OIHANEDER-en Sortegiak sormen ikastaroak urritik abendura

OIHANEDERren Sortegiak sormen ikastaroak

Sortegiak sormen ikastaroak:

Antzerkia eta zinema

Antzerki sormena eta zinema sorkuntza ikastaroek osatzen dute Oihaneder Euskararen Etxeko 2016ko Sortegiak euskarazko sormen ikastaroen eskaintza. Javier Fernandezek emango du lehenengoa eta Maider Oleagak bigarrena, Gasteizko bi sortzaile garrantzitsu, bakoitza bere arloan esperientzia handikoak. Ikastaroak urritik abendura bitartean burutuko dira larunbat goizetan. Interesdunek irailaren 12tik 25era bitartean izango dute izena emateko aukera.

OIHANEDERren Sortegiak sormen ikastaroak

 

Ikastaroak, zehazki, urriaren 15etik abenduaren 17ra bitartean burutuko dira, larunbatetan, 11:00etatik 14:00etara. Bakoitzak 8 saiotako iraupena izango du. Alde teorikoa eta praktikoa landuko da eta bukatutakoan ikasleek amaierako lana (antzezlana edo laburmetraiak) aurkeztuko dute Euskararen Etxean. Beraz, euskaraz sortzeaz gain, sortutakoa euskaraz erakusteko aukera izango dute. Era honetan, transmisioaren kateak katebegi berriak izango ditu eta ezagutza eskuz-esku eta ahoz-aho pasako da sortzaile batengandik bestera. Ikastaroak 18 urtetik gorako pertsonei zuzendutakoak dira.

OIHANEDERren Sortegiak sormen ikastaroakIzena emateko epea irailaren 12an hasi eta 25ean bukatuko da, biak barne. Ikastaro bakoitzak 25 €ko kostua du. Langabetu, ikasle eta erretiratuentzat 20 €. Izena ematearekin batera motibazio testua bidali behar da, ikastaroarekin lotura duen norberaren esperientzia azalduz. Irailaren 30ean behin-behineko onartuen zerrenda jakinaraziko da eta ordainketa egiteko epea zabaldu (irailaren 30etik urriaren 5era, biak barne). Behin-betiko onartuen zerrenda urriaren 6an argitaratuko da.

Ikastaroak zehaztasunez:

Antzerki sormen tailerra: Antzerkiaren bitartez taldea eta norbanakoaren arteko harremanak lantzea da ikastaroaren helburu nagusia, ondo pasatzearekin batera, noski. Gaur egun, eguneroko jardueretan, bakoitzak gurera egiten dugu, gure onerako, antza. Antzerki tailer honen bitartez ekintza indibidual eta kolektiboen arteko harremanak eta mugak ikertzeko saiakera egingo da, parte-hartzaileengan eta publikoarengan galderak sortzeko xedez. Poetikoki esanda, “Guk ni laguntzen naugu” edo “Nik gu laguntzen gaitut” bezalako esaldien aukerak ikertuko dira modu eskeniko batean.

Irakaslea: Javier Fernández.

Zinema sorkuntza ikastaroa: Zinema sorkuntza da ikastaroaren funtsa eta praktika artistiko honen gorabeherak ulertzeko eta barneratzeko norberaren esperientzia nahitaezkoa da. Abiapuntu honetatik, zinema-sorkuntza keinuak eta keinu horiek aurrera eramateko hartu behar diren erabaki anitzak azaleratuko dira.  Horretarako, modurik aproposena sorkuntza bera da. Zinema ikustea esperientzia pertsonala da, intimoa, baita zinema sorkuntza ere. Talde lana ere bada. Ikastaroan zehar zinemaren teorian eta lengoaian ezinbestekoak diren zenbait puntu mahai gainean jarrito dira. Dena dela, ikastaroaren xede nagusia sorkuntza izanik, saioak praktikoak izango dira batez ere. Esperientzia delako ikasteko eta barneratzeko modurik hoberena. Zinema sorkuntzara gerturatzeko lehenengo urratsak elkarrekin ematera animatzen?

Irakaslea: Maider Oleaga.

 

oihaneder

www.oihaneder.eus

OIHANEDERren Sortegiak sormen ikastaroak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.