[Euskararen (pro)bokazioa] Munduko egunak eta egun mundialak

[Euskararen (pro)bokazioa] Munduko egunak eta egun mundialak

[Euskararen (pro)bokazioa] Munduko egunak eta egun mundialak

Euskararen erabileraren inguruko atala da Euskararen (pro)bokazioa. Helburua, gaur egun batez ere ahozko ereduaren kasu zehatzak aztertzea da.

.

NAZIOARTEKO EGUNAK, MUNDUKO EGUNAK ETA EGUN MUNDIALAK

.

/Nazioarteko/

Prentsan topatua:

» Ospatu gurekin Nazioarteko Museoen Eguna

Aste honetan, hilaren 18an, Museoen Eguna izango da. Beraz, nola eman euskaraz?

» Día Internacional de los Museos / Journée internationale des musées

Nazioarteko eguna, nazioarteko museoak… Goiko esaldia irakurrita, denok dakigu nazioartekoa eguna dela, baina bat-batean museoa bihurtu dugu nazioarteko. Hala, badirudi nazioarteko museoek egun bat dutela eta herri txikitakoek, adibidez, beste egun bat. Baina ez da hori esanahia, egun horretan museo guztiek egingo baitute ospakizuna. Beraz, egokia:

Museoen nazioarteko eguna.

.

/Munduko, mundiala/

Munduko egunak eta egun mundialakGaraiotan urteko egun guztiak lotuta daude funtzio bat, aldarrikapen bat, eskaera bat, gaitz baten aurkako kanpaina bat egiteko helburuarekin. Egun horietako batzuk mundu mailakoak dira eta, zer arrazoigatik den zehazterik ez dagoela, beste batzuek nazioarte mailako dimentsioa dute. Itxuraz alderik ez dute, bi eratara erabiltzen baitira. Seguruenik, beti erabili izan da “nazioarteko”, baina egun bakoitzari bere izena erabiltzen hasi ginenetik pasatu ziren “munduko” izatera. Nola eman, ordea, goiburu edo titular batean, hitz horiek?

Nola esan beharko genuke:

» Ekainaren 28an ospatzen da Arbolaren Munduko Eguna.

Arbolaren Munduko Eguna eta Arbolaren egun mundiala gauza bera al dira?

Munduko eguna erabiltzen dugu euskaraz, eta mundiala argot moduan erabiltzen dugu, zer edo zer bikaina dela esateko. Hala:

Arbolaren munduko eguna.

Mundial pasatu genuen atzo parte zaharrean.

Baina ez:

Arbolaren egun mundiala izan zen atzo.

Munduko arbolaren eguna izan zen atzo.

.

Prentsan eta sarean topatutako beste adibide batzuk. Ondo emanda al daude?

» Bilbok Nazioarteko Su Artifizialen Lehiaketaren XXVI. edizioa hartuko du Aste Nagusian.

» Uraren Munduko Eguna aldarrikapen eguna izaten da guretzat.

» Basogintzaren Egun Mundialean egin zuten aldarrikapena. 

» Bihar Down Sindromearen Egun Mundiala ospatzen da

» 1961. urtetik urtero bezala aurten ere martxoaren 27an Antzerkiaren Egun Mundiala ospatuko da.

» Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 3an izaten da.

» Osasunaren Nazioarteko Eguna biztanleria osasunari lotutako gaien inguruan sentsibilizatzeko eta mundu osoan osasun handiagoa eta hobea lortzea ahalbidetuko duten ekimenak sortzeko sortu zen.

» Munduko Ozeano Eguna musikarekin ospatuko dute Donostiako Aquariumak eta Orfeoiak.

Beheko goiburua asko gustatu zaigu. Zuri?

» Euskararen Nazioarteko Eguna, euskarari eskainitako egun mundiala!