[Euskal Gaizkileak] Lafitte anaiak: kortsarioak, esklabistak eta erregeak

Lafitte anaiak –

Euskal Gaizkileak

XVIII-XIX. mendeetan zehar Lapurdik pirata eta kortsario ugari eman zituen, horretarako baldintzak baitzeuden: estatuen arteko gerrek sortutako koiuntura tarteko, maiz itsasoak lurrak baino uzta hobea ematen zuen.

Lafitte anaiak
Manex Lafitte

Horietako bi izan ziren Manex eta Piarres anaiak. Hemen bildutako informazio bi iturri nagusitatik hartutakoa da: batetik, Joseba Aurkenerenak idatzitako artikulua, eta bestetik Wikipediako sarrera txukun eta mardula. Biek ala biek edaten dute, hein berean, Louis-Jean Calvet idazleak 1998an plazaratutako Barataria eleberritik (Barataria : L’étrange histoire de Jean Laffite).

Jatorria

Lafitte anaiak barrabaskeriak egiten ibili ziren ezker-eskuin, eta normala den bezala, ez zuten haien inguruko egiazko informaziorik ematen nongotarrak ziren galdetzen zitzaienean. Batetik piratak ziren, eta bestetik “kortsario ondraduak”, eta argi baino ilunez beteriko bizitza hori estali nahiean beraien nortasuna eta jatorria ezkutatzen zituzten. Bertsio ugari daude haien sorlekuari eta jaiotze datari buruz:

  • Encyclopædia Britannicak Baionan “1780 baino apur bat lehenago jaio” zela jasotzen zuen.
  • Larousseren Grand Dictionnaire Universel delakoaren 1891ko edizioaren arabera Bordelen 1781ean jaio zen.
  • Gilles Lapougek Baiona, Bordele aldean edo Sant-Malòun (Bretainia) jaio zela idatzi zuen.
  • Saint-Dominguen jaio zela dioenik ere bada. Hortik joko zuen Louisianara, frantses kolono askok garai horretan egin zuten bezala.
  • Jack C. Ramsayk, horiez gain beste aukera batzuk ere aipatzen ditu: Urduña (Bizkaia) edo Westchester konterria (New York estatua).
  • Bertrand Guillot de Suduiranten teoria: berak eskuratu duen eskuizkribu baten arabera anaien gurasoak Antoine Lafite eta Guillomette Chataigné bordelesak ziratekeen. Testu berean Pierrek Europatik 1810ean alde egin zuela ageri da; anaiak New Orleansen 1804an zeudela jakina denez, teoria honek kale egiten du.
  • William C. Davisek zenbait datatan emaitza sinesgarriagoa uzten duen teoria landu du: Paulhacen edo bere ingurumarietan (Okzitania) jaioa izango zen, gurasoak Pierre Lafitte eta bere bigarren emazte Marguerite Desteil zituela. Horren arabera 1782an jaio ei zen baina 1786an bataiatu omen zuten. Pierre anaiaren balizko ama bere aita izenkidearen lehen emaztea izango zen, Marie LaGrange, bera jaiotzean hil ei zena. Davisek berak aitortzen du datu asko falta zaizkiola bizitzaren lehen hogei urteetatik.

Aukera posible guzti hauetatik at, ordea, bakarra lehenesten da, Calvetek Barataria eleberria idazteko egin zuen ikerketan jasoa. Lapurdiko kostaldean, herrietako artxiboak arakatzen ibili ondoren, Biarritzekoan, 1783ko urriaren 6an, izen-deitura horiekin sortutako bi anaien agiria topatu zuen. Gurasoak Laurentx Lafitte eta Maria Dagerre ziren. Aita Kandela etxekoa zen eta lanbidez ontzi kapitaina.

Lafitte anaiak
Laffite irudikatzeko 1895ean egindako marrazki bat

Lehen ibilerak

Manexek hamabost urte zituela itsasoratu omen ziren lehen aldiz Antilletan ibiltzen zen itsasontzi kortsario batean.  Ordutik aurrera itsasoarekin loturiko negozioetan ibili ziren. Manex ausarta eta bizkorra zela iritzita ontzi kapitain izendatu zuten berehala. Garai hartan, Ameriketako koloniak askapen prozesuan eta Europako metropolien aurkako borrokan zebiltzan, eta Lafitte anaiek euren apustuak egin zituzten joko haren erdian. Espainiak, Frantziak eta Ingalaterrak ez zituzten haien inperioak galdu nahi, eta azken momentura arte borrokan aritu ziren amerikar matxinoen aurka. Beraien arteko borrokaldiak ere, etengabeak izan ziren, interes kontrajarriak defendatzen baitzituzten. Lafitte anaiek gaur Kolonbia deitzen dugun Cartagenako Errepublikaren alde egin zuten, espainiarren interesen aurka. Horrek zilegitasuna eman zien espainiar itsasontziak erasotzeko eta arpilatzeko.

Lapurreta haietatik lortutako altxorrak New Orleans portura eramaten zituzten. Hiri hau Lousianako hiriburua zen, frantses kolonia garai hartan. Hiri hau asko aberastu zen Afrikatik eramandako esklaboen trafikoarekin. Horretaz gain, kalitate handiko ardoak eta likoreak, espezieak, azukrea eta abar ekoizten eta saltzen zituzten bertan. Hantxe bizi izan ziren Lafitte anaiak, jaun eta lur jabe aberats gisa. Goi mailako gizartean zebiltzan arren, ezkutuan negozio zikinetan aritzen ziren, kontrabandoan, esklaboen trafikoan eta piraterian.

Lafitte anaiak

Baratariako errege

1803an, Napoleonek Lousina Estatu Batuei saldu zien eta 1804an Haitik independentzia eskuratu zuen. Lousianan liskar handiak izan ziren frantses eta britainiar jatorrikoen artean. 1807an, amerikarrek esklabotzaren aurkako legeak ezarri zituzten, eta 1808an enbargo legeek egoera oraindik gehiago korapilatu zuten. Lafitte anaiek, ordea, ezkutuan jarraitu zuten haien negozio ilegalekin. Horretarako, Misisipi ibaiaren bokale zabalean, leku apropos bat bilatu zuten merkantziak eta esklaboak lehorreratzeko, Barataria izeneko uhartean a. Baratarian lehorreratzen zituzten merkantzia eta esklaboak ontzi txipiagoetan garraiatzen zituzten 75 kilometra dagoen New Orleansera.

Piarres Louisianan finkatu zen harreman sarea zaindu eta garatzeko, eta Manex Baratarian ezarri zen negozioetaz arduratzeko.

Lousianako gobernadorea negozio horiek oztopatu nahian ibili bazen ere, New Orleansko hiritarrek ez zioten inoiz bat ere lagundu, eta Lafitte anaiek jarraitu ahal izan zuten Baratariatik esklaboak eta kontrabandoa hirira sartzen. Gobernadoreak 500 dolar eskaini zituen Manex Lafitteren buruaren truke. Hori ikusi zuelarik, lapurtarrak 1.500 dolar eskaini zituen gobernadorearen buruagatik. Manexen zerbitzura mila pirata inguru zituela esaten da, eta behin baino gehiagotan Baratariako errepublikaz mintzatu zen. Hogeita bi urte zituen orduan.

AEB eta Ingalarrateran arteko gerla

1812an britainiarren kontrako gerra hasi zen eta AEBetako gobernuak Erresuma Batuko itsasontziak kortsario gisa erasotzeko erraztasunak eman zituen baina Laffitetarren sistemarekin beste nazio batzuetako itsasontziak abordatuta ere, beren merkantzia era “paraleloan” banatzen zen eta horrek kaltea ekartzen zion zergak biltzeko egiturari. 1814 arte arazo legalak handitu egin zitzaizkien: atxilotuak izan eta alde egin zuten, epaiketak, kontrabandisten guneak desegiteko espedizioak, Manex harrapatzeko ordainsariak eskaintzea…baina denak porrot egin zuen hiritar askoren konplizitateagatik; Manex Laffiteren kondairaren neurria handituz joan zen.

Ingelesak luzaz ibili ziren matxino amerikarren independentzia zapuztu nahian. Horretarako blokeo komertziala agindu zuten hamahiru kolonia zaharren kostaldeetan. Blokeo gogorra izan zen, esklaboen komertzioa erabat eten zuena. Hor Lafitte anaiek jakin zuten bi aldeetan ibiltzen, eta alde batekoekin zein bestekoekin harremanak izaten. Ingelesak Lafitte anaien laguntza lortzen saiatu ziren, eta hori jakinki, amerikarrek Piarres anaia hartu zuten preso. Orduan, Manex mintzatu zen batzuekin eta besteekin, eta bi aldekoei hitz onak emanez, anaia askatzea lortu zuen, edo hobeto esanda, norbaitek ireki zion espetxeko atea ihes egin zezan. Dena den, amerikarrak ez ziren pozik gelditu, Manexek ez baitzuen ezkutuko akordioa bete, eta 1814ko irailaren 13an, itsasontzi bat igorri zuten Barataria irlara. Dena suntsitu zuten arren, bertan ez zuten Manex aurkitu.

Geroxeago, kortsario lapurtarrak Andrew Jackson jeneral amerikarrarekin akordio bat izenpetu zuen. Ingelesek New Orleans hesitua zutenez gero, Manex Lafitte eta bere gizonek parte hartu behar zuten hiriaren defentsan. Horren ordain gisa barkamena eskaini zien. Gogoaren kontra izan bazen ere, Lafittek tratua onartu behar izan zuen. Bere gizonetako asko marinel gisa aritu ziren eta gainerakoekin artilleriako hiru konpainia eratu zituzten.  1814ko abenduaren 28an, ingeles armada handia Misisipiren badian lehorreratu zen, hiria erabat hesituz. Hiria defendatzen zutenak baino gehiago ziren arren, Manex Lafittek eta bere gizonek inguru haiek xehetasun handiz ezagutzen zituzten, eta horri esker, britainiar armada garaitu ahal izan zuten. 1815ean britainiarrek hiriaren setioa altxatu zuten eta amerikarrek Manex Lafitte eta bere gizonak “aberriaren heroitzat” hartu zituzten. Hori dela eta, 1815eko otsailaren 6an, amerikarrek erabateko barkamena eman zieten.

Galveston

Lehen momentuetan New Orleansen Laffite egindakoagatik esker onaz jasotzen zuten hango hiritar orok baina AEBetako sozietate zein egitura politiko garatu berrietan gero eta leku txikiagoa geratzen zitzaion bere betiko jardueretarako. Garaiko egoera geopolitikoari etekina ateratzen segitu nahi eta dagoeneko maisuak ziren joko bikoitzetan beste atal bat hasi zen: 1815eko amaieran anaiak orduan Mexikoko independentzia gerran murgilduta zegoen Espainiaren aldeko espioitzan aritzen hasi ziren, New Orleansen estatu honek zuen kontsularekin eta apaiz batzuekin kontaktatuta. Espainiarrentzat anaiak “13 zenbakia” ziren; Pierrek hirian gertatzen zenaren berri pasatzen zien eta Jean Louisianaren mugan Texasen zegoen Galveston uhartera joan zen. Texas orduan Espainiaren menpean zegoen ofizialki eta espainiarrek suposatzen zuten Laffitetarrak alde zituztela; balizko Mexiko independentearen barruan legoke eta uhartean bazeuden horren alde aritzen ziren Louis-Michel Aury kortsarioa edo Xabier Mina euskalduna bezalakoak; horien begien aurrean Laffite potentzia handien kontrakoa agertzen zen. Amaitzeko, AEBek ere bera kontrolatzeko gero eta grina handiagoa erakusten zuten eta neurri batean behintzat haientzat Laffite “patriota ona” zen. Bien bitartean uharte hori de facto inork kontrolatzen ez zuen lurraldea zen eta horrek balio handia zuen Laffiterentzat: Barataria desagertuta zegoenez, bere betiko aktibitateekin segitzeko aukera ematen zien gune berria zen; beste zenbait naziotako (Indietako Cartagena, oraindik independentea ez zen Mexiko edo existitzen ez zen nazio bat) “kortso patenteak” baliatuta nazio guztietako itsasontziak abordatzen zituzten.

Europarren kolonizaziotik eratortzen diren botere handien arteko talkaz gain, ezin aipatu gabe utzi beste bi gizatalderen zorigaitzak: uhartean etorri berriak baino lehen bizi ziren bakarrak auia edo karankawa “indiarrak” ziren; batzuetan Laffiteren taldearekin harreman onak izan bazituzten ere, 1818an piratek bertako emakume bat bahitu zutenez hauek eraso egin eta bost gizon hil zituzten; horren ostean Laffiteren artilleriak ia gizon auia guztiak hil zituzten. Beste aldetik beltz esklaboak ditugu: zenbait lekutan esklabotza ezeztatzen ari bazen ere, oraindik legalki edo ilegalki abian zegoen beste batzuetan; AEBek esklabotzaren kontrako borrokan baino, negozio horretatik ateratzen zen etekinaz bere zerga sistemak probetxua ateratzea zuten helburu eta hori ekiditen Laffite maisua zen; lan horretan bidelagun batzuk izan zituen, ezagunenetakoa James Bowie.

Uhartean Laffitek kolonia finkatu zuen; Maison Rouge deitzen zen lekuan zentralizatzen zituen jardunak. Hala ere, egoera ahulean aurkitzen ziren: AEBek eta Espainiak edozein momentutan eraso egin ahal zuten, kokagune “irregulartzat” jotzen zutelako. Garai horretan Laffiteren helburua beti izan zen denbora irabaztea; Mexikoren aldekoak neutralizatzen zituen bitartean (horrek Espainiaren oniritzia jasotzen zuen) estatubatuarrekiko kontaktuak mantendu eta “patriota” irudia lantzen zuen.

1818ko irailean urakan batek izugarrizko triskantzak eragin zituen. 1821ean buruaren onespenik gabe Laffiteren gizon batzuek AEBetako itsasontzi bat abordatu zuen; gobernuak USS Enterprise goleta bidali zuen; Laffitek beraiekin negoziatu zuen eta uhartetik borrokatu gabe ateratzea hitzartu zuen. Dena suntsitu eta gero alde egin zuten.

Ustez Laffiterena zen denda New Orleansen

Azken urteak

Hortik aurrera dokumentatuta dauden datuak ahulago bihurtzen dira eta zurrumurruekin nahasten dira. Laburbilduz esan daiteke Laffiteren agindupeko gizonak asko gutxitu zirela, batez ere jakin zutenean ez zutela inongo estaturen oniritzirik eta beraz pirata hutsak zirela. Hortik aurrera bere jardunarekin segitu zuten baina kokaleku hain finkorik gabe (Kuban, Haitin, Yucatan edo Floridan ibili ziren hala moduan) eta autoritate ofizialekin gero eta arazo gehiago izanik. Behin baino gehiagotan atxilotu eta bere konplizitate sareagatik askatu omen zuten, iturri desberdinen arabera. Mexikoko golkoa bere osotasunean zeharkatzen zuten eta egoera politikoaren arabera batzuetan (ustez 1822an bezala) gobernu jaioberriren batek, Kolonbiak kasu, bere babespean hartzen zituen kortsario gisa.

Jaioterriaz segurtasun gutxi badago ere, are gutxiago non eta noiz hil zen jakiteko orduan; inoiz egin diren teorien arabera Mexikoko golkoa, Yucatan, Texas, Louisiana, Hego Carolina, Illinois, León (Nikaragua) edo Azoreetako São Miguel uhartea aipatzen dira. Batzuek faltsua dela demostratu den dokumentazioa dute oinarri eta edozein kasutan batek ere ez du gutxieneko ziurtasuna eskaintzen; datekin berdin: 1823ko otsailean Honduras parean espainiar itsasontzi bat abordatzen hil zela aipatzen dutenengandik Altonen (Illinois) 1854an hil zela dioen (eta faltsua dela demostratu den) eskuizkribura, tarteko data batzuekin. Mexikon, Yukatan aldean, Dzilam de Bravo izeneko herrian bada hilobi bat eta bertako harlauzan jartzen duenez bertan da Alafita izeneko gizona ehortzirik. Askok pentsatzen dutenez, Alafita hori Lafitteren aldaera izan daiteke. Modu batean edo bestean, gauza da, hortxe galtzen dela kortsario lapurtarraren arrastoa.


Louisianan

  • Jean Lafitte eta Lafitte estatuko herrixkak dira, kortsarioarengatik hala deituak; AEBetako estatu horretan izen bereko parke historiko natural bat dago.
  • 1957tik, Lake Charles hirian urtero maiatzaren lehen bi asteetan Contraband Days jaialdia egiten da Laffiteren omenez.
  • New Orleansen, Laffiterena izan omen zen denda (Lafitte’s Blacksmith Shop) ikus daiteke, besteak beste.

Literaturan

  • Bere bizitzan oinarritutako lehen eleberria 1826koa da: The Memoirs of Lafitte, or The Baratarian Pirate; a Narrative Founded on Fact.
  • Askorentzat Lord Byronen The Corsair poema Laffiterengan inspiratua da; arrakasta handia izan zuen.
  • Georges Blondek bere abenturak kontatzen ditu Moi, Laffite, dernier roi des flibustiers liburuan.
  • Marc Bourgne eta Franck Bonnetek Les pirates de Barataria komikia egin zuten.
  • One Piece mangan ere agertzen da.
  • Isabel Allendek El Zorro bere liburuan Laffite pertsonaia gako moduan sartzen du; berdin 2009ko La Isla Bajo el Mar liburuan.

Euskal literaturan

Zineman eta beste

  • The Buccaneer (1938), Cecil B. DeMillerena; Fredric Marchek egiten du Lafitterena, eta Anthony Quinnek Renato Belucherena.
  • The Last of the Buccaneers (1950), Lew Landersena; Paul Henreidek egiten du Lafitterena.
  • The Buccaneer (1958), Anthony Quinnek egina; Yul Brynner Laffiteren rolean.
  • 2009an Nathan Grubbsen zuzendaritzapean Privateer filma egin zen.
  • Sid Meier’s Pirates! bideo-jokoan agertzen den pertsonaietakoa da.

Euskal Herriko musikan

  • 2010eko apirilean, Laffiterengan oinarritutako Piratas o los niños perdidos musika-ikuskizuna aurkeztu zen Azkoiengo kultura etxean. David Etxebarria kantu-irakasle azkoiendarrak zuzenduta, opera, antzerkia eta dantza nahasi zituen. Francisco Arbeloa kantari lirikoak egin zuen Laffiterena.
  • Vendetta ska musika taldearen Atzo Gaur eta Bihar diskoko 8. abestiak Jean Laffite du izena.
Lafitte anaiak  Lafitte anaiak

Lafitte anaiak  Lafitte anaiak

Lafitte anaiak  Lafitte anaiak  Lafitte anaiak

Lafitte anaiak  Lafitte anaiak  Lafitte anaiak  Lafitte anaiak

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEU orainkarian erredakzioko kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.

3 pentsamendu “[Euskal Gaizkileak] Lafitte anaiak: kortsarioak, esklabistak eta erregeak”-ri buruz

  • Milesker Beñat
    Jean Lafitte 22 alditan aipatua da: 16 Manex gisa, eta 6 Jean gisa.
    Manex asmakizun hutsa da: dokumntu zaharretan BETI Jean da. Iduri luke euskaldundu beharra duzula Beñat, ez dakigukarik euskalduna zenetz.

  • Aupa Joxemiel:
    Ez da inongo beharrik euskalduna zena “euskalduntzeko” (nahiz eta gaskoia izan zitekeela ere entzun dudan). Zuk egin didazun galdera bera egin nion Joseba Aurkenerenari, ea zergatik deitzen zion Manex, bera izan baitzen Lafitte anaien istoria etxe honetara lehendabizi ekarri zuena. Bere erantzuna izan zen, berak dakienaren arabera, Manex deitua zela sendiarengandik eta marinelengandik, nonbait idatzia ikusiko zuen hori. Egia esan ez diot garrantzia handiagorik eman eta horrela jarri dut hemen, nahiz eta batzuetan formalki erregistratutako izena ere erabili.
    Egunen batean istorio hau podcast bihurtzen badugu izenaren aferarekin zirt edo zart egin beharko dugu.
    Mila esker

  • Benat Castorene 2021-05-19 16:26

    Ba uste dut eztabaida ber-bera izan nuen Josebarekin duela hainbat hilabete. Ezdakit erantzun segurua izanen dugun sekula.
    Nik ohartarazten nion bakarrik abizena abizen gaskoi tipikoa zelako (nahiz hainbat euskaldun suharrek ekarri edo ekartzen duten) eta gainera Baiona edo Biarritze inguruan sortua izan zitekeelako bazen probabilitate gehiago gaskoia izaitea
    Jakin behar da Baiona biziki luzaz itsauntziz itsaskariz beteriko hiria zela eta bertako itsatsuntzi asko erdi merkatari erdi kortsarioak zirela. Baionesak oso kortsario atrebituak eta merkatari onak ziren. Euskaldunak ere joango ziren itsasuntzi horietan langile bezala.
    Iduritzen zait euskaldunak, pobreagoak zirenak, gehiago arraintzari dedikatzen zirela Bidartetik Donibane Lohitzuneraino.
    Gero, beti izan diren bezala, Lafitte txarnegu ere izan zitekeen erdi gaskoi erdi euskaldun.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude