“Latinoamerikaren zain urratuak” liburua euskaratu du Iñaki Alegriak
“Latinoamerikaren zain urratuak” liburua euskaratu du Iñaki Alegriak –
Duela 50 urte Eduardo Galeanok idatzi zuen “Latinoamerikaren zain urratuak” liburua euskarara itzuli du Iñaki Alegriak, UEUk argitaratuta. Kolonialismoaren azterketarako derrigorrezko liburu hau euskaraz egotearen garrantzia azpimarratu du, bai eta gaur egun oraindik duen egunerokotasuna ere.
- “Latinoamerikaren zain urratuak”
- Autorea: Eduardo Galeano
- Itzultzailea: Iñaki Alegria Loinaz
- Argitaletxea: UEU
- Orriak: 358
Irakurri Iñaki Alegriari egin diogun elkarrizketa.
Zerk eraman zaitu itzulpen lan honetara?
Zain Urratuak 1985an irakurri nuen eta esaldi batzuk itzuli nituen Komite Internazionalistekin, Nikaragua Sandinistaren testuinguruan, antolatzen ari ginen erakusketa baterako. Eta iruditu zitzaidan liburu horrek euskaraz egon behar zuela. Beste inork egin ez duenez, 35 urte geroago, jubilazioaz baliatuta itzuli dut.
Saiakera sakona da, baina oso modu erakargarrian aurkeztua. Protagonistak metalak, elikagaiak eta erregaiak dira; indiarrak, konkistatzaileak, esklaboak, langileak eta latifundistak; herrialdeak eta tokiak, banketxeak eta multinazionalak; banana errepublikak, iraultzak eta estatu-kolpeak. Bidaia-liburu moduan ere sailkatu izan dute (munduko onenen artean dago halako sailkapenetan).
Galeanoren hitzetan esanda:”Badakit sakrilegiotzat har daitekeela dibulgazio-eskuliburu honetan ekonomia politikoaz aritzea amodiozko edo piraten nobeletan bezala. Baina aldapa gora egiten zait, aitortu egin behar dut, kodean idazten duten soziologo, politikologo, ekonomialari edo historialari batzuen lan baliotsu batzuk irakurtzea”.
Itzulpenerako berrirakurtzeak zer ekarri dizu?
Oroimenean liburuaren lehen partea neukan (lehengaien eta nekazaritzaren esplotazioarena), baina berrirakurketa sakon honetan bigarren parteak harritu nau gehiago, mendekotasunaren eta liberalismoaren arteko uztarketaz aritzen denean; duela 50 urte gaur egungo hainbat gai aurreratu zituelako.
Bestalde niretzat hain ezagunak ez diren herrialdetako historian sakontzea ere ekarri dit: Brasil, Venezuela eta Paraguai batez ere.
Zer nolakoa izan da itzulpen lana?
Ni ez naiz itzultzaile profesionala eta liburuarekin ausartu naiz saiakera liburu bat delako. Hala ere saiakera aberatsa da estilo aldetik. Hainbat idatz molde erabiltzen ditu Galeanok: deskribapenak, datuak, hausnarketak, bizipenak eta elkarrizketak, aipuak… Eta bibliografia zabal eta zehatza. Molde bakoitza euskarara modu egokian ekartzea izan da nire kezka eta lanaren funtsa.