Mintzapraktika egitasmoak martxan
AEK-k abian jarri ditu mintzapraktika programak Lotsarik gabe, praktikatu gurekin lelopean. Azken urteotan bezala, egitasmoetako partaideek jarri diote aurpegia kanpainari. Lagun hauek erakutsi digute euskaraz mintzatzeko lotsa galdu behar dela, haiek egin duten bezala, hizkuntza gaitasuna areagotzeko eta euskal hiztunon komunitate hurbila handitzeko.
![Mintzapraktika egitasmoak](https://zuzeu.eus/wp-content/uploads/2015/09/Aurkezpena-sarerako-738x533.jpg)
Bestalde, asmoa azaldu dute GURASOlagun programari ere beste bultzada bat emateko, familietan eragitekotan. Gainera, aurten, berrikuntza moduan, GAZTElagun abiatuko da hainbat herritan, gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko.
Mintzapraktika egitasmo berriok herriz herri aurkeztuko dira datozen asteotan. Atzo, Durangaldeko berbalagunek hasiera eman zioten ikasturte berriari, eta horretarako bideo txiki hau eskaini digute.
2015-16 ikasturtean parte hartu nahi baduzu Euskal Herrian osatuko diren mintzapraktika programetako baten batean (BERBAlagun, MINTZAlagun, MINTZAkide, GURASOlagun… 100etik gora), jada eman dezakezu izena. Horretarako, euskaltegi, euskara elkarte edota euskara zerbitzuetara jo dezakezu, edota izena emateko fitxa bete.