Lotsaren legea

Lotsaren legea –

Vascuence (RAEren arabera): Euskara. Jatorri frogatu gabeko hizkuntza, Euskal Herri espainiarrean, frantsesean eta Nafarroako zati batean hitz egiten dena. Arau-zorroztasun ukaezina RAErena, Nafarroan alde batean bakarrik hitz egiten dela azpimarratzeko ahaleginean, Ipar Euskal Herriarekin egiten ez duen bezala. Han ez da ofiziala ere, baina ez da nabarmentzen leku batzuetan hitz egiten denik eta beste batzuetan ez. Non hitz egiten den neurtzeko irizpidea ofizialtasuna bada, EAE osoan eta Nafarroako zati batean bezala, Iparraldean ezin da erabiltzen denik esan. Inork ez dezala pentsa definizio honetan Hizkuntzaren Errege Akademiak mundu hispanohiztunaren arteko hizkuntza-erregularizazioa ez den beste helbururik duenik…

Goazen gure erkidegoan euskararen erabilera arautzen duen legera. Lege hori 1986koa da, Nafarroako Foruaren Hobekuntzaren emaitza zuzena (LORAFNA, gaztelaniaz), zonifikazioa 1982an sartu zuena. Gregorio Monrealek (Zuzenbideko lizentziaduna eta Ekonomiako diplomaduna Deustuko Unibertsitatean eta Zuzenbidearen Historiako katedraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoan, besteak beste) “Origen de la ley del vascuence de Navarra” lanean azaltzen duen bezala, hizkuntza-politika arautuko zuen legearen xehetasunak emateaz arduratzen zen negoziazio-taldeak sartu zuen “vascuence” terminoa azken orduan, inongo akademiko edo teknikarien babesik gabe. Ordura arte, zirriborro eta eztabaida guztietan, euskarari edo “lengua vasca”-ri buruz hitz egiten zen. Gregorio Monrealek bere lanean dioenez, “frankismo garaiko Diputazioak mantentzen zuen antzinako izen bat zen. Kutsu arkaikoa zuen, eta garai batean gaztelera izendatzeko erromantze esamoldean aurkitzen zuen bere parekoa. Hala ere, 1982an edo 1986an gaztelania ofizialki erromantze gisa inork izendatzen ez bazue, ezin da ulertu denboraren poderioz erabilerarik gabe geratu zen termino baten euskararekiko itzulera. 1982ko negoziatzaileek eta 1986ko zuzentzaileek adierazpen errespetagarriak berreskuratzeko duten grina, edo hizkuntza alferrikako arkaismoarekin lotzeko ahalegina?”. Baina zoritxarrez, terminologia gutxienekoa zen; izan ere, nahiz eta laukoak aldaketa kosmetiko bat egin 2017an “Euskararen Legea” izena jarri ziotenean, edukiak berdina izaten jarraitzen zuen.

Jakina denez, arau horren ondorioz, komunitate bereko pertsonak desberdinak dira eskubideei dagokienez. Lotsagarria da, argi eta garbi, Nafarroan, bi hizkuntza ofizial izan arren, horietako bat maila baxuagokoa bezala hartzea, nahiz eta gure lurraldearen benetako nortasun-ezaugarrietako bat izan. Hezkuntzari dagokionez, inork ez du zalantzan jartzen atzerriko hizkuntzak derrigorrezkoak izan behar direnik gure hezkuntza-sisteman, batez ere ingelesa. Aldiz, euskara hala izatea planteatzen denean, Nafarroa osoan irakasgai gisa besterik ez bada ere (ingelesa bezala), ELAk “Nafarroako hezkuntza benetan eraldatzeko oinarriak” izeneko agirian proposatu zuen bezala, inposizio onartezintzat jotzen da. Neurri horrek ikasle guztiei gutxieneko ezagutza bat bermatuko lieke hizkuntza gutxitu horretan, sentsibilizatzeko eta sustatzeko zeregina betez.

Gaia arlo politiko hutsera eramanda, harrigarria da zein argi dauden jarrerak lege horren aldaketari dagokionez. UPN beti egon da lurralde osoan (baita zati batean ere) euskara ofiziala izatearen aurka, eta askok PSNk ere beti jarera hori izan duela pentsatu, ez da egia. Alderdi Sozialistak Nafarroako Parlamentuan euskara ofiziala izatearen alde bozkatu zuen 1980an. Lehen aipatutako lanean, egileak 1980 eta 1986 urteen artean gertatutakoaren laburpen zehatza egiten du.

Lerro hauetan ez dugu eduki hori bere osotasunean erreproduzituko, interesa izan dezakeenaren eskura baitago, baina zenbait kontu azpimarra daitezke. Nafarroako Parlamentuaren gehiengoak 1980an onartu zuen euskararen ofizialtasuna gure erkidegoan, euskal abertzaleen eta PSNren babesarekin. 1986an euskararen legea behin betiko onartu zen arte, hainbat erabaki hartu ziren. Horien artean, nabarmentzekoa da euskal nazionalismoa ez zela hobekuntza negoziatzeko estatuarekin jardun ziren negoziazio-taldeetan egon, negoziazio guztia nazionalismo espainiarraren esku utziz. Honek, hein handi batean, Parlamentuak ofizialtasunari buruz erabakitakoa erraztasun handiagoz zapaltzea ekarri zuen.

Ondoren, hamarkadetan zehar Nafarroan eskuineko gobernuak izan ondoren, Uxue Barkos buru zuen aldaketaren gobernua ere ez zen gai izan lege horren aldaketa gauzatzeko. Han urrezko aukera galdu zen.

Gaur egun, aurreko legealdian gobernua osatzen bukatu zuten alderdien arteko negoziazioetan, Maria Chiviterenean, Euskararen Legearen aldaketa “desadostasun frogatutzat” jo zen (politikan marra gorriak izendatzeko erabili ohi den termino teknikoa).

Hala ere, garaiak aldatzen ari dira, eta gaur egun, EH Bildu bezalako alderdiek aktiboki parte hartzen dute erakundeetan eta inbestidurak babesten dituzte Madrilen, eta bestalde, PSOE bezalako alderdiek ez dute eragozpenik alderdi independentistekin akordioak lortzeko. Egoera horretan, Nafarroan osatuko den Gobernu berriak euskararen ofizialtasunaren gaiari heldu beharko lioke behingoz, eta Nafarroa estatuko edozein autonomia elebidunekin parekarazi, non berezko hizkuntzak ofizialak diren lurralde osoan. Gehiengo nahikoa dago hori gauzatzeko, 1980an bezala, eta talde bakar batek ere ez lioke garai hartan zuen jarrerari muzin egingo. Beste edozein erabaki, jaun-andreok, lotsagarria izango litzateke berriz ere.

Lotsaren legea

Lotsaren legea Lotsaren legea

ELA - Hezkuntza

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude