako jendartearen multzo zabalaren borondate eta eskubideak bazter utzita, euskara eta euskaraz ardazten diren nafarrak mespretxatuko ditu dekretu honek azken zirriborroetan jasotzen den bezala onartzen bada. Izan ere, euskara ez da meritutzat hartuko eremu misto izendatuko lanpostu zerrenda luzean, alemana, frantsesa eta ingelesa aintzat hartuko diren bitartean.

Bereziki larria da jokabide hori Osasunbidean, milaka herritarri osasun arta behar dutenean ukatuko baitzaizkie beraien hizkuntza-eskubideak, zaurgarrien daudenean zaurgarritasuna biderkatuz. Azken batean, dekretu honek aurrera egiten badu Nafarroako Gobernuak bere betebeharretako bat egikaritzeari utziko dio: berezko hizkuntza den euskara babesteari. Okerrago, euskaraz ardazten diren milaka nafarren existentzia bera ukatuko du, neoliberalismo linguistiko hutsean amilduz, eta Nafarroako gizarte kohesioa galgatuz.

Egunotan, Korrikaren bidez, indar bereziz ikusi dugu Nafarroako jendartearen parte zabal bat dela euskararen eta hizkuntza-berdintasunaren alde paratzen dena. Hemen bildutakook hori aintzat hartzeko eskatzen diogu Nafarroako Gobernuari, eta, horrenbestez, dekretu hau alboratu eta bestelako bat onartzeko: euskara eta euskal hiztunen komunitatea gutxietsiko ez duen dekretu bat, hizkuntza-berdintasunerako eta hizkuntza-eskubideen bermerako gutxieneko zorua jarriko duena.»

Irune Tubia Barberia. Osasunbideko medikua

«Osasungintzako langile multzo zabal baten artean ere kezka piztu du argitaratzear den dekretuak. Izan ere, Nafarroako Kontseiluaren beraren azken irizpenaren arabera, Osasunbidean, adibidez, ingelesa, alemana edota frantsesa modu orokortuan eta lurralde osoan baloratuko dira, baina euskararen kasuan, merezimendu gisa ezartzeko oso ongi argudiatu eta lanpostuz lanpostu justifikatua behar du hizkuntza jakitearen garrantziak. Herritarren ongizate eta osasunari hain estu lotutako erakunde bat izanik, milaka nafarren eguneroko hizkuntza ezagutzea garrantzitsua ez ezik funtsezkoa ere ez balitz bezala.

Legeak ezarritako eremu misto deritzonaz ari garela, ezin dugu ahaztu Foru Komunitate osoko biztanleentzako diren zerbitzu zentralak ere hemen daudela kokatuak eta, hortaz, nafar guztiei eragiten dieten neurriak direla honakoak. Baina hortik harago, euskararen ezagutza Nafarroa osoan ez baloratzeak, hizkuntza-eskubideen aitortzari ez ezik, herritarren osasun eta segurtasunari egiten die kalte. Horren adibide, nafarren ongizatea bermatzeko ahaleginean kide ditugun suhiltzaileen hainbat deialditan ere euskara ezagutzea hutsaren hurrengo izanen dela. Tutera, Azkoien edo Nabaskozeko parkeetan, adibidez, atzerriko hizkuntzen ezagutza baloratuko da, euskararenak inongo baliorik izanen ez duen bitartean.

Euskararen egungo errealitate soziolinguistikoa aitzakia gisa jarrita, Nafarroako Gobernua hizkuntza-eskubideak ukatzen ari zaizkio nafar jendarteari. Eta beste edozein eskubiderekin onartuko ez genukeen bezalaxe, hizkuntza-eskubideak, eskubide diren heinean, ezin dira ehunekotan aitortu.

Nafarroako administrazio publikoa sistema orokor baten parte den heinean, sistema osoak beharko luke bertoko hizkuntzaz gain milaka nafarren eguneroko hizkuntza den euskaraz zerbitzuak eskaintzeko gaitua. Horrenbestez, hemen batutako osasungintzako langileok eta gaur hemen egoterik ez duten arren haien kezka adierazi diguten beste hainbatek, hizkuntza-berdintasunean eta hizkuntza-eskubideen errespetuan oinarritutako sistema publikoa indarrean jar dezala eskatzen diogu Nafarroako Gobernuari.»

Nafarroako Merezimenduen Dekretuak euskara eta euskaldunak erabat mespretxatuko ditu

Oier Sanjurjo Maté. Osasunako futbolari ohia

«Azken egunotan pozak hartuta ibili gara Nafarroako euskaldun eta euskaltzaleok. Korrikan parte hartu duen jende oldearen bidez berriro ere ikusi dugu –geure gorputzetan sentitu dugu– nafarren gehiengoak bat egiten duela euskarak eta euskaldunon komunitateak behar duen arnasarekin. Milaka lagunek elkarrekin sortutako taupadak indartu egin gaitu.

Baina behartsuaren etxean pozak labur… Halaxe gu ere. Halaxe gertatzen zaigu behin eta berriro Nafarroako euskaldun eta euskaltzaleoi. Orokorrean, hizkuntza-berdintasunean eta justizia sozialean sinesten dugun guztioi. Izan ere, egunotan jakin dugu administrazio publikoan euskararen estatusa arautzeko Nafarroako Gobernuak onartzeko asmoa duen dekretuak berriro ere gutxietsi egingo duela euskara. Mespretxatu egingo gaituela euskaldunok eta euskaltzaleok.

Dekretu horrek ingelesa, frantsesa eta alemana modu orokortuan meritu gisa baloratzen segituko du eta, aldiz, eragozpen ugari jartzen ditu euskara hala hartua izan dadin. Beste era batera esanda: ingelesa, frantsesa eta alemana euskararen aurretik jartzen ditu, Nafarroako berezko hizkuntza ez ezik, milaka nafarrek eguneroko hizkuntza dugunaren gainetik. Finean, dekretu honek bizkarra ematen die egunerokoan euskaraz bizi diren milaka nafarrei, existituko ez balira bezala jokatzen du. Gizarte kohesioan aurrera egiteko traba da.

Baina oraindik garaiz gaude. Eta horregatik, bestelako bide bat hartzeko eskatzen diogu Nafarroako Gobernuari. Hain justu, Korrikaren bidez islatu den hizkuntzen berdintasunaren aldeko gehiengo horri kasu egiteko, eta, ondorioz, euskara eta euskaldunen komunitatea aintzat hartuko dituen politika publikoak egiteko; nafar guztien eskubideak bermatuko dituen dekretu bat osatzeko.»

 

AGERRALDIRA BERTARATUTAKOEN ZERRENDA

NORBANAKOAK

  • Oier Sanjurjo (Osasunako jokalari eta kapitain ohia).
  • Iñigo Aranbarri (aktorea).
  • Ane Eslava (kazetaria eta editorea).
  • Nerea Urbizu (musikaria).
  • Elena Uriz (aktorea).
  • Nerea Erbiti (musikaria).

OSASUNGINTZA

  • Irune Tubia (Osasunbideko medikua).
  • María Luisa Barandiaran (mediku jubilatua).
  • Mariaje Esain (mediku jubilatua).
  • Josune Iriarte (NUPeko erizaintza ikaslea).
  • Andrea Juandeaburre (NUPeko erizaintza ikaslea).
  • Haizea Imaz (NUPeko erizaintza ikaslea).
  • Maialen Erro (NUPeko erizaintza ikaslea).
  • Miren Pascual (Osasunbideko erizaina).
  • Miren Markinez (Osasunbideko erizaina).
  • Ainhoa Jauregi (Osasunbideko erizaina).
  • Esther Compains (Osasunbideko medikua).
  • Maider Valencia (Osasunbideko medikua).
  • Lorea Imirizaldu (Osasunbideko medikua).
  • Mikel Urra (Osasunbideko medikua).
  • Garbiñe Elizegi (Osasunbideko erizaina).

ERAGILEEN ORDEZKARIAK

  • ELA sindikatua
  • LAB sindikatua
  • STEILAS sindikatua
  • ESK sindikatua
  • Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofiziala
  • NIZE – Nafarroako D ereduko Ikastetxe Publikoen zuzendarien elkartea
  • NIE – Nafarroako Ikastolen Elkartea
  • AEK
  • IKA
  • EMUN
  • Euskalerria Irratia
  • Nafar Ateneoa
  • Euskaltzaleen Topagunea
  • Euskal Herrian Euskaraz
  • Duguna Dantza taldea
  • UEU – Udako Euskal Unibertsitatea
  • Hizkuntza Eskubideen Behatokia
  • Dindaia
  • Errigora
  • Sortzen
  • SF78 Gogoan
  • Administrazioan Euskara Taldea
  • Tuteran Jai! Gazte Mugimendua
  • Haize Hegoa Elkartea
  • Agerraldia
  • Ernai Nafarroa
  • Nafarroako Neska* Gazteak
  • NUP Euskaraz
  • Gazte Euskaltzaleen Sarea
  • Ene Kantak

Merezimenduen Dekretuak euskara eta euskaldunak erabat mespretxatuko ditu

Nafarroako Merezimenduen Dekretuak euskara eta euskaldunak erabat mespretxatuko ditu

Euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeen eta eragileen bilgunea da Euskalgintzaren Kontseilua. 30 talde baino gehiagok osatzen dute, eta, batasunaren indarraz baliatuz, euskararen normalizazioa azkartzeko hizkuntza-politiketan eragitea du xede. Kontseilua sinetsita baitago euskara dela gizarte kohesionatu, justu, demokratiko eta berdinzaleago bat eraikitzeko tresna. Helburu hori jomuga hartuta ari da lanean 1998. urteaz geroztik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude