Larunbatean Iruña-Veleia autokarabana Gasteizen, zientziaren alde egiteko

Larunbatean Iruña-Veleia autokarabana Gasteizen, zientziaren alde egiteko –

Eusko Legebiltzarrak oraindik ez du Iruña-Veleia zientziaren bidez argitzeko ezer egin. Gabixolak gaur 90 gose greban! Zatoz auto karabanara.

Gasteizko Forondako atetik 17:00etan atererako da, autokarabanen aparkalekutik eta hiru orduz Gasteizen zehar ibiliko da.

Berriak Gabixola elkarrizketatu du:

«Azkeneraino segituko dut»

«Egina utzi dut bizi testamentua, eskatuz ez nazatela elikatu». Uztailaren 23an abiatu zuen Iruña-Veleiako aztarnategian aurkitutako piezei arkeometria probak eskatzeko gose greba Jose Mari Lejardi Gabixolak (Markina-Xemein, Bizkaia, 1959), eta 87 egun beteko ditu gaur jan gabe. «35 bat kilo galdu ditut, eta, oraingoz, ez dut minik. Noizean behin, zorabio batzuk izaten ditut». Probak egiteko konpromisorik hartu ezean amaierara doala berretsi du. Bestalde, Gasteizko auzitegiak Eliseo Gil aztarnategiko zuzendari ohiari ezarri zion bi urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra ere kritikatu du, haren hitzetan Espainiako Kultura Ministerioak egindako ikerketa bat baitu oinarri bakartzat, eta ezbaian geratu baitzen azterketa haren balioa epaiketan bertan. «Ikerlariak onartu zuen ez zuela halako datazioak egiteko eskarmenturik, eta lehenengoz egin zuela halako ikerketa bat».

Zein dira zure eskariak?

Eskaera orokorra da gai hau zientziaz epaitu behar dela, eta eskari orokor hori hiru puntutan zehaztu dugu gero. Lehenik eta behin, grafitoak zehatz-mehatz noiz egindakoak diren ebatzi dezaketen arkeometria probak egiteko eskatzen dugu, horretarako gaitasuna dutela badakigun Europako bi edo hiru laborategitan. Bigarrenik, eskatzen dugu indusketan orain arte zer ikusirik izan ez duten arkeologoek ikertu dezatela aztarnategia, gune asko daudelako oraindik aztertzeko, eta uste dugulako pieza gehiago atera daitezkeela. Eta, hirugarrenik, badakigu Arabako Foru Aldundiko ordezkarien aginduz etenda daudela orain arte ateratako piezak aztertzeko lanak, eta eskatzen dugu garbitu gabe geratzen diren hemezortzi kutxa horiek ikertzen jarrai dezatela.

Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdiekin bilkura sorta bat egin duzue. Zer erantzun jaso duzue?

Bost alderdiekin batu gara, Voxekin izan ezik, eta denek egin digute harrera ona: denak daude zientziaren alde. EAJko ordezkariak esan zigun orain hasi garela zientzia eskatzen, eta gogorarazi behar izan genion Eliseo Gil izan zela lehena, aztarnategitik kaleratu zutenean, pieza horiek laborategietan azter zitzatela eskatzen. Esan zigun, argi eta garbi, beraiek ez zihoazela zientziaren kontra.

Eta konpromisorik lortu duzu?

EAJn kultur gaiak daramatzan Aitor Urrutiari aipatu nion prest nengoela gose greba uzteko eta lehen aipatutako hiru puntuak oraingoz atzean uzteko, baldin eta legebiltzarrak onartzen badu, epaiketen bidea bukatzen denean [ebatzi gabe baitago Gilen defentsak epaiaren aurka jarritako helegitea], gai hau epaiketaz harago doala eta piezak zientziaren bidez aztertuko direla. Gero adostuko dugu zer metodo erabili, baina orain, horrexekin, utzi egingo genuke gose greba.

Legebiltzarrak hori onartuko balu, ezbaian jarriko lituzkete Arabako Foru Aldundiak ontzat emandako hainbat txosten.

Esan nahi luke txosten horiek ez direla behin betikoak. Eta zalantzazkoak dira epaitegiak piezak faltsuak direla ebazteko oinarri izan dituen bi ikerketak ere. Bi ikerlari haietako batek onartu zuen bera ez zela gai erabakitzeko pieza haiek benetakoak ote ziren edo ez; beste ikerlariak 40 pieza ikertu zituen, eta ebatzi zuen 37 faltsuak zirela, 10-15 mikrako metal modernoen arrastoak zituztelako marretan. Mikel Albisu ikerlariak epaiketan bertan azaldu zuen airean dauden partikulek dutela neurri hori, eta, aldiz, gutxienez, 100 mikrako arrastoa utziko lukeela marka horiek egiteko erabilitako puntzoi batek. Argi ikusten da ikerketa horiek oso motz geratzen direla gai honek eskatzen duen zorroztasun mailarako.

Greba hasi zenuenean …

(jarraitzen du)

 

Larunbatean Iruña-Veleia autokarabana Gasteizen, zientziaren alde egiteko

Larunbatean Iruña-Veleia autokarabana Gasteizen, zientziaren alde egiteko

5 pentsamendu “Larunbatean Iruña-Veleia autokarabana Gasteizen, zientziaren alde egiteko”-ri buruz

  • Ez sinestekoa! 2020-10-22 20:16

    Benetan, badu zerbait tristetik, eta zerbait oso farregarritik, herri honetan azken aldian egin den gose greba bakarra, zer, eta iruña-veleiako iruzurra babesteko izatea. Eta errematea zein izango, eta zientziaren izenean.
    Esperpentoa espainola omen…

  • Egiten ari den gose greba ez da falrsutasuna edo benetakotasunaren aldekoa, eta ez da esaten iruzurra edo benetazkoak direnik. Gose grebarekin eskatzen den gauza bakarra XXI.mendean zientzia da, proba arkeometrikoak egin ditzaztela munduko aztarnategi guztietan grafito bat agertzen denean egiten den bezala. Hori da Iruña-Veleia gose grebaren helburua. Ez nahastu gehiago iritzi publikoa, eta gure ondarea eta historia zientziaren bidez argitu dadila behingoz!

  • Orain Zientziari eman hitza!

    Ikaragarria da aldarriak barruan daraman lehergai suntsitzailea.

    Konturatu ala ez, esaldiak adierazten ari dena da orain arte aritu diren zientzilariak, berdin arkeologo zein historialari edo hizkuntzalari, ez direla zientzilari. Hizkuntzalaritza bera ere ez dela zientzia, ezer argitu ez dezakeen denborapasa huts bat baizik.

    Eta are, esaten ari da deontologia zientifikoak ez duela bideratzen urte luzeetako ikerkuntza kontrastatuan, homologatuan eta onetsian ari diren zientzilari saiatu eta zintzoen lana.

    Eta den-dena, azken orduan aditu bilakatu omen diren lau iluminatik, faltsukeriaren lelokeria handienetan oinarrituta, “bazinezko” egin nahi izan dutelako ezinezko dena.

    Eta horretarako, “zientzia” hitzaren atzean gotortzea erabaki dute orain, hori zer den ongiegi ez badakite ere. Eta aldarri neutro eta bidezkotzat jaurtia balitz bezala hasi dira euskal munduan zabaltzen orain Zientziari eman behar zaiola hitza, borondate oneko jendeek haiekin bat egin dezaten, eta ahalko balute, baita ezker eta eskuin abertzaleak eta kolore guztietako euskaltzaleek ere. Jende-kopurua areagotzea iruditzen baitzaie arrazoia izateko bidea.

    Izugarria!

  • Henrique Knoörren manipulatu zenuten azken eskutitzan (Gorrochategui, Lakarra eta Yanguas) idatzi zuen bezala, hitz egin behar duen lehenengo zientzia ARKEOMETRIA da: datazioak, karbono14, termoluminizentzia, etab. Eta ondoren izango da hizkuntzalari, epigrafista edota historiagile zientzien momentua. Roslyn M.Frankinek eginiko txosten batean zeuen IP-ak eta mezuak grabatuta eta identifikatuta daude. Joaquín Gorrochategui eta Joseba Lakarra, zeuen gezurrak agerian geratzen ari dira. Eta 2021etik aurrera Iruña-Veleian indusketa berriak hasiko direnean, zeuen teoriak eta gezurrak bertan behera geratuko dira. Denborak bakoitza bere tokian jartzen du.

  • Antton Erkizia 2020-10-25 00:18

    Berrian 2020.ko urriaren 23a.
    “Zientziari eman hitza”
    Jose Ramon Etxebarriak, Laura Mintegik, Niko Xamardok, Iñaki Zabaletak eta Jexuxmari Zalakainek sinatzen duten gutuna

    Idazki hau sinatzen dugunok adierazi nahi dugu arduraz ikusten dugula Iruña-Veleia auzia eta, kezkak bultzatuta, gure iritzia plazaratu nahi dugu jendaurrean.

    Lehenik eta behin esan nahi dugu arazoa egon badagoela, urtez urte luzatu den auzia da eta oraindik ere konpondu gabe dagoena. Arazoak ez dira konpontzen lepoa emanda. Enoratze hutsak ez ditu desagerrarazten gizartean diren gatazkak. Ostrukarena egitea inoiz ez da irtenbidea.

    Bigarrenik adierazi nahi dugu erakundeek heldu behar diotela auziari eta baliabideak jarri behar dituztela arazoa behin betiko konpon dadin.

    Hirugarrenez esan nahi dugu zinez sinesten dugula zientzia dela erantzunak eman ditzakeena eta, beraz, zientzialariei eman behar zaiela hitza.

    Herritar moduan eskatu nahi diegu ardura politikoa duten alderdi eta erakundeei baliabideak jar ditzatela zientziak argitu dezan Iruña-Veleia auzia.