Lehen Francok eta orain ETAk? Mesedez eta faborez…
Lehen Francok eta orain ETAk? Mesedez eta faborez…
Duela hiruzpalau igandera arte, bertoko erdaldun elebakarrei euskaraz nolatan ez zekiten galdetuta, Francori egozten zizkioten erruak sarri askotan. Berrogei urtez gorakoetan hori izaten zen erantzuna, asko eta asko, Francoren azken hatsetan jaiotakoak izan arren, baina askoz jende gazteagoak ere haren aitzakia ematen zuen erantzun, masailak ia gorritu gabe.
Aurrekoan baina, aro berri bati eman dio hasera Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak: “ETAren errua” izango da aurrerantzean, eta ez diktadorearena, hainbat lagunek eta taldek euskara ikasi ez izanaren ardura, antza. Marka da gero!
Ertzaintzan euskaldunak hutsaren hurrengo izatearen ardura zuzena, Eusko Jaurlaritzarena eta hasieratik egun arteko Barne sailburuena da, ETAren mehatxuak mehatxu. Arkautin bertan eskaini izan dira euskara eskolak, eta ez dira gutxi euskaltegietan euskara ikasten aritu izan diren ertzainak, beste edozein herritar bezala. AEK-n bertan ere, izan genituen ertzainak ziren eta hala aurkezten ziren ikasleak.
2014an mustu zen Ertzaintzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko LEHEN plana!
Eusko Jaurlaritzak eta Barne-sailak bazuten eta badute nahikoa baliabide (guztion diruetatik ordainduak) euskaldunen alde egin dutena baino askoz gehiago egiteko. Borondateak egin die huts, batez ere. Edo ETArena ote da ere, Beltran de Heredia sailburuaren (eta Jaurlaritzako beste arduradun askoren) euskara-maila urriaren ardura? ETAk eragotzi ote zien euskaraz trebatzea horiei guztiei ere?
ETAk behartu zuen Patxi Lopez handia, dirutza publikoa xahutu eta etxera bertara zihoakion irakasleari behin eta berriz kalabazak ematera?
Ertzaintzan euskara bazterrean utzi izanaren ardura, Jaurlaritzarena eta Segurtasun saileko arduradunena da, erreskadan. Ez ETArena.
Jaurlaritzak behar izan ditu hogeitamabi urte Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana lehenengoz ezartzeko Ertzaintzan. Ez ETAk.
Ikus bestela espainierak zer nolako garapen handia izan duen, Guardia zibilak, Borboiak, GAL eta enparauak, Iturgaitz, Urquijo eta Zubitur, Legioak eta ahuntzak, torturatzaileak eta beste hamaika bidelagun anker izan dituen arren! Oztopo guztien gainetik, espainiera normalizatu eta hedatu egin dute bazter guztietara. Baita gure nazio foraleko aginte organu guztietara ere, pentsa
EAJ-k gobernatzen dituen erakunde gehienetan, urtean behin euskarari aitortu ohi dioten maitasun platoniko handiaz haratago, euskaldunekiko arreta oso urria izaten da praktikan. Jaurlaritzaren euskararen aldeko sentiberatze “planak”, adibidez, oihalezko txantxangorri mutuak ditu ardatz. Hala, eraikinean sartzen zaren aldiro, segurtasuneko langile AZPIkontratatuek “buenos días” esatea aski izan ohi da, txori papargorriaren magia eta eragin guztia desegiteko di-da.
Baina aizu, Beltran de Heredia andrea. Gauza bat da birusak eta txantxangorriak erabiltzea euskaltzaletasun plantak egiteko, eta beste bat, zeure eta Ertzaintzaren aurreko agintarien hizkuntzaren arloko jokabidearen ardura ere, ETAri egoztea.
Aresen edo PPSOEren esku-liburutik hartutako erantzuna dirudi, egia esan.
Alabaina, pentsatzera jarrita … Gipuzkoan eta Bizkaian Radiata piñuen ugaltzea ere ez zen ETAren sorrerarekin batera gertatu? Ertzaintzan euskararekin gertatu (ez) dena justifikatzeko balio ez badizue, ahalegindu pinuen hedapen ETA-garaikidearekin. Ea hortik…
“Munduan ba ote dago bere nazio hizkuntza gorrotatzen duen poliziarik? Ez dira asko izango, nahiz eta kolonialismoaren atzaparrak denboran eta geografian luzeak eta zabalak izan diren eta diren. Hala ere, orain eta hemen, Europa «demokratikoaren» testuinguruan gertatzea, marka guztiak haustea da. Hizkuntza minorizatuak indarberritzeko politiketan eredugarria omen da EAE edo Euskadi; bere nazio hizkuntza gorrotatzen duen polizia sortzen ere aitzindaria dela dirudi”
JM Odriozolak, berrian.
http://www.berria.eus/paperekoa/2116/014/003/2017-06-22/ertzaintza_ez_da_euskaldunon_polizia.htm
Eusko Jaurlaritzaren beraren datuen arabera, 2008. urtean (ETA jardunean zela) liberatu ziren ertzain gehien euskara ikasteko, eta 2013ra arte (ETA su-etenean) behinik behin, urtez urte ertzain gutxiago liberatu dira euskara ikasteko.
2009an (ETA jardunean) ia 700 ertzain aritu ziren lan orduz kanpo diruz lagunduta euskara ikasten. 2013. urtean (ETA su etenean) 200 ertzain inguru izan ziren.