Larreola (Errioxa, alegia)
Larreola –
Errioxa izenaz ezagutuagoa den herrialdearen izena da tituluarena, Txillardegik atzeman zuena. Erdaraz «La Rioja» esaten dela kontutan hartuta, frogatu zuen «La» hizki hori ez dela erdarazko artikulua, baizik-eta izena beraren zati bat. Hain zuzen ere «Soy de Castilla» esaten da eta ez «Soy de la Castilla»; baina «Soy de La Rioja» esaten da eta sekulan ez « Soy de Rioja ». Logika horren alde izanik, Larreola erabiliko dut datozen lerroetan.
Eztabaida eta protesta asko sortu dira aste honetan Larreolako sozialistek herrialde horren autonomi estatutua aldatzekotan «Euskara Larreolako ondasun bat» dela aipatu nahi dutelako. Bertan alderdi abertzalerik ez izanik, oso harrigarria da, hain zuzen ere. Dena den, jeltzaleek begi onez ikusi dute erabakipen hori, eta nola ez, jakin dakigularik euskara mintzatua izan zela XVI-garren mende arte Larreolan, Nafarroako Hegoaldean eta Araban bezalaxe. Gero liburuaren sar hitzan hauxe idatzi zuen Axularrek: «Zeren anhitz molde eta diferentki mintzatzen baitira Euskal Herrian: Nafarra Garaian, Nafarra Beheran, Zuberoan, Laphurdin, Bizkaian, Gipuzkoan, Araba Herrian eta anhitz lekhutan». «Anhitz lekhutan» irakurriaz, zazpi probintzi historikoetatik at dauden herrialdeak ditugu gogoan, eta naski Larreola barne.
Merino Urrutia eta Aznar Martinez-ek Larreolako toponimi eta antroponimiari buruz asko idatzi zuten, baita bertako justizia arazoetan euskarak zuen presentziari buruz ere.
Arabako Larreolaren mugetan ibiltzen garenok, herrialdearen batasun naturala ezin dezakegu ukatu, Irun eta Hendaiaren artekoa bezalakoa baita. Logroñotik hurbil dira Oiongo eta inguruetako ikastolak.
Eskuinaldeko espainiolistek aldiz Larreolaren euskaldungoa ukatzen dute, XI-garren mendean Nafarroatik heldu euskaldunek «bortxaz» Ebroaren hegoaldeko herrialdeetara sartuko baitziren, baina arestian aipatutako jakintsuek eta hainbeste adituek frogatu dutenez, Erromatarren denboretan jadanik euskara edo euskararen familiako hizkerak bertan presente ziren. Baita Donemiliaga Kukulako idazkiak ere dugu lekukotasun bikaina.
Euskara galdu den herrialdeei beldur handi diote sektore antieuskaldun guztiek, horretaz mintzatzen ari garelarik mamu zaharrak arrapiztuko baitgenitun. Erreakzio bera gertatu zen -eta halaxe darrai – Arabako Lautada eta Nafarroako Herri Beherarekin. Oraindik pertsona askok diote eremu hauetan ez zela sekulan euskaraz mintzatu, baina ikastolak zabaldu dira eta euskaltzaleen kopurua ez da hain makala. Larreolari dagokionez, Nafarroan eta Araban gertatu zenari aitzi, nik dakidanez behintzat, ez dugu idazle euskaldunik ezagutzen, eta horregatik ez zitekeen bertan abertzaletasun azkarrik sortuko.
Abertzaleoi eta euskaltzaleoi Larreolako Alderdi Sozialistak proposaturikoak gure poza piztu baino ez digu egiten, ongi ikusiko baitgenuke herrialde honetan euskaldun berriak agertuko balira, eta zergatik ez, oldar eraikitzaile batzuk euskararen alde aritzea. Naski Larreolatarrek berauek badute honi buruzko hitza, bestela Espainiolistek Euskal Herriak anexioaren bitartez zabalago bihurtu nahi duela salatuko dute.
Espainiolisten erreakzioa neurrigabekoa deritzot, uste baitute sozialistek hizkuntzen koofizialtasuna ezarri nahi dutela, baina ez da hauen benetako xedea.
Hizkuntzaz gainera, badirateke Larreolako kultura eta ohituretan Euskal Herrikoen antza duten dantzak, aireak eta hainbeste ohiturak. Hauen berriz argira ateratzeak ez ote du Larreolatarren kuriositatea piztuko, non batzuek euskaldunberritzeko asmoa ukanen baitute? Beste aldetik ezin uka Larreolako jendeak Gaztelarekin baino gehiago bizi dela Euskal Herriarekin.
Euscarazco Errioxa naffarreraz Rioxa da.
Naffar Translator bidez hori da forma egoquiena. Ardoari rioxa deritzo.
Larreola (sic) hori ez dago inongo agiritan jasoa, zerorrek nondik atera duzu balizko toponimo hori?
Bada oinarri historiko eta filologiko kontrastatua duen lan txukuna Errioxa edo Rioja izenaren etimologia eta bilakaera ezagutzeko. Tomas Ramirez Pascualen proposamena da; Santo Domingo de La Calzadako apaiza izan zen 1981 eta 1999 bitartean.
‘Fayuela: revista de estudios calceatenses’ argitaratua, (ISSN 1886-3795, 2 zkia., 2006, 5-20. orrialdeetan), Errioxako Unibertsitateak jasotako lana da, ‘La Rioja, su origen y etimología. De cómo Santo Domingo de La Calzada nos trajo Rioja a La Rioja’ izenburukoa.
Rioja izena euskaratik ez, baizik erromantzetik datorrela proposatzen du Ramirez Pascualek, ondo garatutako azalpenen bitartez. Donemiliaga Kukullako 51. kodizean ageri den Rivalia hitz latinotik (lats edo errekasto multzoa aldierazten duena), erromantzez mintzo zirenen ahotan eboluzioz Rivalia > Rialia > Riolla > Rioxa / Rioja bidea egin zuena. Eta eskualde jakin bati lotua egotetik lurralde zabalagoak izendatzera iritsi zena, hala nola Burgosko Riojilla (Belorado ingurua), Arabako Errioxa (Nafarroko Mendibea edo Sonsierra de Navarra gisa ere ezaguna), gaur egungo La Rioja komunitate autonomoa, eta Soria iparraldeko eskualde ttiki bat, Rioja Soriana delakoa.
Hementxe duzue ikerlana:
https://dialnet.unirioja.es/servlet/articulo?codigo=2361153
Txillardegiren mireslea naiz ni ere, baina Errioxako toponimian dauden -olla eta -ulla bukaerako toki izenek (aspaldiko -olha batetik eratorriak) ez dute -oxa / -oja bilakaera izan.
Eduardo Aznar Martinezen lanetan ikus daiteke hori, hala nola Azarrulla (Azarolha-tik), Ollauri (Olhauri-tik) eta halako beste hainbatetan:
http://www.errioxa.com/7_toponimia_rioja/toponima_rioja.htm#principales
Larreolla, Larreolha edo Larreoxarik ez dagoenez dokumentaturik, oraingoz ez dut Txillardegiren eta Laffiteren proposamen hori ontzat joko. Ramirez Pascualenarekin gelditzen naiz, arestian aipatu dudana.
Ondoko iruzkinean, bikain adierazten da Azkaingo Larrune mendia bikingoen “rhune” hitzetik datorrela eta beraz La Rhune idazkera zilegia dela. Inoiz ez da faltako euskal izenentzat erdaratiko jatorriak proposatuko duenik, eta euskara zimeldu zen lekuetako izenez ari bagara, are gutxiago oraindik.
http://graphikdesigns.free.fr/paysbasque4.html
Krutwig jaunac ere Herrigoia erabilcen çuen Rioxa adiaraztecotz.
Documentaturic dagoen hoberena Rioxa da eta horrela ahoscatzen cen gaztelaniaz ere Rioja erraiten hassi ciren arte.
Naffarrerazco Rioxa /errioxa ere ahoscatzen ahal da.
Eta zeu ere inoiz ez zara faltako, Hartsuaga, euskararik ez dagoen zokoetan dena euskaraz eta euskaratik irakurri nahian.