Brouard eta Monzon

Brouard eta Monzon –

Azaroaren 20a iristean, hedabide batzuek gogorarazten digute Santi Brouarden estatu-hilketa eta arduradun polizial eta politikoen zigorgabetasuna. Aurten ETBk bereziki oroitarazi digu (2009ko Santi osagai ETB1en, eta 360º: Caso Brouard: bajando a las cloacas del Estado, ETB2n). Hil zutela 25 urte betetzean plazaratu zen halaber: Duintasuna omen: estatu hilketa idazkia euskaraz eta gaztelaniaz (Herri Ekimena. 2009). Eta hil zela bi urte baino ez zirela 23 bertsolarik eta zenbait presok eskaini zioten beren gorazarrea bertsoetan (“Gidari laguna: bertso hilezina Brouardi. Txalaparta. 1986).

Brouard eta MonzonAitortzen dut T. Monzonen biografia egitean, ez nuela bereziki erreparatu Brouard eta Monzonen arteko harremanean, baina handia izan zuten bi izen handi hauek, eta Brouardek Monzonen heriotzaren urtemugan idatzi zuen bezala (“Herri baten oihua”. Hitzaurrea), azken urteetan (12 urtez bihotzetik gaixo) jakinda bihotza oso gaixo zuela eta ez zuela bere amets politikoa gauzatua ikusteko aukerarik izango, halere borroka gogorrean jarraitu zuen: “kontzienteki, emate osoaren bidea jarraitu zuen, zeukan guztia besteei eskeiniz azken ondorioetaraino, guk geure herriaren askatasuna ikus dezagun”. Hitz horiek Brouardi berari eskaintzekoak ere badira.

Eta hemengo eta gaurko hitzetara etorriz: gure nazioaren askatasunagatik bizia eman zutenen memoriarik ez badugu, seinale gure nazioa eta askatasuna ez ditugula maite.

Noiz ezagutu ote zuten elkar Brouardek eta Monzonek? Biek bizi izan zuten 36ko gerra. Santik hamazazpi urte baino ez zituen jeneral espainolek, Mola eta Franco buru zirela, bozetan legitimaturiko espainiar errepublikaren aurkako gerrari ekin ziotenean; haatik, ez zen etxean geratu, eta EAJren Itsasalde batailoian esku hartu nahi izan zuen baina adingabea zelako Eusko Jaurlaritzak ez zuen onartu, eta frankistek bortxaz errekrutatu zuten, Bilbo erori baino lehen.  Monzon, berriz, Eusko Jaurlaritzaren Gobernazio sailburu izan zen. Jakina, ez zuten elkar ezagutuko orduan, baina seguru kontu horiek aipatu zituztela bien artean gerora, eta axolazkoena biek ala biek bizi izan zuten esperientzia traumatiko hura, oso desberdin bizi izanagatik.

1946an kokatu zen Monzon Donibane Lohizunen. Brouard noiz hasi ote zen sasi-muga iraganik hara aldera agertzen? Badakigu lekeitiarrarentzat giltzarri gertatu zela guardia zibilek Xenki eta Murgi erailtzea 1972ko Lekeitioko jaietan, konpromiso politikoari erabat lotzeko. Eta urte hartan bertan ezagutu zuen Peixotok Brouard Iparraldean, errefuxiatu batzuen etxean. 1975ean gertatu zitzaion erbesteratu beharra bi urterako. Kontua da bi abertzale handi hauen arteko harremanari dagokionez, Brouardek berak esanda dakigula askotan aritzen zirela biak solasean Monzonen Mende Berri etxean gure aberriaren egoeraz.

Garai hartan, bereziki 1973-1975 inguruan, denak ez, baina abertzaleak elkarrengandik hurbilago zeuden -denak Francoren aurka, nahiz diferente!-, bereziki Iparraldean errefuxiaturik zeudenak. Donibane Lohizuneko Urdazuri auzoan bizi zen Martin Ugalde -Eusko Jaurlaritzako kontseilari eta EAJkoa garai hartan, polizia espainiarrak beharturik han bizi zena-, ETAko Peixoto eta Argala ere bai. Egun batean, Ugaldek J.M. Torrealdairi kontatu zionez, Peixoto eta Argala bere etxean izan ziren, Monzonek ere arratsaldea berarekin igaro zuen Santa Kruz apaizaren kontuak mintzagai zituela, eta Monzonen ondotik, Brouard etorri zitzaion Ugalderi, eta gonbita egin zion beraiengana biltzeko.

Anekdota esanguratsu horretan Monzon eta Brouard elkar-adituta bezala ageri dira,  Ugalderen konfiantza irabazteko; Monzon aitzindari zorua prestatzeko, eta gonbidapen zehatza egiteko Brouard ondotik. Mikel Isasa orduko EAJko ordezkariarekin ere Ugalderen bitartez egin zuen bilera Brouardek. Besteak beste, Zokoako elizan, Pierre Larzabalek emandako mezetan ikusten zuten elkar Ugaldek, Monzonek, Brouardek, eta beste askok.

Politikoki erabat elkarren eskutik al zebiltzan garai hartan Monzon eta Brouard? Ez. Txillardegi eta Monzon ez zebiltzan bezala. EAS, EHAS (1975) eta HASIren  (1977) sorreran dago Brouard antolatzaile handia, eta Txillardegi, berriz, ESBren sorreran, eta Monzon bakarrik, EAJtik aldegin gabe, nahiz bere alderdiaren buruzagiengandik aldendua ibili. Esan dezagun labur-zurrean, iraganak eta sozialismoak bereizten zituela. Monzoni, esan liteke, ongi iruditzen zitzaiola Txillardegi eta Brouard bezalakoak euskal alderdi sozialista eratu nahian ibiltzea, baina beraren egiteko nagusia abertzale eskuindarrago eta ezkertiarragoen artean batasuna edo elkartasuna lortzea zen, zubigile izatea. Horregatik antolatu zituen 1977ean Xibertako elkarrizketak Monzonek, eta badakigu Brouard, Argala eta Jose Luis Elkorogatik bereziki, besteak beste, antolatu ahal izan zituela elkarrizketa haiek.

Brouardek eta Monzonek biek miretsi zuten Beñaran Argala, bereziki haren Euskadi independente eta sozialistaren alderako sakrifizio eskuzabal erabatekoa, eta gaitasun politikoa. Peixotok Brouard eta Monzon biak ezagutu zituen, eta honela parekatu eta balioetsi ditu: “Errefuxiatuen munduan konfiantza osoa eskaintzen ziguten bi lagun zeuden, Telesforo eta Santi, nahiz eta beste batzuek ere erakustsi duten sendotasun handia. Baina Telesforo eta Santi zerbait berezia ziren. Ezberdinak ziren. Telesforo poeta bat zen, arazo konkretuen gainetik hegaldatzen zuen poeta abertzale bat. Ez zen sartzen xehetasunetan. Baina Santi bai. Santi lurrean zebilen eta auzi bakoitzaren xehetasunetan sartzen zen. Ezberdinak ziren baina elkarren artean ondo ulertzen ziren” (Duintasuna omen. 30).

1977ko udazkenean Altsasuko Mahaia osatu zenetik, elkarrekin ibili ziren politikan. 1980ko otsailean, Mexikon eta Venezuelan, HBren ordezkaritzarekin, elkarrekin izan ziren. Lehenik, Monzon mintzatzen zen, eta gero Brouard. Askotan esaten bide zuen Brouardek: nire aurretik Monzonek esan duen bezala; eta alderantziz ere bai: ni Brouardekin ados, nahiz ez naizen nor gorria izateaz harrotzeko.

Hona Monzonen pertsonaren alderdi bereizgarriak laburbiltzen jarrita, zein adierazi zituen Brouardek, gaur eguneko hitzez laburbildurik: 1. Diskrezio eta dotoretasun espirituala, jarrera eta keinu txikienean ere. 2. Altruismoa. Sen poetiko fina dohainik eskaini zion herriari, inoiz egile eskubiderik galdegin gabe. 3. Gainerakoak ulertzeko gaitasuna. Gazteen alderako enpatia bereziki; dena eman, beren burua eskaini eta alaitasunaz sufritzen zekitenen aldera. 4. Ideien bizitasuna. Poeta, bertsolari buruargi eta pentsalari zabal gisa, ideiak beti azkar, ausart eta aurrerakoi sortzen zitzaizkion bera baino gazteagoak zirenen aldean. Naturak bihotza gogor eraso bazion ere, heriotzaraino errespetatu zuen bere adimen argi eta sakona. 5. Gaitasuna, jarraitutasuna, sakontasuna eta originaltasuna. Argalak esaten omen zuen Monzonengandik, proiektu politiko umotu bat azaltzen zitzaionean, hura onartzeaz gainera, beti itxaron behar zela harengandik ikuspuntu berri, original, giltzarriren bat. 6. Irmotasuna eta eskaintza: ondorio guztiekin; lan, atsekabe eta arazo guztiak onarturik. Brouardenak berarenak ere ez al ziren ezaugarri horietako asko?

Euskararen garrantzian eta praktikan ere bat etorri ziren: Monzonek erabili zuen hitzaldietan, poesian, antzerkietan, artikulu politikoetan eta abestietan, eta Brouardek ere hitzaldi, harreman pertsonal eta politikoetan.

Monzonek osasuna eta bizia galdu zituen euskal nazio eta estatuaren aldeko borrokan, eta borroka bertsuan engaiatu zen Brouard erailtzeko, ez zuten batere gupidarik izan agintari politiko-polizialek. Monzonek eta Brouardek galdu egin al zuten gudua? Ahazten baditugu bai; bestela, ez.

Honela zioen Ernest Alkhat zenak gorazarrezko bertsoetan, Brouard hil berritan:

Dudarik gabe herriarentzat onegia zinen Santi

Zure lan onak bildurra ere ematen zuen zonbaiti

Askatasuna euskaldunentzat ezin dutenek ameti

Tiro bat dute saritzat eman salbatzaile jator bati

Bainan guretzat Krixto bezala biziko zirade beti.

(…)

Gure herria aspaldian da egoera latzgarrian

Zu bezalaxe asko baitira bertze mundurat abian

Gure umeek jakingo dute datorren udaberrian

Nola idatzi behin betikotz gure euskera garbian

Zuen izenak urrezko hitzez herriaren ixtorian.

Hiru hamarkada eta urte batzuen ondotik, egun autodeterminazio eskubidea galdegiteko orduan bat gatoz, era bateko eta besteko abertzaleok. Euskal errepublika independente herrikoi edo sozialistaren aldeko borrokan gudari abantailatuak izan ditugu biak ala biak.

Pako Sudupe

Brouard eta Monzon
Brouard eta Monzon
Brouard eta Monzon
Brouard eta Monzon
Brouard eta Monzon
Brouard eta Monzon

Idazlea, irakaslea, hizkuntza-normalizazioko teknikaria (Azkoitia)