Legez kanpo
Legez kanpo –
Ohiturik gaude, zoritxarrez, legez kanpokoak izatera. Euskaldunok zer esanik ez, gure hizkuntza eskubideak bermatzeko lanpostu publikoetan euskara eskatzea legez kanpokoa izan ohi baita.
Hori da urteetan paratu diguten etiketa: ez dugu legea betetzen. Noski, klase boteredunak bere neurrira sortutako arauak dira legetik kanpo uzten gaituztenak.
Skolae programa ezartzerakoan ustez izandako forma akatsari tiraka bihurtu dute epaileek hezkidetza legez kanpoko jendearen begitara. Gauza bera gertatu zen Iruñeko haur eskoletan euskara eskaintza zabaldu zutenean. Forma epaitzen dute, baina hondoa dute jomugan.
Berdin du epaiak zer dioen. Gehienen buruetan hezkidetza eta haur eskola euskaldunak legez kanpokoak dira epaileentzat. Baita bi gauza horien alde dauden askorentzat ere. Eztabaida politikoa epaitegietara eramanda errazago da gure buruetan irudi hori sortzea: gaizkileak garela, alegia; legez kanpokoak.
[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2021ko maiatzaren 14koa]