Ez dago mandoa lokatzetan (mediku, ertzain eta porruez)

Ez dago mandoa lokatzetan

Goierri inguruan (eta akaso euskararen herriko beste hainbat tokitan) badago noizbehinka erabiltzen dugun esamolde bat: “ez dago astoa lokatzetan”. Esaldi honekin hartzaileari adierazi nahi dioguna maila altua daukala da, lorpen esanguratsu bat eskuratu duela, “ez zara edozein” esateko modu bat.

Ez dago mandoa lokatzetan

ZuZeuk “diru zorroa” izeneko atala estreinatu du, Alain medikuarengandik abiatuta. Mikroekonomia bereziki interesgarria iruditzen zait; sakelako hotsak sabelekoa isilarazi eta sabeleko hotsak sakelako isiltasunaren seinale direnez. Soldata hizpide zeukan bigarren idatzi bat ere izan da Zuzeun aste honetan, kasu honetan, foruzaingoaren eta ertzainen soldataren bueltan. Bestelako aberastasun iturririk ez eta geure lan indarra saltzen dugunon ordainsaria berebiziko kontua da; gure lanari ematen zaion balioaren inguruan, eta guk geuk besteen lanei ematen diogunaz aritu naiz buruari bueltaka.

Ez dago mandoa lokatzetanOfizio eta lehengaiei beren lan sozialaren arabera ematen diegu balioa. Gizakia, historiako une eta tokiren batean balio handia ematen hasi zitzaion urreari; zergatik? Ez zelako erraza non zegoen topatzea, ateratzeko sekula lana egin behar zelako, eta ez zegoelako sobera. Jendarte askok onartu edo erabaki zuten “diru” gisa erabili zezaketen elementuren bat hautatzea, aise eskuratzeko modukoa ez zena; ezkurra dirua balitz, guztiok aberats. Munduko toki ezberdinetan bestelako elementuak adostu eta horiei eman zitzaien balioa: abereak, gatza, txirlak, piperrautsa, baita harri erraldoiak ere, Pazifikoko Yak irlan bezala.

Lan sozialaren balioak herri baten izateko eran eragin dezake, noski; burura etortzen zaizkit eskoziarrak. Beti pentsatu izan dut egozten zaien xuhur fama ingelesen inperialismoaren ondorio zela (guri espainiarrek edota frantziarrek egozten dizkiguten topikoen gisan); baina demagun, une batez bederen, arrazoia daukatela. Demagun eskoziarrak zekenak direla, edo hala zirela garai batean. Ba ez. Hala eta guztiz ere ez lirateke xuhurrak izango ene iduriko, lana zein lehengaiak beren lan sozialaren arabera baloratzen zituztela baizik. XV. mendeko nekazari eskoziar batentzat bi kilo porruk balio handia izango zuten ziurrenik: lur eskasa eta ipar haize bortitza gutxi balira, garaiko zergak eta hamarren harremanak ere ezin ahaztu. Xuhurrak ez, zuhurrak.

Ez dago mandoa lokatzetanArgentina eta Uruguaiko lur asko oso emankorrak dira, eta aski da haziren bat bazter batean botatzea dena sekulako indarrarekin hazi dadin (lurrak humus maila handia omen dauka). Ez zuten balio bera bi kilo porruk XV. mendeko Eskozian edo XIX. mendeko Argentinan, balio soziala ezberdina izaki.

Alainek 3862€ kobratzen ditu, horietatik 3462€ mediku soldatari dagozkionak. Denok dakigu medikuntza karrera ikasi eta gainditzea ez dela ahuntzaren gauerdiko eztula. Bere jakintzak izugarrizko pisua dauka, bere gain dagoen zamaren gisan. Izan ere, nik akatsen bat egiten badut idatziren bat gaizki editatzen izan daiteke, edo bideo narrats bat, edo gaizki emandako albiste bat, edo malkoak eragin ditzaketen akats ortografikoak… Hanka-sartze larriak, eta ez diot neronek garrantzirik kenduko ene ogibideari; baina Alain erratuz gero norbaitek azken hatsa eman dezake. Beraz, Alainek gehiago kobratzen du, bere lanari, gaur egun, balio sozial handia ematen zaiolako; bere ofizioaren balio soziala tokia eta unearen arabera ere asko aldatuko litzateke. Ez du “balio sozial” bera mediku batek Kuban edo Kurdistaneko zonalde batzuetan, lehenengoan jadanik asko daudelako eta bigarrengoan ez behar adina; lehenengoan hil ala biziko kasu gutxiago daudelako bigarrengoan baino.

3462€x12 = 41.544€

Demagun hamabi paga beharrean hamalau direla (amatasun baja bat ordezkatzen soilik ari den arren):

3462€x14: 48.468€

Ez dago mandoa lokatzetanErtzaintzako mandoetako batzuk 110.000€ bueltako soldata omen daukate, dieten aferaz gaindi. Ez zen berdina polizia bateko mandoa izatea Euskal Herrian edo Eskozian; ez zen berdina Ertzaintzako mando bat izatea duela hogei urte edo gaur egun, eta adierazpen hori egitea aski objektiboa izatea dela iruditzen zait. Testuingurua erabat aldatu da, beraz polizia lanak izan dezakeen balio soziala ere bai. Nire ustez, Ertzaintzako mando baten balio soziala ez da mediku batenaren bikoitza.

Ez dago mandoa lokatzetan.

Ez dago mandoa lokatzetan

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.