Black Mirror dokumentala da (eta gu enteratu ez)

#piggate, horrekin hasi zen dena. Edo ez, David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak Oxford unibertsitateko klub bateko parte izateko hildako txerri baten ahoan bere parte pribatuak ustez sartu zituenean hasi zen dena. Gero Charlie Brookerek Black Mirror telesaila egin zuen eta telesail honetako lehen atalean Erresuma Batuko lehen ministroak kameren aurrean txerri batekin txortan egin behar du, hori baita printzesaren bahitzaileen eskari bakarra.

Brookek esan du ez zekiela Cameronen gaztetako pasarte hori. Txio batean adierazi zuen bere harridura:

Nola jakin da hau? Lord Ashcroft diputatu kontserbadore ohi eta miliardunak Isabel Oakeshott Sunday Times egunkariko editore politiko ohiarekin batera Call Me Dave: The Unauthorised Biography liburuan kontatzen du, iniziazio “festa” horretan egon zen norbaiten testigantza bilduz. Testiguaren hitzetan gertakariaren argazki bat ere ba omen dago, baina ez du inork ikusi. Oso posible da hau guztia asmakizun bat izatea baina lehen ministroaren bozeramaleak “no comment” esan du, ez du gezurtatu.

Beti esan izan da Black Mirror telesail profetikoa dela baina azken berri hauek inoiz baino gehiago lotzen dute gaur egungo errealitatera. Egia izan ala ez David Cameronekin lotutako adierazpen hauen zabalkundea ikaragarri hazi da telesailean azaltzen denarekin duen antzekotasunarengatik. Erresuma batuko prentsa horitik mundu osora egin du salto albisteak.

Twitterren Black Mirror trending topic zela ikustean jende askok pentsatu zuen telesailaren denboraldi berriaren berri eman zela. Charlie Brookerrek ez zuen denborarik galdu eta lehen atal hartako gidoiko zatiak ere argitaratu zituen.

Black Mirror, dokumentala izan edo ez, benetan gertatu daitezkeen eszenatokiak erakusten dituen telesaila da eta agian horregatik egiten zaigu hain gertukoa, hain beldurgarria eta hain zirraragarria.