Mattin Irigoien: “Hizkuntza batek badu balio eta zilegitasun handiagoa besteak baino”

Mattin Irigoien –

Joanes Etxebarriak, Ipar Euskal Herriko Hitzan.


Amikuzeko euskararen egoeraren bilakaera, lekuko euskalgintzaren ibilbidea eta geroko erronkak aipatu zituen atzo Mattin Irigoienek EHZ festibalak antolatu hitzaldian.

Mattin Irigoien

Euskal Herria Zuzenean festibalaren eskariz, hitzaldia eman zuen atzo Mattin Irigoienek (Ainhize-Monjolose, 1964) Amikuzeko ikastolan: Nola ezar euskara gal-bidean, ahal-bidean, zabal-bidean? Zabalik euskara taldeko kideak Amikuzeko euskararen egoeraren bilakaera historiako elementuekin argitu zuen lehenik, gaurko egoera aipatzeko ondotik.

Euskalgintzak zer garapen ukan du Amikuzen?

Otsail Ostegunetara [Zabalik elkarteak antolatzen duen hitzaldi zikloa] aurten Iñaki Iurrebaso soziologoa jinarazi dugu. Haren arabera, arazoa da jendeak ez duela maila nahikoa euskaraz mintzatu ahal izateko; esplikatzen duenez, arazoa ez da jendeak euskara jakinik ere ez duela erabiltzen. Hori du ondorioa, labur-labur erranda. Jendea biziki atxikia da euskarari, matematikak erakusten duena baino gehiago. Gure mugimenduaren garapenean jin dira elebitasun eta multikulturalismo kontzeptuak, faltsukeria anitz ekartzen dutenak: ni elebidun naiz, baina egoera ez da sekula elebidun, jendartean egoerak ez dira elebidunak. Nahiz eta bi hizkuntzak entzun, batek hegemonia badu, eta bestea da beste soinu bat barne horretan. Multikulturalismoarekin ber gauza gertatzen da.

Zer erran nahi duzu horrekin?

Hegemonia duen hizkuntzak dibertsitate bat onartzen du, bere peko den ber. Hori ez dugu aski arraberritzeko edo irauteko. Lehen ez zen atxikimendu beharrik euskararendako, eta batzuk kontra ere baziren, nahiz euskaraz ari. Gaur hain guti gara euskaraz ari eta inkestetan iduri luke atxikimendua alimalea dela; hor bada paradoxa bat. Gure erronka da arnasguneak edo arnasuneak sortzea. Euskaldun kontziente izateko bere hizkuntzarekiko, hautu kontziente eta nahitarakoa baita. Hor heldu da hiztun oso kontzeptua: nola egiten dugu giro bat sortzeko komunitate sentimendua izan dadin, eta hiztun oso izatera heltzeko? Pilak baliatzen direlarik, husten dira; aldiz, hizkuntza baliatzen delarik da kargatzen. Elebidun diglosikoak gara, hizkuntza batek badu balio eta zilegitasun handiagoa besteak baino.

Arnasune horiek sortzea bermatzen du Zabalik elkarteak?

Ez badugu gaur lantzen gure artean komunitate sena, hori ez du frantsesak eginen. Otsail Ostegunak zikloa 1997an hasi zen, gero Kitzikazank antzerki taldea, libertimenduak… Hor bada komunitatearen ideia hori. Antton Lukuk argitaratu zuen modeloa: ideia zen sistematik arrunt kanpoko zerbait sortzea komunitatea biltzeko, euskaraz, gazte belaunaldiekin. Hiztun gisaa, esperientzia bat izatea. Badira hamabost urte Zabalik euskara elkarte gisa planteatzen dugula; hastapenean ez genuen pretentsio hori. Ekintza xumeak egiten ditugu; Amikuzen, arreta hiztunengan eta erabileraren gainean emanez. Zerbait egiten dugularik, behar da landu euskaldun kontziente izate horrena ere. Gogoetan, trebakuntzan, soziolinguistika legeak… Landu behar da hori. Hain gara hein apalean eremuak irabaztea baizik ez dugula egiten ahal.

Nola ikusten duzu egoera?

Ekintzak hor dira, baina hortik harago da nola transmititzen dugun arazoaren azterketa. Helburua hiztun oso izatea da, komunitate bat sortzea, eta definitzea nola eginen dugun beti irabazteko eguneroko eta gune orotako hizkuntza euskara izan dadin. Iduri zait giroa aldatu dela, eta indartuko garelarik kontrako indarrak ere agertuko direla, baina giroa aldatzean dinamika bat sortzen da, eta hori da helburua.

Gazte belaunaldientzat iduri zaizu EHZ bezalako festibal bat Amikuzera jiteak zerbait ekar lezakeela bide horretan?

Hipotesi batzuk egiten ditugu denek, ustekeriak. Festibal bakoitzak baditu bere helburuak, eta festibaletara doazenek ere badituzte berenak. Bizian diren tranpa guztiak badira ekintza guztietan ere; uste dut festibalen arreta izaten ahal dela artistengan ezarria ere, mundu libre bateko ateak irekitzen balitu bezala. Badira gisa horretako festibalak, eta arriskua bada. Uste dut EHZn garaiak izan direla, baina gaurko EHZ ikusten dut laguntzaileen figuraren gainean finkatua. Erran nahi baita belaunaldi batek egiten duela gauza bat, eta hor ezartzen dituzte gaurko gaiak eta hizkuntzarena barne da. Amikuzera jiten direnak ikusten ditugu, eta uste dut kontzientzia argikoak direla. Agian, gu haien adinean baino biziki argiagoak dira gai horien inguruan. Esperientzia biziki polita da, eta uste dut egokiera biziki ederra dela Amikuzerentzat, bide horretan menturaz gazteria bat bilduko baita aiseago, eta laneko manera badela. Ez du ekintzak egiten aterabidea; beti behar dugu izan adi zein den helburua, zein den egoeraren azterketa.

Hain zuzen, Zabalik elkartean gazteak biltzen dira?

Duela hamabost urte ber fundazio bat izan zen eta hiru helburu finkatu genituen: euskararen erabileraren arretagunea, Amikuzeko euskalgintzako elkarteen saretzea, eta jendartean sentsibilizazio lana egitea eta aliantzak xerkatzea. Uste dut lan egin dugula hiru sail horietan. Heltzen gara momentu batera non saretze lan hori egina den: Zabalik elkartean berean indarrak ahulak dira, bospaseiren artean eramaten dugu egunerokoa. Baina abiatu dugu gogoeta lan bat, gure jarrera arra finkatzeko: zer zen duela hamabost urteko egoera eta zer den gaurko egoera, zer diren erronkak. Ideia da ikustea zein estrategia diseinatuko dugun ondoko bost edo hamar urteentzat. Gogoeta horretan biltzen gara hogei bat lagun: hor dira gaztetxekoak, ikastolakoak, belaunaldi guztiak. Uste dut lortzen ari garela komunitate kontziente, enbrioi edo sare horren biziarazten. Bakoitza bere kapera defendatzen baino gehiago, ari garela ideia horren barnatzen. Bada giro hori.

Mattin Irigoien  Mattin Irigoien  Mattin Irigoien  Mattin Irigoien

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude