Maite ditut, maite, gure euskalkiak, batua estaltzen didatenean
Maite ditut, maite, gure euskalkiak, batua estaltzen didatenean
Jetz kommt später –Oraina geroago heldu da, edo horrelako zer edo zer– komiki autobiografikoan, Kati Rickenbach marrazkilari suitzarrak bere gaztetako esperientzia Alemanian kontatzen du: nola joan zen Hanburgora ikasle-truke batean, eta nola hiri hartan Anke Feuchtenberger marrazkilari ezaguna izan zuen irakasle, bai eta hainbat komikigile gazte ezagutzeko aukera ere. Pasarte batean, berari eta bere lagunari gela pare bat alokatu dien emaztekiarekin erausian, honek Rickenbachi komentatzen dio harritua dagoela zeinen erraz ulertzen duen Suitzako alemana, baina jakin nahi lukeela zergatik erabiltzen duten bi lagunek, bera hor egonda ere, hizkera sekretu hori: “Baduzue nigandik altxatu beharreko sekreturik?” Jakina, alemana estandarra da Hanburgoko emaztekiak Suitzako alemantzat hartu eta hain ongi ulertzen duen hizkuntza, eta Suitzako alemana da bi marrazkilari gazteek asmatutako hizkera sekretutzat jotzen duena.
Euskara ez da dialektoak dituen hizkuntza bakarra, eta Rickenbachek kontaturiko anekdotak erakusten duen bezala, aleman estandarretik Suitzako hizkeretara doan aldea franko handia da, aleman bati aldaera suitzarrak ulertezin bilakatzeraino. Suitzako dialektoak, nik dakidala, bizirik daude: nolanahi ere, Rickenbachen komikia –egoitza Zürichen duen Moderne argitaletxeak publikatua– irakurtzeko ez da beharrezkoa hizkera sekretu hori ikastea; aski eta sobera da goi alemaniera estandarra, eta gauza bera gertatzen da herrialde hartarik sortu diren idazle guziekin –nik ezagutzen ditudan guziekin bederen–: Walser, Dürrenmatt, Frisch, Stamm…, salbuespenik gabe, aleman estandarrean idatzi dute guziek. Diogenes argitaletxe suitzarrak ere aleman estandarrean publikatzen ditu bere itzulpenak. Ez dakit Suitzako dialektoetara itzulpenik egiten den, baina hala balitz, ez litzaidake gaizki idurituko. Ezta ongi ere. Berdin litzaidake, egia errateko.
Orobat, ez zait gaizki iduritzen Oscar Wilderen nobela azpeitierara ekarri izana, ezta ongi ere. Eta deblauki aitortzen diot duen meritu guzia. Halere, kontuan hartuta gu ez garela alemanak – erran nahi baita, ez garela hainbat milioi hiztun eta ez dugula euskarara zernahi ekartzeko gauza litzatekeen itzultzaile armadarik, indarra alferrik xahutzea iduritzen zait horrelako itzulpen bat egitea. Literatura euskarara ekartzearen helburua euskaldunei lan literario horrekin gozatzeko parada ematea da nire ustez, eta horretarako, ongi egina baldin badago, nahikoa dugu euskara batuko itzulpena. Nire iduriko, balio filologikoa du batez ere irakurle kopuru txiki batendako eginiko itzulpen horrek –alegia, euskalki baten ezaugarriak bildu izanaren balioa–. Uste dut, beraz, makurreko estrategia dela hori, baina seguru naiz xarmanki egina dagoela, eta apeta hori badugu, bada, txalo eta aitzinat.
Nik ez ditut euskalkiak mespretxatzen, eta ez dut hizkuntzak duen alde afektiboa arbuiatzen. Niretako, balio afektibo erantsia dute –balio literarioa zein den alde batera utzita–, adibidez, Aingeru Epaltzaren edo Mikel Tabernaren narrazioek –eta ez, errate baterako, Edorta Jimenezenek–, hain zuzen ere nik hurbil sentitzen dudan euskara batean idatziak daudelako. Gure semeak aite deitzen dit, eta naski ez dit sekulan aita deituko; eta niretako hura gure ttalla izanen da beti, baita ni baino handiagoa delarik ere, eta ez gure txikia. Eta gustukoen dudan eskuara aditzeko aukera izatea izan da berriki Baztango Hilbeltza astera joan izanaren plazeretako bat. Alta bada, nire behar afektibo-linguistikoak direnak direla ere –sika ditzagun malkoak–, nire motzean ez dut atzematen zer ikusteko duen horrek hizkuntza forma estandarra izan beharrarekin.
Zeren, aspaldi honetan aditzen diren gauza batzuk adituta, ez baitakit ohartzen garen non bizi garen eta zein diren erraten ditugun boutadeen inplikazioak. Koldo Zuazok errana da euskalkiak sentimenduak adierazteko behar direla; beraz, heldutan euskara –euskara batua, erran nahi baita– ikasi dugun guziok hobe genuke gaztelaniara bueltatzea, zernahitarako balio duen hizkuntza hura utzia baitugu sentimendu kontuetan maingu dabilen hizkuntza baten truke. Baliteke norbaitek amari erratea “ongi deritzot txikitatik helarazi didazun maitasunari”, baina hiztun batzuen ahoan euskara batuak ez badu graziarik edo kolorerik, nire ustez euskaldunek dute falta, eta ez euskara batuak.
Iñaki Segurolak errana da harendako euskalkia dela hizkuntza, ez euskara batua, batua herriarengandik urrun bizi diren akademiko sasijakintsu baten asmakizun artifizial plastizko gatzgabea delako. Jakin nahi nuke non bizi den Segurola –a, bai, barkatu, Azpeitian, herriarengandik hurbilegi naski–, akaso bertze nonbait biziko balitz, Araban edo Iruñean edo Baionan biziko balitz, bertzelako gogoetak egiteko aukera izanen luke. Zeren nik zinez eskertuko nuke norbaitek faborez, mesedez eta otoi esplikatuko balit, norbaitek ni iraindua senti nadin inolako beldurrik gabe nirekin mansplaining delakoaren teknika guziak erabiliko balitu, norbaitek lau urteko haurra banintz bezala tratatuko banindu, eta –berriz diot, mesedez, faborez eta arren– azalduko balit, euskara batuaren deskripzio hori gezurra izateaz gainera, ea estrategia onuragarria den, jendea euskara ikastera ez ezik euskaraz bizitzera ere gonbidatzen ari garen honetan, hainbat euskaltegitan eginahalak ari diren ikasleei erratea ikasten ari diren hori bigarren mailako deusetarako balio ez duen hizkera akademiko porkeria dela; eginahal guziak eginda ere, beharbada hondarrekoz EGA lortuko dutela, baina EJA –Euskal Jatortasunaren Agiria– sekulan ez; zenbaitendako, zuzen eta txukun mintzatuta ere, beti irri-emangarri izanen direla, llaburdurarik egiten ez dutelako. Jakin nahi nuke nori egiten dion mesede esku artean dugun tresnaren makurrak kritikatu eta zuzendu beharrean, tresna bera zakarrontzira bota nahi izateak.
Juan Luis Zabalak ezin egokiago erran duen bezala, euskaraz analfabetismoa bulkatzea da batua mespretxatzea. Han-hemenka azpimarratu dute harrigarria dela Segurolak lan guziak euskara batuan egin izana, eta inoiz kolaboratu ez izana azpeitiera erabiltzeko aukera emanen lioketen tokian tokiko hedabideetan. Nire ustez, harrigarria dena zera da, euskaraz aritzea eta ez erdaraz, adibidez, Diario de Navarran. Hedabide horrek urteak baitaramatza, Segurolak baino koherentzia ideologiko handiagoarekin, bere irakurleei esplikatzen euskara batua arimarik gabeko hizkuntza artifiziala dela, gure vascuencearekin alderatzerik ez duena. Eta segur aski hori da, vascuence alegia, Segurolak defendatzen duen euskerie horren ñabardura politiko eta kultural guziak –zokokoa, batasunik gabea, ortografiarik gabea, diglosiaren mendekoa, erdararendako arriskurik gabea– hobekien biltzen dituen kontzeptua.
Oso idazki ona.
Askotan batuarne kontrako jarrera hauetan “jatorkeria antisistemaz” (ez al da Euskaltzaindia “akademiko boteretsuen” bilgunea?) sekulako jarrea klasistak bultzatzen direla, “Ni jatorra, zu ez” bezalakoak (arnagunezentrismoa?)
Eztabaidarako saltsa pixka bat ekartzea ongi da, baina “ez naiz batuaren oso zale” (beraz, pixka bat badela aitortzen du) batetik analfabetismo kontuetara joatea, eta horretan matraka ematen segitzea gehiegixko iruditzen zait. Su hori (alferrik) indartzea kalteko izanen da hondarrerako, edo beharbada ez, beharbada gauzak argitzeko on izanen da, baina irainetatik abiatuta ez dakit ba nik… Nik Segurolaren alde 30 euro!
Badira, ordea, gazte anitz, uste baino anitzez gehiago, euskaldun petoak direnak, familian euskaraz bizi direnak, agian kalean nahi luketen bezainbeste euskara egiten ez dutenak, horrretara inguruak behartuta, eta aditu behar dutenak batua, hau da, berezkoa duten euskara, eta aditu gazte analfabeto hutsen ahotik, ez dela euskara polite, ez benetakua. Hau da, erdara darabilten ustezko euskeldun-erdaldun gazte horien ahotik, sekula liburu bat euskaraz irakurri ez duten eta irakurriko ez duten horien ahotik, ze, badakizu, ezta? Gu gara guaiak.
“Batuan” bizi diren horiek ez dute berezko ezaugarri bat euskalkian mintzatzeko gaitasuna kentzen diena (markatzen duzun muga zurrunaz ari naiz). Santiren familiaren kasua ere ez da, antza. Eztabaida eremu formalean ikusten dut nik. Guaiak alde guzietan.
Bada ordea, badenez, batuaren kontrako jarrera gazte zenbaiten artean, batez ere Mendebaldeko gazteen artekoa. Eta hori neronek ikusi egin dut oso gertutik, baita Euskal Herriaz eta euskaraz ezjakintasun erabatekoa. Bestalde, nork mintzatu nahi du euskalkian, neronek behinik behin ez, neronek euskaraz mintzatu nahi dut, guziok entenditzeko moduan eta ahalik eta ederrean, ahal dela. Hori asko eskatzea al da?
Euskalkien kontrako jarrera baden bezal-bezalaxe, hementxe adibidez, batua ere euskaraki izanik ere. Berriz diot, eztabaida ez doa kalean zer egiten den, inondik inora ere.
Entzun nuen Segurola irratian. Hari entzunda hobeto ulertuko da Leoneren hitz egiteko modua. Neuri ere Leoneren sentimendua sortu zitzaidan. Euskalkiduna naiz eta ez daukat nirea saltzeko.
Irratsaio hori dela eta, Arantxa Iturberentzako watxap modukoa (140 karaktere):
Ikaragarria da nola egon daitekeen pedante hiperbaturro bat zure saioan huntaz eta hartaz pontifikatzen eta euskaldun berri guztiak iraintzen, mailukadaka daraman euskara protesikoa darabilela!
Doala bere etxera “” bere hizkuntza”” omen den hori praktikatzera eta bakean utz ditzala euskara gaitu eta aberastuan euskaldundu nahi duen gizartea!
Ez nago batere konforme.
Klaseak ematen ditut Gipuzkoako eskualde batean eta bertako ikasle etorkinek euskara maila dutenean bertako euskalkiaz txantxikueraz edo arrasateraz mintzo dira.
Nire ustez jakobinismo linguistiko bat gertatzen ari da euskara batuarekin eta euskalkien kontrako jarrera horrek ez dakar ezer onik.
Euskara batua ez da benetan existitzen, Santi Leone berberak berak inbentatutako hizkuntza eder baina ez batuaz idazten du, Aingeru Epalza bezala, nola-halabaiteko nafarreran.
Euskara den guztia, euskalkia ala batua, ona da eta ezin daiteke elkarren kontra erabili euskara osoaren gaitzean ezbada.
Barka, baina Santiren testua goitik behiti euskara batuan idatzia da. Beste kontu bat da Mendebaldean uste, egiten den euskara batu murriztua.
Lierni, agerian utzi duzu ez dakizula zer den euskara batua.
Nik ezagutzen dudan jendeari dagokionez, euskaraz ahoz, idatziz eta ulermenez trebeak eta konpetenteak diren guztiak alfabetatuak daude eta batuan ederki egiten dute.
Jakina, euskaldun zahar jator alfabetatu gabeak ere ezagutzen ditut, ahozko hizkera jori eta aberatsekoak (euskara murritz eta pobrekoak ere badira). Horiek denek, salbuespenik gabe, erdararen makulua behar dute eguneroko milaka alorretan aritzeko. Okerrena da maiz ez direla hutsune horretaz konturatzen.
Ez nago batere konforme, Gu eta Gutarrak ikusten dut, ez gogoz, eta horiek badira euskaldun gazte peto petoak, edo besterik ezean, gaurko gazte euskaldunak, adio!
Batua ez da existitzen, baina txantxikuera (sic) eta arrasatera (sic) bai,
ah, bale!
“eta inoiz kolaboratu ez izana azpeitiera erabiltzeko aukera emanen lioketen tokian tokiko hedabideetan”
Nik behin baino gehiagotan entzun dut ba, Hankak Lurrien saioan:
http://www.arrosasarea.eus/category/irratien-programak/kontrako-eztarrixe/hankak-lurrien/
Urola Kostako Hitzari buruz ari da
Ez du ba hori esaten.
Bai, Urola Kostako Hitza nuen burua, baina egia da ez dudala hori erran, eta egia da fundamenturik gabe orokortu dudala kontua. Gaizki dago, beraz, esaldi hori, eta nirea da hanka sartzea. Uste dut, halere, ez diola tesi nagusiari gehiegi eragiten.
Nik aipatu nion Leoné-ri txio batean Segurolak Urola Kostako Hitzan idazten duela, eta nik gogoan dudanagatik behintzat beti batuan egin izan duela, “azpeitieraz” idazteko hedabide aproposena izan daitekeen arren. Egia da ez nintzela Azkoitiko Kontrako Eztarrixez gogoratu, Segurolaren idatziak soilik bait nituen gogoan.
Adibide horrekin adierazi nahi nuen (nere irudipena da, Iñakik berak esango du oker nagoen) Iñaki Segurola ez dagoela euskara batuaren kontra.
Liernik dio irakaslea dela eta jarraian “euskara batua ez da existitzen”.
Gero kexatuko gara PISA txostenan nota baxua ateratzen dugula…
Existitu, baxua, horrela da, bai. Nota baxua ateratzen dugula…., hori espainol garbia da.
“Existitu, baxua, horrela da, bai.” Esaldi hori idatzi duena inori hizkuntza lezioak ematen. Hamaika ikusteko.
Hombre, idatzi duena duenaK beharko luke, horretan leziatuko zaitut, naski.
ojer zabiltza, hor elipsian dagoen aditza hau izan daiteke aise: Esaldi hori idatzi duena inori hizkuntza lezioak ematen (dabil, ari da…)
Eskerrik asko zuzenketengatik.
Ikusten da inkisidoreak ez direla bakarrik espainiarrak, inkisidore linguistiko piloa dagoela Euskal Herrian, sasi-espainolak euskaldunez mozorrotuak.
Zure iruzkinetan ederki konbinatzen dira ezjakina eta demagogia. Zer nahi duzu, pitokeria bat esan eta egurrik ez jasotzea? Gainera, inozoa.
Tamalez, kontua beste bat da. Espainolez mozorroturik hori espainol hutsa baita. Ez dago inon inkisidorerik.
Segiyozue danak sagardotegi batea ta han hitzein!!! Hau da hau elkarrenkontra jartzeko gogoa… Euskalkiak beharrezkoak dira eta euskara batua oso beharrezkoa da.
Kontu hontan esan den gauzarik zentzuzko eta tajuzkoena, aspaldiko partez!!!
Santi Leone beharrezkoa da Mañukorta beharrezkoa den bezala. SObran? Españolak.
Horrelako iruzkin bat, Leone eta Mañukorta maila berean jartzea ere! Leone Iruñeko Hizkuhtza Eskolako irakaslea da, bada nor! Ikasketak eta ez ditugu aipatuko, zertarako bada! Eta hola…, sobran, sobran, ez dago inor, baina batzuetan…..
eta mañukorta jainkomendiko jainkoa, azti!!! harek bai dola bere euskalkie!!! Ta batue? mañukortak beti eitten do batue,. Batu-batue… letra danak alkarren gainen jarri ta braust!!! GOra goierriko sagardotegik!!
Santi Leonec eracusten du post honetan badagoela euskara batuan ongui idazteric euscara naturalean.
Berdin guerthatzen da Iñaki Segurolaren euskara batuarekin.
Baina horiec ez dira ohico euskara batua.
Ohico batua berce gauça bat da, ceinaren erdia guztiz artificiala eta inexistentea baita, mahucatic atherataco euscara içan ohi da euskara batua.
Euskara batuac onhartu dituen adizquietaric, adibidez, % 40a edo’ seculan ez dira erabili ez ahoz ez eta scribuz ere. Hala ere, nehon ez dituçu topatuco gure classicoac ulerceco beharrezcoac diren adizquietaric berce % 40a.
ziezazkiguketenan aguercen çaicu, baina ez, ordea, DAIDIT edo DAIDIKET.
Içan onsa!
Ez naiz sagardotegiaren oso zalea, eta beraz, bihar, gune gastroludiko horietako batera joan beharrean, irratira joango naiz, eta arratseko 8retan Euskadi Irratian izango naiz esplikatzen zergatik ez dudan batuan egiten irrati horretan. Horrezaz gainera, euskara batu-harro edo baturroa zer den azalduko dut, eta H letraren ixtorio sinesgaitza, eta hola.
“zergatik ez dudan batuan egiten” EZ, baizik-eta “zergatik egiten dudan”!!!
Estandar zale eta segitzaileak, edo halako (euskaldun) kategoriakoak, euskalki zale eta segitzaile kategoriakoen aurrean, nola kontra, konplexua sorturik; eta alderantziz.
Edota euskalki zale kategoriakoak, harroturik estandar zaleen lepora; eta alderantziz.
Hau al da irudikatzen (sortzen?) ari den panorama, gaizki ulertu ez badut?
Handia, gero.
Beste aukerarik gabe, hau da gure euskalkiak eta estandarrak —bereizterik baldin bada— tratatzeko manera? Batua batzearen antonimo eta euskalkiak euskalkiller bihurtu nahian?
Beste aukerarik ez?
Erantzuna duenak, isilik, barrez; halako frontetik urruti, zorionez.
Euskarazko liburuen %99,99 batuaz idatziak izanki (eta hala segituko du dudarik gabe), ez dut uste bakar batzuk euskalkietan idazteak nehori kalterik egiten dionik. Ez naiz azpeitiarra, baina interesatuko litzaidake euskalki horretan den liburu bat irakurtzea, eta pentsu dut ez naizela bakarra. Euskara batuaren beharra zalantzan ezarri gabe, literatura sailean askatasun artistiko eta estilistiko osoa behar litzateke, guti batzuen kuriositatea eta gustua asetzeko baizik ez baldin bada ere.
Agian piskat desbideratuko du gaia, baina aipatzeko lekua hau dela iruditu zait: gaur goizean Ibon Sarasolak Euskadi Irratian hitzak zuzen erabiltzeko duen tartetxoan, “probestu” hitzaren inguruan hitzegin du. Labur esateko: askoz gehiago erabiltzen dela “aprobetxatu”, baina idazle “ON” batzuk (Aingeru Epalza eta Harkaitz Canok) beren liburuetan “probestu” erabiltzen dutenez, horretxek zilegitasuna ematen diola erabilerari. Azken segundoetan aurkezleak aipatu dio bortzirietan “probestu” normaltasunez erabiltzen dutela; kontu horri garrantzirik ez dio eman. Nire zalantza da, eta hemen lotzen da euskalkien gaiarekin, nolatan ematen zaion garrantzi gehiago idazle “on” batzuek pare bat liburutan egiten duten erabilerari egunero ehunka, edo milaka pertsonak ahoz egiten dutenaren ondoan.
Mixterio izugarri bat dago hor. Letraren botere hipnotiko moduko bat, zenbait izpiritu nolabaitekoren gainean. Eta hitz biziarekiko gorraize nabarmen bat, jakina. Eta jakinagoa: letrakuntza hizkuntzaren oso gainetik.
Probest-k, hiru silaba
Aprobetxatu-k, bost silaba
Ez da misteriorik: probestu ekonomikoago da… eta hurbilago euskara bisilabikoari!
Ados nago Unaiekin…
sóc català, però crec que he entès el 90% del que heu escrit (ok ok, el 80%); el que em costa molt és escriure en euskera..
No veig cap problema en que hi hagi un (o 2 o 20) llibre en euskalki. El text del Santi és respectuós i interessant, però tinc la sensació que cau una mica en els tòpics que han fet que, per exemple a Itàlia, els “dialectes” hagin desaparegut: el dialecte com a “llengua del cor, de l´afecte”, però sense valor cientifico-lingüístic. O el concepte d´utilitat (“el mercat de l´euskera és reduït en comparació al de l´alemany; per tant és més útil escriure en batua”) quan en realitat crec que no hi ha res més útil per una llengua que demostrar que té vitalitat dialectal.
En fi, una qüestió difícil on l´equilibri perfecte és impossible.
(gràcies i disculpeu que hagi escrit en català)
Kaixo Pep: ba egia esan, euskalkiei buruz bereziki bi balio nabarmendu ohi direla uste dut:
1. Euskalkiak, herri-hizkerak, izan dira egiazko euskara bizi eta mintzatua. Euskara XXI. mendera horrela iritsi zaigu, euskalkietan. Gure literaturaren historian lau dialekto literario bereizten ahal dira… Euskara batua herenegungo kontua da.
2. Esan den moduan, euskaldun komunitatean, euskalkiek batuak ez duen osagai afektiboa dute.
Euskararen erabilera sustatzeko edozein iniziatiba pentsatzean, batez ere eremu euskaldunenetan, bi giltza horiek kontuan hartzekoak dira, nire ustez.
Dena den, eta hemen dator inkorrekzio politikoa: niri bost piper siku inportako litzaidake egunen batean euskalkiak desagertu edo neurri haundi batean euskara estandarrean konfunditu eta diluituko balira. NIRI BOST.
Izan ere, hainbesteko garrantzia ematen al diozue katalanek hizkeren kontu honi? Bo, zuek nahiko lan duzue, behin eta berriz esplikatzen hizkuntza bakarra duzuela, eta ez sei edo zazpi. Guk, elkar ulertzeko problema handiagoak edukita, ez ditugu polemika horiek, oraindik.
tens raó en el darrer (el último) paràgraf: és paradoxal que, essent la diferència entre les varietats del català menor que la que hi ha entre varietats d´euskera, encara hi hagi qui en posa en dubte la unitat.
responent a la teva pregunta: és de nou paradoxal que a Catalunya la majoria de dialectes estan morint (o morts ja) i en canvi el tema no genera debat. No només pel que dius tu (que nahiko lan dugu amb el tema de la unitat de la llengua), sinó perquè a Catalunya tenim un centre urbà, Barcelona, que s´ho menja tot..
Estic bàsicament d’acord amb tu, Pep
i jo amb tu Iñaki
però fas bé de dir “bàsicament” i no “totalment”, perquè el tema és complex. Jo he posat l´exemple dels “dialectes” italians, però reconec que és un paral.lelisme deficient perquè es tracta en realitat de llengües separades -no dialectes- de l´italià.
Sigui com sigui, a mi m´agrada com es planteja el debat al voltant dels euskalkis. Ja que l´article ha començat parlant del dialecte(s) de Suïssa, aquí va un exemple de com NO s´hauria de plantejar (i la protagonista se suposa que és especialista en llengües!):
Elisabeth Maranta, a German who runs a bookshop in Chur specialising in languages, must be something of a record. She has lived here for 50 years and has never spoken Swiss German, although she certainly understands it by now.
She explains: “(..)Growing up with high German actually gave our children an educational advantage.” “German Swiss are often at a disadvantage (..) Why do they stick to Swiss German when it’s such a barrier?” Maranta wonders.
http://www.swissinfo.ch/eng/german-newcomers-struggle-with-swiss-german/15509690
Moltes gràcies, Pep, pel teu comentari. Baina, tira, gauzak pixka bat argitze aldera:
a) Nik ez dut uste euskalkiek soilik balio afektiboa dutenik. Aitzitik, azpimarratu nahi nuena izan da, nahi izatera, batuan ERE afektibitatea eta edozein sentimendu trankil aski adieraz daitezkeela. Iduritzen zait bai Zuazok (sentimenduak adierazteko euskalkiak proposatzen zituelarik) bai Segurolak (Wilderen azpeitierazko itzulpenak eragiten zion zirrara deskribatzen zuelarik, “hori da nire hiz-kun-tza, ez erabiltzen ari naizen hau”, batua alegia) hori zalantzan jartzen zutela. Jakina, hizkuntza guzietan bezala, komeni izaten da euskara ikasi duenak harremana izatea euskara ama-hizkuntza dutenekin, ikasitakoari bizitasuna, goxotasuna eta nahi dena emateko. Hortaz, beharbada hiztun batzuen jarrera kritikatzeko modukoa da, baina ez euskara batua bera.
b) Berriz diot, euskara batuaren kontrako jarrera akats estrategiko larria dela iduritzen zait, eta, hein handi batean, gero eta gogaikarriagoa den pose anti-intelektualista baten ondorioa. Heterodoxia ofiziala ortodoxia baten forma bihurtzen da hondarrean.
c) Argi geldi bedi: ez dut ukatzen euskalkiak literaturarako tresna izan daitezkeenik, eta ez zait gaizki iduritzen (ezta ongi ere) Dorian Grayren erretratua euskalki batera bihurtu izana. Ez zait bide emankorra iduritzen, bertzerik gabe, kontuan hartuta zein diren gure baliabideak. Utzidazu, halere, galdera bat egitera: katalanez ekarritako nobela guzietarik, zenbat itzultzen dira gero eivissencera?
d) Ni ez nago euskalkien kontra; are gehiago, batua euskalkietarik ekarritako solasekin eta egiturekin aberastearen aldekoa naiz, eta anitzek euskara batuaren gainean duten ikuspuntu estuaren kontrakoa. Baina euskalkien jatortasun gorena eta batuaren artifizialtasun eta zurruntasun erabatekoa, gure herrietako mintzairaren bizi hunkigarriaren benetakotasuna eta euskara idatzi akademiko idorraren faltsukeria behin eta berriz azpimarratzea eta salatzea, analfabetismora joateko bide zuzenena iduritzen zait.
la resposta de més a baix havia de ser per tu, no li he donat bé a “erantzun” 😉
d´acord amb tu: l´aproximació als dialectes no s´ha de fer mai des de postures anti-intel.lectuals -al contrari-. I aquestes postures segurament no estan justificades en el cas de l´euskera (en canvi en en cas que he posat més amunt -el de la llibretera alemanya que viu a Suïssa-, el discurs pseudo-intel.lectual de la senyora criticant la “barrera” del dialecte sí que pot generar com a reacció un tancament).
entenc la teva pregunta sobre la traducció a l´eivissenc d´un llibre ja traduit al català; potser sí que em semblaria estrany (o directament malament) una nova traducció; en canvi em semblaria bé que si l´autor/a de la primera traducció fos eivissenc/a, l´hagués feta en la seva varietat -però adreçada, dirigida a tot el públic catalanoparlant-
“pose anti-intelektualista” EZ, “jarrera anti-intelektuala” BAI. Beste gauza asko ere EZ, baina zer BAI
ORAIN HOBETO: “pose anti-intelektualista” EZ, “jarrera anti-intelektuala” BAI. Beste gauza asko ere EZ, baina zer BAI den argitzea luzeegia litzateke.
Barkatuko didazue, baina zeharkako kontu bat aipatuko dut.
Zuzeuren baldintzek erraten dute artikuluek euskaraz izan behar dutela (euskara batuan idatziak, gainera). Deus ez dute erraten iruzkinen hizkuntzari buruz, baina nik beti ulertu dut iruzkinek ere euskaraz izan behar dutela.
Hartara, iduritzen zait Pep Bruren iruzkinak tokiz kanpo daudela (hizkuntzagatik). Eta ez dut ulertzen nolatan pasatu duten editoreen galbahea, gaztelaniaz baleude ez bailukete inondik inora eginen.
Hizkuntza minorizatuen arteko elkartasuna? Ni honelako kasu berezien alde, arauak arau.
Niretako elkartasuna da Vincent Partalen artikuluak Berrian euskaraz argitaratzea eta Martxelo Otamendirenak katalanez VilaWeben.
“Euskalkia da hizkuntza, ez euskara batua, batua herriarengandik urrun bizi diren akademiko sasijakintsu baten asmakizun artifizial plastizko gatzgabea da”.
Arazo txiki bat: euskalkia inon erabiltzen ez den konstruktoa baino ez da, isoglosa bat hemendik, beste isoglosa bat handik…, errealitate baten berri eman nahi duen asmakuntza hutsa, eta ez inoren mintzoa.
Azpieuskalkia, beraz, hizkuntza? Tolosaldekoa? Markinakoa? Durangaldekoa? Debagoienekoa? Malerrekakoa?
Eta azpi-azpieuskalkia balitz benetako hizkuntza, artifiziala eta plastikozkoa ez dena? Herri bakoitzeko txokotxo desberdinetan banaka mintzatzen diren hori, familia eta lagunen artekoa, bihotz-bularretikoa, natural-naturala, adierazkorra, askoz botata berrogeiren ezpainetan dabilen hori? Isoglosa guztiak bateratuta, mintzo purua, paradisiakoa… hori bai HIZKUNTZA.
Seguru Chomskyk-eta arrazoia emango liguketela lehen premisa finkatzean: “hizkuntza batean, erreferentzia nagusia hiztuna da”.
Ez da hain ziurra hortik inferitzen dugun bigarren instantzian arrazoirik emango ligukeen: “hiztunak dagiena beti dago ondo”.
Eta are gutxiago, euskaldunok horren ondoren ateratzen dugun korolarioa dela eta: “ergo akademiak traban eta sobran daude, hizkuntzaren naturaltasuna lardaskatzera baitatoz; ez zaio, beraz, kasurik egin behar hark hizkuntzaren erabilera zuzenari buruz dioenari”.
Hiztuna arau, urrezko arau.
Hiztuna dugu arau, urrezko arau…, baina, kasu datuari, hori euskaraz dihardugunean bakarrik.
Hizkuntza hegemonikoa erabiltzen hastean, mirakulutsuki, ahaztu egiten zaizkigu premisak eta korolario guztiak.
Orduan, Salamankakoak bezain hiztun konpetenteak, txukunak eta akatsik gabeak izaten ahalegintzen gara hizkuntza kuttunean.
Zein dotore mintzatzen garen orduan hegemonikoan! Arau akademikoetara atsegin handiz makurturik. Eta berezkoak ditugun arren, azentuak eta erre bikoitzak ere leuntzen ditugu Norteko basatiak ez garela argi uzteko.
Eta badakigu Ebroz haraindiko gizarte-dialekto zenbaitetan jator, hurbileko eta balio afektibo handiko dituztela “ejjke” delakoa, “me sa perdío la yabe” eta “anoxe noj encontremo con el chorbo de la Chaio en la disco” bezalakoak, baina guk, horretan, zergatik ez dakigula, naturaltasunari eta atxikimendu sentimentalari uko. Guk RAEk araututako hizkuntza nahiago. Baita hitz egiteko orduan ere.
Eta ez da ongi ulertzen nola eta zergatik egiten diogun uko gaztelaniaz barneko sentimenduak hain zinez eta era naturalean adierazteari.
Zein eder eta eredugarri izango litzatekeen, bai, erdaraz ere, RAEk dioena alboratuz, honelako esaldiak natu-natul entzungo bagenizkie gure jakitunei eta esatariei ETB2n eta Radio Euskadin: “Flipa, tio! Oy ma benío la Luisi y me sa declarau a la sombra de una haya, al lau de la tejabana, la jodida”, “Hasme una tila cagando letxes, ke me se acaba de perder el dizionario ke compremos aller y yebo una mala ostia ke no maguanto”…
Gure hizkuntza (euskalki, azpieuskalki, azpi-azpieuskalki…) naturalaren legitimaziorako urrats ikaragarria izan liteke hori.
Nik ezin izango nukeen argiago esan, Meredith, nire gaztelania txokoko amaren tititik edoskian, anque si me entrenaría un poco…
Beraz, argi dago, euskalduna azpieuskalkiaren azpialdaeraren isoglosa galduen bila indarrak alferrik galduta; hizkuntza handi arrakastatsuen hiztunek , aldiz, akademiek emandako araudiari men eginda, zer gerta ere. Asi nos va! (Pep, benvingut gurera! Ez gaitezen aita santua baino santuago izan, faborez!)
Ascoc uste dute, sinhestuta daude, ecen Euskaltzaindiac aphailatu duen euskara batua dela aphailatu ahal cen euskara baturic hoberena eta egoquiena. Hau da, euskara batua den beçalacoa dela ecimbercez, eta ez dela egon erabaqui guztiz arbitrarioric eta dembora eta leku guztietaco erabilera ororen contracoric. Hori da contua.