Lan deialdietan euskararen puntuazioa beti ongi zehaztuta uzterik ez
Lan deialdietan euskararen puntuazioa –
LAN DEIALDIETAN EUSKARAREN PUNTUAZIOA BETI ONGI ZEHAZTUTA UZTERIK EZ ZEN ONARTU, IRUÑEKO UDALEKO EUSKARAREN ORDENANTZAN.
Iruñeko Udaleko Euskararen Ordenantza 2019ko maiatzaren 29tik indarrean dago. 2019ko maiatzaren 14an argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
Aldaketaren aldeko gobernu taldeak erabaki zituen AETren alegazioen inguruan. Egindako txostena Lehendakaritza Batzordean onartu ondoren, Udaleko Osoko Bilkuran onartu zen, EH Bildu, Geroa Bai, Aranzadi eta Ezkerraren botoekin.
26 alegazioetatik bakarra onartu zen. Hemeretzigarren alegazioa ez zen onartu. Oro har, euskararen aldeko jarrera ez da nabaritzen txosten horretan.
…
HEMERETZIGARREN ALEGAZIOA.
17. artikulua:
“Balorazioa merezimendu gisa”.
17.9 artikulua gehitzea.
“Lan deialdietan, euskara puntuatzen bada, euskararen puntuazioa zehatz-mehatz adieraziko da. Ez dira erabiliko honelako esaldiak: Euskararen puntuazioa legearen arabera eginen da, euskararen puntuazioa Foru Dekretuaren arabera edo euskararen puntuazioa Euskararen Ordenantzaren arabera eginen da”.
Arrazoia:
2018ko azaroaren 22an argitaratu zuen Iruñeko Udalak deialdi hau: Deialdia, lehiaketa eta berariazko lehiaketa bidez betetzeko Iruñeko Udaltzaingoaren 22 udaltzain plaza, 15 kabo plaza eta 8 inspektoreorde plaza.
Deialdi honetan, euskararen balorazioa ezin da jakin, testua oso iluna delako.
Deialdi horren oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean agertu ziren (kasu bakarra edo ia bakarra legegintzadi osoan). Horri esker, deialdi horren kontrola oraindik egiterik badago. Iruñeko Udaleko webgunetik ziur aski desagertuta dago (ez badago desagertuta, laster desagertuko da). Beheko loturan agertzen dira oinarriak:
“http://www.navarra.es/home_eu/Actualidad/BON/Boletines/2018/226/Anuncio-9/”
Berariazko lehiaketan, 6.1.d) puntuak honela dio:
“Hizkuntzak: Gehienez ere 10’50 puntu.
Balorazio berbera emanen zaie Europar Batasuneko hizkuntza ofizial hauen ezagutzari: Frantsesa, ingelesa, alemana eta italiera. Euskara haren erabilera eta sustapena arautzeko indarreko araudiaren arabera baloratuko da”.
Lehiaketan, 6.2 puntuak honela dio:
“Balorazio-sistema berariazko lehiaketa-prozeduran xedatutakoaren arabera eginen da, hizkuntzen kasuan izan ezik, non balorazio berbera emanen zaion Europar Batasuneko hizkuntza ofizial hauen ezagutzari: Frantsesa, ingelesa, alemana eta italiera. Euskara haren erabilera eta sustapena arautzeko indarreko araudiaren arabera baloratuko da”.
Deialdi honetan segurtasun juridikoa erabat urratu zen. Bost hizkunza puntuatzekoak ziren, baina zenbat punturekin ez zuen jartzen.
Nafarroako Arartekoan jarritako kexan horrela argudiatu zen:
“Badakigu Euskararen Ordenantzaren arabera euskara Europa Batasuneko hizkuntzak baino % 25 gehiago puntuatu behar duela, baina ezinezkoa da kalkulua egitea Europar Batasuneko hizkuntzen puntuazioa ez baita ageri.
Egoki baloratuko al da euskara? Adibidez, Europar Batasuneko hizkuntza bakoitzari 5 puntu emana, eta atalak duen 10’50 puntuko mugarekin, euskararen balorazioa ezerezean gera daiteke.
Izangaiek ez dakite nola baloratuko diren hizkuntzak eta hori ezin da egin deialdi batean”.
Deialdi horren kasuan, Iruñeko Udalak azadu zion Arartekoari 10’50 puntuen benetako banaketa horrela zela: Frantsesa, 2 puntu; ingelesa, 2 puntu; alemana, 2 puntu; italiera, 2 puntu; euskara, 2’5 puntu.
Banaketa hori logikoa zen eta Euskararen Ordenantzaren arabera. Erabat ilogikoa eta zentzugabea zena zen lan deialdiaren oinarrietan puntuazio horiek argi eta garbi ez adieraztea, deialdi horretako parte hartzaileen eskubideen kaltetan. Haiek jakin behar dute nola baloratuko diren merituak.
Alegazio hau onartzen bada, gardentasunean irabaziko luke Iruñeko Udalak, horrela jokatuta.
IRUÑEKO UDALAREN EZEZKOA ALEGAZIOARI.
Proposatutakoak ez dirudi teknikoki beharrezkoa denik, baldin eta Euskararen Ordenantzan ezartzen badira, Nafarroako Administrazio Auzitegiak zenbait ebazpenetan –besteak beste, R18-00033an- aholkatzen duen bezala, euskara merezimendutzat baloratzeko egoki jotzen diren ehunekoak. Horregatik guztiagatik, ikuspuntu tekniko-juridikotik, alegazioa ezestea proposatzen da.
…
ERANTZUNAREN BALORAZIOA.
Kasu honetan ere, alegazioaren testua Euskararen Ordenantza batean jartzea bitxia izanen litzateke, baina praktika txar hori hor dago.
Bereziki Osasunbideak erabiltzen du ohitura txar hori. Iruñeko Udalak behin bakarrik kopiatu dio. Eredu txarrak hartzeko erraztasuna duenez, hobe hasieratik ekiditea.
Aldaketaren aldeko gobernu taldeak erraz har zezakeen ohitura hori, euskararen puntuazioa klandestinoa bihurtzeko gogoa dela eta. UPNk nola jokatuko duen ez dakigu.
Alegazio hau ez onartuta ere, euskararen egoera ez da aldatzen Iruñeko Udalean. Euskararen puntuazioa ongi zehazten bada deialdietan, hobe izanen da denontzat, hala ere.