Merke dabil duintasuna politikaren azokan
Merke dabil duintasuna politikaren azokan –
Francisco Franco Bahamonde faxistaren berrogei urteko aginte odoltsuan, -aurkari izan arren- bizirik irautea lortu zutenek, diktadorea desagertzean, hainbeste amestutako garai berri eta demokratikoen atarian ikusi zuten herri honen etorkizuna.
Dena dela, orduan ere bagenekien mendebaldeko “demokrazia formala” ez zela perfektoa. Eta hemen sortzekotan zegoena, hainbat kaskarragoa izango zela. Baina Europako mailara iristen ez baginen ere, esperantzaz beteta ginen.
Nekezena beti ere abiatzea omen da, eta horra; abiatu ginen. Giza eskubideetarantz, sozialismorantz. Historian hainbat aldiz amestu egin genituen gauza ugari haietarantz. Gu ere helduko ginela alegia, nahiz poliki-poliki izan. Beraz, indartu egin behar zen sortzeko zegoen demokrazia.
Batzuk handik, besteak hemendik, gehienok ekin genion lanari, bakoitzak bere modura. Egia da, garai haietan ere, zenbait kritika sakon egiten zirela zetorren “demokrazia ahul” bezain zalantzagarriari, baina beti bezala, batzuk eta besteek, nahi zutena ikusten zuten, eta ez begiek eraskusten zutena.
Zoritxarrez, ez genuen denbora askoren behar izan, begien bistan gertatzen zena ongi barneratzeko. Orduan ere, -gaur bezala- demokrazia “indartzeko” askatasunak zanpatzen hasi ziren, eta eztabaida gaindituz, dekretuak ziren bide.
Thomas Hobbes´en Leviathan ez zegoela zaharkituta erakutsi ziguten Madrilgo demokratak, eta gure ametsak, hori, amets. Denbora gutxian eguzkia bizten eta itzaltzen ikusi genuen. Hau ondorio argia bezain latza; betikoak nagusi berriro, Franco indartu zuen Espainia ilun eta gaiztoa.
Hala ere hasi zen eraberriketa. Indar sindikalak eta politikoak onartu ziren. Espetxeak hustu samar ziren preso politikoen moduluetan –gaur ez bezala-, gehienak nahiko pozik ginen. Gobernuak ere, herriak hautatuak zirudien. Beraz, hasiera on bat.
Baina denak ez ginen hain pozik, Marxen inguruko jarraitzaileak argi zioten; askatasunak politikoak bakarrik zirela, formalak, ez egiazkoak. Alegia, joko batzuetan partehartzen uzten zutela “nahi aina” hauteskundeak eta abar eta horrekin gizarteari askatasun ilusioa sortzen ziola, baina azken finean funtsezko erabaki gutxi.
Hala ere, une batzuetan bazirudien, itxura soiletatik urrats berriak eta sakonak emateko gaitasun aski lortuko genuela. Baina orduan dena pikutara joan zen. Agintarien zinismoa eta kolaboratzaileen beldur eta interesak ezkondu zirenean. Geroztik eta gaurdaino, hiru botereen zatiketa demokratikoak, ez du batere funtsik, gezurra delako. Galdetu Altsasuko herrian edo Bartzelonan. Hirurak lan errepresiboan ari dira elkarren lehian, zein baino zein.
Beraien demokraziaz harro agertzen dira behin eta berriro, baina egia beste bat da. Hor dabiltza denak lagundu eta lagundu, bestetarako aukerarik gabe. Txantajeagatik, interesagatik hala beldurragatik. Estatuari eusten, langileen eskubideek deusestatzen, baina ordenua ziurtatzen. Bai sindikatuak eta oposiozko alderdiak. Garai bateko separatistak, baita boltxevikeak, denak eskuz-esku atzoko faxistekin, kapital espekulatzaileen morroi. Zenbat lan baliogabetze.
Bapo ihardun dira hainbeste urtez zator lana eginez, jendeak eguneroko borrokari heldu ezinik duen artean, benetako “botere beltzak” bere egiazko borrokan inpunitate osoz indarrak bereganatzen.
Itxuraz aldakuntza handiak egin dituzte, baita azpijoko arriskutsu eta sentsazionalak egin dira, baina itxuraz. Beraien betiko morroi zahar eta leial izandakoak kanporatu eta ordez, komunistak, masoi eta separatista “ohiak” dira gaur morroi berriak.
Herriari iritzi foroak –Legebiltzarrak- eskaini zizkioten, baina gaurdaino itxurazkoak, erabakitzeko ahal eskasakoak. Diotenez agintea eman zioten herriari, baina hori ere itxuraz. Baita harreman modu berriak asmatu, “EAJk dixit” baina, -ia berrogeita hamar urte Marxen jarraitzaileak zioten bezala- politiko-formalak, ez egiazkoak.
Urte asko egin ditu euskal gizarteak eskubide duin batzuen egarriz. Sufrituz eta borroka eginez. Jakina, batzuk besteak baino gehiago, baina borrokan. Askatasun duin bat gabe ez dago elkarbizitzarik. Elkarbizitza ez da posible gizarteko sektore batzuk baztertuz, edo iritzi batzuen espresioa isilaraziz. Ezta “besteen” giza eskubideen zapalketa onartuz.
Guzti honen emaitza atzerako bidea da. Eta horrela elkarbizitza ez da posible. Ez da eta ez da izango posible, batzuei beren giza eskubide guztiak ezagutzen ez zaizkien artean, basapiztiak balira bezala. Demokrazia edo guztiona eta guztiontzat da, edo ez da demokrazia.
Hobe genuke, bai, “demokrazia formalik” bagenu eta ez Bizkaiko ahaldun nagusiaren parekoa. Zein merke dabil duintasuna, politika azokan.