[Zine Kritika] El Silencio de Otros

[Zine Kritika] El Silencio de Otros –

Gaur, azaroaren 20a, Franco diktadorearen heriotzaren urtemuga, egun aproposa iruditu zait El Silencio de Otros film estreinatu berriaz idazteko.

Ez dakit patua izan den edo zinema aretoetako programatzaileek nahita egin duten baina pasa den ostiralean estreinatu zuten komertzialki Franco-ren erregimenean eragindako injustizia ezagunak aztertzen eta salatzen dituen dokumental bikaina.

[Zine Kritika] El Silencio de Otros

Nazioarteko estreinaldia aurtengo Berlinalen egin zuen filmak, eta bertako publikoak, hunkituta, txalo zaparradez jaso zuen. Berlinen 2 sari jaso zituen eta ordutik, eta Pedro Almodovar zuzendari espainiar ezagunaren babespean, sariak jasotzen jarraitu du nazioarteko zinemaldi ugarietan ibili ondoren.

[Zine Kritika] El Silencio de Otros

Dokumentalak 3 istorio nagusi jarraitzen ditu, hirurak “Argentinako kereila” ezagunaren barnean dauden Francoren krimenak: haur lapurtuen kasua, frankismoan hasi eta denboran jarraitu duten espainiar poliziak eragindako torturen kasuak eta Gerra Zibilean erail zituztenen hobi komunen kasuak.

Istorio hauetako protagonistek gauza bat dute amankomunean: denek eskatzen dute urteetan ukatu zaien justizia eta erreparazioa.

Bikainki egituratutako film honetan, Almudena Carracedo eta Robert Bahar zuzendariek 1977ko Amnistia Legeak legeztatu zuen “Ahazte Ituna”-ren eragin lazgarriak salatzen dituzte filmean parte hartzen duten pertsonai hunkigarrien bidez.

86 urtetako Maria Martín bere alabarekin Toledoko errepide baten ertzean inprobisatutako aldare batean loreak ipintzen ikusten dugu, bere amaren gorpu biluzia frankistek non bota zuten seinalatuz. Bizitza osoa pasa du erakundeei makina bat eskutitz bidaltzen, bere amaren hezurrak lurpetik ateratzeko eskatuz. Inork ez dio sekula erantzun. Maria filma bukatu aurretik hil zen eta orain bere alabak jarraitzen du bere borrokarekin.

[Zine Kritika] El Silencio de OtrosJose Maria Galante, “Chato”-k bere gazte garaiak gogoratzen ditu, 70 hamarkadan ikasleen mugimenduan barneratu zen, Francoren aurkako manifestazio eta ekintzetan parte hartuz.

[Zine Kritika] El Silencio de Otros

Atxilotua eta torturatua izan zen, eta gaur egun bizi den kale berberean, inpunitate osoz, bizi da “Billy El Niño” bere torturatzailea. Malkoak ateratzen zaizkio “Argentinako Kereilan” parte hartzen duten beste askoren aurrean bere torturak deskribatzen dituenean eta amorruagatik bakarrik, eta ez bere uste politikoengatik, egin zuela aurrera aitortzen du.

Baina zalantzarik gabe momenturik hunkigarriena 91 urtetako Ascensión Mendiolak bere aitaren hezurrak lurpetik ateratzeko baimena lortu duela jakinarazten diotenean da. Filmaren zuzendariek momentu hau eta hobi komunetik hezurrak ateratzen dituzten momentua jasotzen dute. Ez dut uste zinema aretoan negar egin gabe inor gerat zenik.

Eta hortxe nire amona Pilar etorri zitzaidan burua, bere aita Miguel Gerra Zibilean erail zuten eta hezurrak non zeuden eta zer gertatu zitzaion jakin gabe hil zen amona. Zorionez, aurten argitu zaigu misterio hau eta Paco Etxeberria antropologoak eman zizkigun nire birraitonaren hezurrak, Burgoseko hobi komun batean aurkitu ondoren. Bera nola erail zuten eta bestelako xehetasunak jasotzeko gai izan gara eta honek familiari izugarrizko mesedea egin dio.

Urtetan gure familian isilpean egon den istorio honi amaiera eman, elkarren artean hitz egin eta birraitona Miguel ezagutzeko aukera eman digu. Esperientzia guztia sendabide bat izan da familiarentzat.

Eta film hau ere sendabide izan daiteke askorentzat, hainbeste familiatan isilpean dauden istorioak desestaltzeko gonbita izan daitekeelako. Lurperatuta egon diren istorioei ikusgarritasuna emango dielako.

AIPAGARRIA: Filma ikusteko asmoa baduzu, eraman Kleenex-ak.

IZARRAK: 4 ½

TRAILERRA:

[Zine Kritika] El Silencio de Otros
Almodovar, film dokumentala, Franco, Gerra Zibila
Izaskun Arandia

Zinegilea izarfilms.com hemen.me tinkoeuskara.eus

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude