Kutxabank eta Euskara. Esan… eta egin?
Kutxabank eta Euskara –
Bi urte pasa dira eta langile euskaldunen portzentajea jaitsi egin da. Horrek ez du bermatzen bezeroei arreta euskaraz eman ahal izatea. ELAtik bezeroei kudeatzailea esleitzeko orduan hizkuntza-irizpidea aintzat hartzea eskatu genuen, bezero euskaldunak euskaraz artatzea bermatzeko, baina azken mugimenduek kontrako bidea erakusten dute.
2020 urtea berezia izan da, oso berezia. Ezohiko egoerak omen dira pertsona eta enpresen benetako aldea ezagutzeko momentua. Eta Kutxabankek argi azaldu du Euskarekiko jarrera.
Osasun krisiak horrela behartuta, bezeroek, enpresek zein norbanakoek, Kutxabankera jo dute finantza- konponbide eske, eta Kutxabankek erdara hutsez erantzun du. Enpresa eta autonomoentzako ICO maileguak eskatzeko beharrezko agiri guztiak, erdara hutsez egon dira. Norbanako bezeroek hipoteka-luzamenduak (moratoriak) sinatu beharreko dokumentazioa ere bai.
Alarma-egoera bitartean lanera joan ahal izateko Kutxabankek egindako ziurtagiria ere erdara hutsez egon da, nahiz eta ELA Sindikatuak elebidun izateko eskatu….
Guzti honek agerian uzten du Kutxabanken euskararekiko jarrera ez dagoela errotuta. Zuzendaritzak berak onartutako hizkuntza-irizpideak ez dira betetzen eta zenbait langileren jarrerari esker urratsak ematen dira. ELAtik biziki eskertu nahi dugu langileek egindako lana zerbitzu elebiduna eman ahal izateko, nahiz eta askotan zama gehigarria ekarri. Baina argi dago Kutxabank bezalako enpresa batean euskarazko zerbitzua ezin dela borondatez lankide jakin batzuek egindako esfortzuaren menpe. Kutxabanken egituretan errotutako ildoa behar du izan, eta hori, gaur gaurkoz ez da ematen.
Euskaraldia badator eta Hizkuntza Kudeaketako lankideak lan txalogarria egiten ari dira Euskaraldiaren nondik norakoak azaltzen, baina horrek ezin du Kutxabanken errealitate gordina zuritu.
ELAtik argi dugu Euskaraldia bezalako ariketa-kolektiboan ezinbesteak ditugula eta langile guztiak parte hartzera deitzeko unea dela. Baina Kutxabankek euskararekin duen jarrera salatzeko unea ere bai.
ELAk enpresari euskararen arloan aurrera egiteko eskua luzatzen dio beste behin, eta horren adierazle dira Euskara Batzordean proposatuko ekimenak, oraindik enpresak martxan jarri gabeak… Baina gurea lankidetza kritikoa da, ondo egindakoak aitortu, baina gaizki egindakoak, edo egin gabekoak salatuz.
“Azken batean, esan eta egin behar da…. Eta Kutxabankek ez du ezer egin bi urte hauetan. Ez erabili Euskaraldia euskararen arloko utzikeria estaltzeko, ezta zuritzeko ere”.
Kutxabank jartzen duen tokian, ehunka enpresa izendatu daitezke, Eusko Jaurlaritza bera ere.