Legitimitatea (Atik Zra)
Legitimitatea (Atik Zra) –
Nork du legitimatea? Nork ez du? Maialen Sobrinoren ahotsean irakurri nuen hau: euskalduntasuna ez da duty free. Eta bertan agertzen dira Aurora eta Garazi batzuk, gurean diren Aurora eta Garazi askoren testigantza.
Eta hori lotzen da lehenago aipatutako Grekin, Garbizalekeriarekin. Nork du legitimitatea? Nork ez du? Zelan lortzen da legitimitatea? Zelan eskuratzen da legitimitatea? Zerikusirik al du horrek euskalkiekin? Mila galdera eta erantzun gutxi, edo erantzunak bai, baina erantzutea erraza da, hori gauzatzea ez dakit horren erraza denik.
Hiztun berrien inguruan azken urteotan ikerketa askotxo egin dira gure inguruan (ez bakarrik euskararen kasuan, galiziera, galesera eta beste hizkuntza gutxitu batzuen inguruan). Eta hor legitimitatea kontzeptu klabea da. Eta horretan gakoa da bakoitzak bere burua hiztun legitimotzat hartzea eta besteek hori ere hautematea. Eta, askotan, horretarako hizkuntzaren aldaerek garrantzi handia dute, bakoitzaren pertzepzioa eta besteena bateratzeko.
Baina, honetan guztian, badu beste faktore batek eragina: ama hizkuntzaren ideologia. Aspalditxo ekarri nuen blogera eta gaur ere gustatuko litzaidake tartetxo bat egitea: ideologia horren arabera, familian ikasitako hizkuntzak erabat eta bizitza guztirako baldintzatzen du pertsona eta hizkuntza hori da onen menperatuko duena; era berean, pertsonaren lehen (“ama”) hizkuntza ez dena ezin da hain ondo ikasi, hain zuzen ama-hizkuntza ez delako.
Eta ideologia horrek kalte egingo digu, kalte latza. Eta eraso egin beharko diogu diskurtsotik eta praktikatik. Eta legitimitatea aitortu euskara dakien guztiari, behingoz eta behin betiko. Esentzialismo guztietatik urrun.
Legitimitatea (Atik Zra)
Baina eta, legitimitatea geure buruari ere aitortu, behngoz eta behin betiko? Nolatan, hizkuntzen ikaskuntza bizitza osora luza daitekeen prozesua izaki?
Inork ez baitu “ama hizkuntza” osorik eta behin eta betirako ikasten… hizkuntzaz jabetu egiten gara, denboraz, adituz, irakurriz, sortuz…