Laster, “maizter maister”
maizter maister
Beste hizkuntzetatik maileguak hartzea gauza naturala dela iruditzen zait, betidanik egin da eta beti egingo da; gurea bezalako herri txikien kasuan gehiago jasotzen da eman baino, baina dena den, normala dela deritzot. Gainera, ez naiz ni aproposena hizkuntza kontuetan sekulako lezioak emateko. Nire lagun bat Maizpide euskaltegiko irakaslea da, eta eguna niri zuzenketak egiten pasatzen du; eta ez irakasle ulerkor bezala, ez, horretarako baita laguna, eta hori gutxi balitz, potrozorri eta adar-jotzaile galanta. Askotan esan diot Zuzeu orainkari digital prestigiotsuko erredakzioko kidea naizela eta errespetuz zuzentzeko nigana, baina ez du ezertarako balio.
Azkeneko asteetan mina egin didaten zenbait gauza entzun ditut. Hamaika Telebistan hizketan ari zen andre bati “onbligoa” entzun diodanean, Elkorretako inguruetan mokoan gari tanta bat zeraman uso bat zerraldo erori da Gartxoten oinetan. Asteburuan Igeldon antolatu duten jaialdian aritu naiz lanean, gozamena benetan, sekulako giro sanoa eta prezio herrikoiak (mailegua hemen hizkuntzari ez, bankuari eskatu behar zitzaion kontsumizioak egin ahal izateko); nola ez, izena entzun bezain pronto banekien horrekin topatuko nintzela: Kutxa Kultur.
Denbora pasa da, baina oraindik ez naiz ohitu "kutxa kultur" izenera; ez da ez euskara, ez gaztelania, ez ingelesa… guaismo hutsala deritzat
— Xabier Mendiguren (@xme64) September 4, 2016
Zer kristo da Kutxa Kultur? Xabier Mendigurenek dioen bezala, guaismo hutsala, kosmopaletismoa, cool-ero zikinak… Ene uste apalean, ingelesari gorazarre egitearen bidean pauso berri bat eman dute. Zeren eta, ingelesa izan gabe, bere ahoskera, tonoa, kopiatu dute. “Kutxa kultura” esatea kaka bat da, hobe “Kutxa kultur” esan eta gure “kultura” kutxa batean sartzea.
Ormaiztegin sartzeko errotonda ondoan dago Irizarren lantegi nagusia, eta horman, letra handietan, oso handietan, “since 1889” jartzen du, eta euskaldun batek hori irakurtzen duen bakoitzean autobus magikoa amildegi batetik behera erortzen da bidaiari guztiekin. Proposamen bat omen dago autobus fabrikako marketing departamentuan: enpresaren izenak “punge” gehiago izango luke ingeleraz, “community manager”-aren ustez, bere “handicap”-a agerian utziko luke. “Buses Irizar, Buses Old City“. Ou yeah. Ene abizena aldatzekotan nago. Beñat Hach Embarek OldCity. Ze kosmopolita, ze kosmoa, ze polita, ze kosmopolipoa.
Dena den, hipokrita bat nintzateke gaurko idatzian banketxeak eta enpresak bakarrik seinalatuko banitu. Mugitzen naizen, garen, edo zareten giroetan ingelesa oso sozializatuta dago, giro guztietan. Euskal Herriaren luze eta zabalean jaiotzen ari diren musika talde askoren izenak ikustea besterik ez dago; eta hori ez da gure hizkuntzak hutsune bat daukalako, euskal hiztun askok ingelerak balio handiagoa ematen diela pentsatzen dutelako baizik. Adibide gisa, atzo bertan ikusi nuen Durangoko jaietan txosnetan egongo diren kontzertuen zerrenda: hamabi taldetatik zazpik izen ingelesa daukate. Gaztelera eta frantsesarekin aski ez eta hau ere bai.
Ekainean etxe honek antolatu zituen jardunaldietan tesi interesgarri bat entzun nuen: euskaldunok ingelesa bigarren hizkuntza bezala hartu behar genuela, eta gaztelera zein frantsesa hirugarren postura atzeratu. Ene uste apalean, epe ertainean utopikoa eta irreala, baina hala eta guztiz ere, ideia interesgarria. Kontua da kanpora begira askotan lehen lekua hartzen duela ingelesak.