Nafarroa Oinez hamaika modutara bizitzeko egitaraua
Nafarroa Oinez hamaika modutara bizitzeko egitaraua –
2023 – Urriak 8 – Etxarri Aranatz
Nafarroa Oinez hamaika modutara bizitzeko egitaraua prestatu du Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolak
Ibilbideak ia 3 kilometroko luzera eta hiru gune izango ditu, hirurak Etxarri Aranatzen kokatuta. Jarduera, paisaia eta eguraldiarekin gozatzeko aukera emateaz gain, euskararen aldeko aldarrikapenak egiteko beta eskainiko du Nafarroa Oinezen festak.
Ilusio handiz osatu du Etxarri Aranazko Ikastolak aurtengo Nafarroa Oinezen egitaraua. Nafarroa Oinez hamaika modutara bizitzeko aukera emango du. “Denontzat gozagarri izango diren jarduera andana prestatu dugu; adin guztietako jendearentzat espazio eta jarduerak biltzen dituen programa zabala eskaini nahi izan dugu, Nafarroa Oinez bizitzeko milaka modu daudela ondo baitakigu”, nabarmendu du Maider Ansa Jarduera Batzordeko arduradunak.
Egun handia igandea bada ere, jarduerak larunbatean hasiko dira, asteburu eder bat pasatzeko aukera emanez.
Txikientzako programazioa bereziki zaindu da. Jolas-gune ugari izango dituzte: puzgarriak, jolas libre eta sinbolikorako guneak, aurpegi-margoketarako espazioa, bizikleta zirkuitua… Ibilbide osoan zehar, erraldoiak, ipuin kontalariak eta pailazoak izango dira. Gainera, Utzubar Txiki gunean, ‘Haurren hiria’ eratuko da: birziklatutako osagaiekin egindako txoko honetan, haurrek, libreki, material ezberdinekin esperimentatzeko aukera izango dute.
Hiru gune, egitarau erakargarria
Ibilbidea Etxarri Aranatzen kokatuta dago, ia 3 kilometroko luzera du eta hiru gunetan banatuta egongo da: Utzubar Txiki, Arluzepe eta Batzeta.
Hiru guneetan, aukera biziki interesgarriak prestatu ditu Andra Mari Ikastolak adin nagusiko jendearentzat. Besteak beste, Trikiteens, Nafarroa 1512, Gozategi, Alerta Gorria, Trikidantz, Alarma Morea, DJ Bull eta The Potes. Gainera, aurtengo Oinezen abestiaren musikagile Joseba Tapia zuzenean ikusi eta entzuteko parada izango da.
Zuzeneko musikarekin gozatzeaz gain, Nafarroa Oinezera datozen gazte guztiek Erronka jarraitu ahal izango dute. Erronka, euskara eta ohitura osasuntsuak sustatzeko asmoz, Nafarroako 11 ikastolatako ehundik gora ikaslerentzat prestatuko jolas erraldoia da. Erronkalariek, gunez-gune, hainbat kirol ekintza, oztopo, trebetasun-proba… gainditu beharko dituzte. Aparteko probak diseinatu dira: ‘Maiatza’, ur ekintzak ibaian, jolas kooperatiboak…
Oinez Basoa eta ingurumena
Aipatutako jarduerez gain, festaren ardatzetako bat ingurumenarekiko eta iraunkortasunarekiko konpromisoa izango da. 2009ko Nafarroa Oinezen sortu genuen lehen Oinez Basoa, Arbizun, eta erabat osasuntsu jarraitzen du”, adierazi du Iñigo Orella Andra Mari Ikastolako zuzendariak. Aurten, Andra Mari Ikastolak eta Arbizuko Udalak hitzarmena sinatu dute Oinez Basoa indartzeko.
Aurtengo Oinezen proposamen berri bat diseinatu da, plastikoaren kontsumoa gutxitzeko asmoarekin. Txosnetako barran ura erosteko aukera egongo den arren, ibilbidean eta gune guztietan iturriak jarriko dira. Festa iraunkor bat izan dadin, Andra Mari Ikastolak dei egin du norberak bere edalontzia eramateko. Hala ere, norbaitek edalontzia guneetako batean erosi beharko balu, jakin beza bildutako dirua Oinez Basorako baliatuko dela.
Garraio jarraibideak
Etxarri Aranatzera iristeko moduari dagokionez, ahal den neurrian garraio publikoa erabiltzera animatu du Andra Mari Ikastolak. Trena aukera ona da. Etxarriko tren geltokitik Nafarroa Oinezen ibilbidera 200 metro baino ez daude. Gainera, Renfek ordutegi berezia eskainiko du igandean. Gure webgunean edo sareetan kontsultatu daitezke ordutegiak.
Autobusez datozenentzat ere, aparkaleku bereziak egongo dira Zumurdiñeta industria eremuan, bigarren eta hirugarren guneen artean. Hauek ere, Oinezeko zirkuitutik 200 metrora. Herrira kotxez etorriko diren horientzat guztientzat ere, gauzak errazten saiatu gara, edozein norabidetatik datozen ibilgailuentzat sarrerak eskainiz, eta aparkalekuak 3 guneetatik gertu jarriz. Honi buruzko informazioa, aplikazioan, webgunean eta sare sozialetan aurki daiteke.
Autokarabanek aparkatzeko gune propioa izango dute, herriko erdigunetik oso gertu, asteburu osoan egongo diren jarduerekin modu ezin hobean gozatu ahal izateko. Mugikortasun murriztua duten pertsonek, noski, aparkalekua zirkuituaren alboan izango dute.
Euskararen erabilera sustatu eta ofizialtasuna aldarrikatu
Nafarroa Oinezen festa gozatzeko eguna izateaz gain, aldarrikapenak zabaltzeko eguna izango dela gogoratu du Iñigo Orella ikastolako zuzendariak. Euskarari bultzada emateko eguna izango da. Baita oinarrizko aldarrikapen bati oihartzuna emateko: euskararen ofizialtasuna Nafarroa osoan zabaldu behar da, euskaldun guztien hizkuntz-eskubideak lurralde osoan errespeta daitezen.
“Ikastolen izaera publikoa aldarrikatzearekin batera, gure kalitatezko hezkuntza-proiektu eraldatzailea plazaratu nahi dugu Oinez festan ere, aniztasunari eta inklusibitateari garrantzi berezia emanez”, gehitu du Iñigo Orellak. “Izan ere, gure helburu nagusietako bat ikasle mota guztiei heziketarik hoberena eskaintzea da, behar mota guztiei erantzunez. Horregatik, igandeko festan eginkizun hori betetzeko dugun baliabide falta agerian utzi nahi dugu”.
Informazioa eta laguntza
Nafarroa Oinezen egunari buruzko informazioa eskuratzeko www.nafarroaoinez.eus webgunera jo daiteke. Baina, horrez gain, aplikazio berri bat sortu da informazioa eskurago izateko. Festarekin lotutako jakin-beharrekoak jakinarazpen bidez bidaliko dira. oinez23.koiote.es helbidean eskuratu ahal da, iOS eta Android gailuetan.
Beti bezala, ibilbidean osasun puntuak, puntu morea, edoskitze guneak eta informazio puntuak egonen dira. Familiei seme-alaben besaurrean kontakturako telefono bat idaztea gomendatzen zaie.
Azkenik, festa etorri ezinik eta Nafarroa Oinez lagundu nahi izanez gero, dohaintzak egiteko bide ezberdinak daude:
- Bizum bidez, Nafarroa Oinez Fundazioa edo 03259 lokalizatzailea erabiliz.
- Laboral Kutxako ES33 3035 0116 9111 6002 4109 kontu zenbakia erabiliz.
- Nafarroako Rural Kutxako ES16 3008 0093 6347 5831 7525 kontu zenbakia erabiliz.
Esker ona
Nafarroa Oinez ez da egun soil bateko kontua. Urte osoan, hamalau batzordetan antolatutako ehunka lagunen lan zintzoak sortutako kate luzea da. Jasotako laguntza guztiagatik esker ona adierazi du Andra Mari Ikastolak. Halaber, urriaren 8an, lanean ibiliko diren guztiei ere eskertu die ahalegina. Igandean, denok Etxarrira! “Hotsein!” Nafarroa euskaldun baten alde!
* 1969: Andra Mari Ikastolaren sorrera, 12 ikaslerekin.
* 1989: Andra Mari ikastolaren lehen Nafarroa Oinez festa, Nafarroa euskaldun lelopean.
* 1994: Andra Mari Ikastolaren 25. urteurrena.
* 1995: Andra Mari eta Iñigo Aritza ikastolek Sakana ikastola sortu zuten, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ezarri ahal izateko. Lerro bana ezarri zen ikastola bakoitzean.
* 1996: bigarren Nafarroa Oinez, Herrikolore lelopean.
* 1998-1999: DBHko lehen promozioa atera zen ikastolatik.
* 2009: hirugarren Nafarroa Oinez, Txikiak handi lelopean.
* 2015: Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako eraikin berria estreinatu genuen.
* 2019: Andra Mari Ikastolak berrogeita hamar urte bete zituen.
* 2023: laugarren Nafarroa Oinez antolatu eta ospatuko dugu hotsein! lelopean.
Nafarroa osoan bai! izena du aurtengo Nafarroa Oinez-en abestiak