Mundua bere doinuez menperatuko duen hurrengo taldea
Mundua bere doinuez menperatuko duen hurrengo taldea –
Amorratzen nau ikusteak kide euskaldunez osaturiko gero eta talde edo musikari gehiagok erdararen bat erabiltzen dutela kantuei hitzak jartzerako orduan. Eta ez naiz taldeak eurak kritikatzen ari, hautu hori egitera eraman dituen egoera baizik.
Gogoan dut duela urte batzuk (eta orain ere badaude kasuak) kontrakoa gertatzen zela: euskara gehiegi menperatzen ez zutenek ere, ahalegina egiten zutela musika hizkuntza horretan emateko. Adibideak asko dira, eta jarri naiz pentsatzen zerk erakarrita jotzen den kasu horietan euskarara: konbikzioz? kultur-militantziagatik? erakargarri zaien eszena batean integratzeko nahiak bultzatuta agian. Arrazoi horien guztien nahasketagatik segur aski.
Orain berriz, iruditzen zait Euskal Herrian sortzen diren musika talde berriek ez dutela hizkuntza hautua horren argi, askok beste eszena batean nahi dutela integratuta sentitu. Agian izango da euskara estilo eta ibilbide jakin batzuekin lotzen dela orokorrean, eta transgresioa hain da nekeza.
Dena den, berriz diot, nik fokua ez dut musikariongan jarri nahi, ezpada sakoneko arrazoian. Izan ere, modernismoari eta sasi-kosmopolitismoari jarraiki, Basque Culinary Center, San Sebastian Film Festival edo Bilbao Exhibition Center gisako izenak jartzen ditugun garaiotan, nola sinetsarazi euren lehenengo kantuei hitza jartzear dauden horiei mundua bere doinuez menperatuko duen hurrengo taldeak euskaraz egin dezakeela?