Loratuko da Bilbo

Loratuko da Bilbo –

Loratuko da Bilbo eta itzuliko da euskara zazpi edo hamazazpi kale estu zalapartatsuetan oihartzun egitera, eta zabalduko da zabalguneetara eta luzatuko da auzorik auzo, Otxarkoagaraino eta harantzago. Udaberria helduko zaio gure hizkuntzari mendeetako neguaren ondoren. Udaberri honetan gertatuko da. Loraldia jarioko zaio Bilbori. Bazen garaia! Bada orena!

Loratuko da Bilbo
Irudia: Loraldia

Martxoan goiz hasi eta udaberria sartua dela jarraituko du loraila aurreratuak hirian, eta 150 sortzaile, artista eta gehiago arituko dira, hamaikatxo egunetan beste horrenbeste proposamen plazaratuz han-hemenka.

Guztiok behar dugu udaberria, eta batez ere euskarak du beharrezko Bilbon. Etorriko da, bada, heldu den astean, nafarrek dioten eran. Nafarroak babestu baitzuen euskararen iraupena Bilbon eta inguruan, harik eta Gaztelako jauntxoek bertoko jauntxoekin senidetu eta Gaztelako hizkuntza berton ere derrigortu zuten arte. Eta horrela dirau, modu anakronikoan derrigortuta Bilbon gaur egun ere. Aspaldi izan baitzen euskara bilbotarren hizkuntza nagusia, eta aspaldikoa baita euskararen aurkako erasoa eta Gaztelakoaren inposaketa gure artean.

Horrela izan bada eta horrelaxe bada gaur egun ere, zer egin behar dugu euskaldunok Bilbon? Euskara loratu, jakina. Hazia erein, loreak landatu, lorategia zaindu. Ez utzi inori lorerik mozten. Eta belar gaiztoak kendu, euskarak bizi-espazioa izan dezan.

Oraingoan betilorea landatuko ote dugu, bada, Bilbon. Horrenbeste lorazainen artean lortuko ote da betirako loratzea euskara berton?

Lorazain ugari bilduko gara Bilbon udaberri honetan. Bernardo eta Ruper datoz anphora bete-betea hautsi eta barruko altxor guztiak barreiatzera; handik gutxitara Gabriel bera, Bilbon dabilena, Ibaizabalen solastuko da eta Otxarkoagan gaztetu. Benitok askatasunari oda egingo dio Arriagan. “Hauxe da despedidea” zioskun Mauriziak, esandakoa jan eta erromeria bizian bizkortuko zaigu Alondegian. Joseba be hurreratu egin baita urrunetik Bilbora oraingoan, eta sortzaile berrien harrobi batean lanera lotu! Hainbeste izango direnez sortzaile berriak loratze honetan…

Neguak, baina, ez du Bilbo abandonatu nahi. Winter is coming aldarria errepikatzen dute neguko injustizia jauregietatik. Arrazoi komertzialak direla medio markatzen dituzte gaintitulu arrotzez gure istoriorik kutunenak. Anbotoko koba bera kartzela betierekotu dute,  Marijaiari hirugarren gradua ukatuz. Baina agian alferrik dabiltza, udaberria datorrelako eta Bilbo loratu egingo delako orain arte inoiz ez bezala.

Zalantza piztu da, hala ere, lorazainen artean, ikusi baitugu, lehenago ere, hiria loratzen aldi baterako, ikusi ditugu lorazainak korrika batean kaleetan zehar, baina etorri bezala alde egin dute jarraian, eta berriro ere lehengoan gelditu gara. Ikusi dugu, baita, ahobiziz eta belarriprestez betetzen zirela txokoak, baina egun bateko edo astebeteko loreak ziren horiek ere, eta ondoren ahoak mutu eta belarriak gor ziren berriro.

Oraingoan betilorea landatuko ote dugu, bada, Bilbon. Horrenbeste lorazainen artean lortuko ote da betirako loratzea euskara berton? Zer beharko dugu horretarako? Horiek udaberri bezperetan entzuten diren galderak.

Erreparatu behar diogu gure hiriaren historiari. Lehen zergatik jarri zen euskara galbidean, eta zergatik hedatu zen landare arrotz inbaditzaile gisa Gaztelako berbaroa. Historiak argi erakusten du hori: boterea eskura zuten jauntxoek derrigortu zutelako. Gauzak bere onera itzultzeko, euskara Bilbon eta Euskal Herri osoan landatu eta betiloretu ahal izateko, bertako herritarren boterea eratu behar dugu. Hori bai loraldia.

ARGIArentzat egindako kolaborazioa

Loratuko da Bilbo Loratuko da Bilbo