Mugimendu euskaltzalea eta Nafarroako aldaketa

Mugimendu euskaltzalea eta Nafarroako aldaketa

Mugimendu euskaltzalea eta Nafarroako aldaketa

(Irudia, Euskalerria Irratiaren webgunetik hartua)

Burutazio batzuk…

“Euskaran, aldatzeke” zioen martxoaren 28ko Berriak azalean. Egia esan, aldaketa iritsi iritsi da euskararen arloan ere: D ereduaren aukera Nafarroa osora zabaldu da, garraiorako diru-laguntzak emanen dira “eremu ez-euskaldunean” D ereduan ikasteko, Iruñerrian ETB 1 eta ETB3 ikus daitezke (baina oraindik ez Nafarroa osoan), lehendakaria eta Iruñeko alkatea euskaldunak dira, Iruñeko Civivoxetan (kultur etxeetan) helduentzako euskarazko ikastaroak sartu dira lehen aldiz (gero betetzen ez direnak), Iruñean bi haur eskola gehiago daude euskaraz, Gobernuak irudi elebiduna du, etab.

Euskaran aldaketa ez dela nahi adinakoa izan? Ez, ezta gainerako arloetan ere.

Euskaltzale batzuen ametsa: euskara, nahitaezkoa

Esanen nuke euskaltzale aktiboenen ametsa dela Nafarroan euskara nahitaezkoa izatea. Eta ametsa diot, gaur egun hori fantasia delako, guztiz ezinezkoa.

Eta helmuga hori bada, agintari berriek egiten duten guztia gutxiegi irudituko zaie. Guztiz zilegi da, baina horrek panorama bitxia ekarri du:

Alde batean, jo eta ke, Diario de Navarra, UPN, PPN, PSN, CCOO, APS, UGT, AFAPNA, ANPE, CSIF, askotan Izquierda-Ezkerra, eta Ahal Dugu duda-mudatan. Beste aldean… bada norbait?

Euskararen arloan agintari berriek euskararen alde ematen duten pauso bakoitzean, euskarafobikoak oldartzen zaizkie. Eta beste aldean, agintariek ez dute babesik izaten, gutxiegi egiten dutelakoan. Salbuespen bakarra Iruñeko euskarazko 2 haur eskola berriak izan dira. Horretan bai, lehenbiziko egunetik ospakizunak eta babes etengabea izan dira, lehenik erabakiaren alde, eta gero euskarazko matrikula bultzatzeko (nahiz eta euskaltzaleek salatu euskarazko haur eskola gutxiegi direla, nolanahi ere). Noticias de Navarra egunkariak ere nabarmen egin du euskarazko 2 haur eskola berrien alde. Segur aski horrek denak emaitza praktiko onak ekarriko ditu.

“Ez daitezela kontratatu euskaraz ez dakiten irakaslerik” eta “Bi hizkuntzak jakitea nahitaezkoa da irakasle izateko”

Beste arlo batzuetan, berriz, ez dirudi emaitza onak izanen direnik. Esaterako, iduri du Hezkuntzan zerrenda bakarrik ez dela izanen. Mendoza kontseilariak Argian dioenez, hori Izquierda-Ezkerraren meritua izan zen, mehatxatu zuelako zerrenda bakarraren kontrako legea egitearekin, UPN, PPN eta PSNrekin batean. Eta Izquierda-Ezkerrari politikoki dohainik atera zaio, nahiz eta bazterketa nabarmen baten alde egin. Horren aurrean, Kontseiluak, batetik, zerrenda bakarraren alde egin zuen, baina bestetik esan zuen “lan eskaintza publikoak ez duela biderik eman behar euskara ezagutzen ez duten profesionalak kontratatzeko”. Beste alde batetik, LAB izan da zerrenda bakarraren alde lan handien egin duenetako bat, eta adierazi du elebidunak bi hizkuntzatan eman ditzakeela eskolak, baina, bestalde, tarteka oroitarazi du bi hizkuntzak jakitea derrigorrezkoa dela irakaskuntzan aritzeko Galizian, EAEn eta Herrialde Katalanetan. Iradokizun argia.

Kontraesana da zerrenda bakarraren alde egotea eta esatea “Ez daitezela kontratatu euskaraz ez dakiten irakaslerik”. Izan ere, Nafarroan, horixe da zerrenda bakarraren afera: zerrenda bakarrean bil daitezela elebidunak eta elebakarrak.

Eta, horretaz gain, CCOOk eta gainerako euskarafobikoek zer gehiago nahi dute, euskaltzaleek holako mezuak ematea baino? Mezu horixe zabaldu nahi dute euskarafobikoek: euskaltzaleek euskara inposatu nahi dute, eta lanik gabe geldituko zara euskaraz ez jakiteagatik.

Noticias de Navarra egunkariak ez du zerrenda bakarraren alde egin.

Zein izanen da emaitza praktikoa? Irakasle elebakarrak kontratatuko dira, jakina!, zerrenda bakarrik ez da izanen, eta oraindik ikusteko dago ea pertsona batek bi zerrendetan egoteko aukerarik izanen duen. Sindikatu abertzale espainiarrek mobilizaturik segitzen dute.

UPNren asmoak: mobilizazio etengabea

UPNk bere asmoak erakutsi ditu: jendartea konbentzitzea eta mobilizaziora bultzatzea. Euskalgintzari, berriz, irudi du iritzi publikoa ez zaiola asko inporta, esanen nuke hau dela jarrera: “agintariek bazekiten kontrako erreakzioak izanen zirela, ez dago parekoak konbentzitzerik, beraz, egin dezatela irmoki euskararen alde, protesta guztien gainetik”. Baina iritzi publikoa gureganatu gabe, oso erraza aterako zaio UPNri, hemendik lau urtera, orain hartutako neurri guztietan atzera egitea. Eta egia esan, bitartean, agintariak, ez Gobernua ez Iruñeko Udala, ez dira ausartuko pauso txikiak ere ematera.

Euskaltzaleen dilema aldaketaren aurrean: agintariei egurra ematea, edo, haur eskolen aferan bezala, babes kritikoa ematea.

Gaiarekin lotutako beste artikulu batzuk:

Hibernazioa. Aingeru Epaltza

(Artikulu hau Epaltzarekin hitz egin ondoren idatzi nuen, bistan gelditu da)

Nafar agintariak, bide irristakorrean aitzina. Fermin Erbiti

Haur eskolen datuei so. Gaizka Aranguren

Mugimendu euskaltzalea eta Nafarroako aldaketa / Mugimendu euskaltzalea eta Nafarroako aldaketa
Nola zaude?

3 pentsamendu “Mugimendu euskaltzalea eta Nafarroako aldaketa”-ri buruz

  • Guk dugu boterea kaleetan, kataluinan bezela gure hizkuntzan egitea besterik ez dugu, aaaa aaa bano “hori edukazio txarrekoa da”. Ba jai dugu.

  • Ez dut kontraesanik ikusten zerrenda bakarrarenean ta irakaslea izateko derrigor euskara ikasi behar izatea.
    Zerrenda bakarrarena gutxienekoa da, gaur egun EAEn ere ez bait da derrigor euskara jakiterik.
    Halare zerrenda bakarrean egonda, gazteleradun elebakar askok ikusiko zuketen euskara beharko zutela lana izateko, euskaldunek gazteleraz egiten dutenez ere, gaztelerazko postuak erdietsiko zituzten.

    Baina jada diot, hori pausu bat besterik izan beharko zala nire aburuz.

  • Nafarroako euskaldunok helburua argi izan behar dugu, Napartheid-arekin amaitzea, baina horretarako ezinbestekoa da berriz hauteskundeak irabaztea.
    Hori ez bada gertatzen, akabo! Berriz UPN eta euskaldunok baztetuak eta azpiratuak geure herrian