Kontrako norantza Nafarroan
Kontrako norantza Nafarroan –
Atzo, hizkuntza gutxituen alde lan egiten duten Nogara, Iniciativa Pol Asturianu, A Mesa Pola Normalización Lingüística, Acció Cultural del País Valencià, Ciemen, Escola Valenciana, Obra Cultural Balear, Òmnium, Plataforma per la Llengua eta Euskalgintzaren Kontseilua erakundeek sustatutako eta Madrilen onartutako puntuak biltzen zituen mozioaren kontra egin du PSNk Iruñean. Nafarroako Parlamentuko mozioa EH Bilduk, Geroa Baik, Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak sustatu zuten.
Erabaki ulertezina
Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao Nafarroako Parlamentuko eztabaidan izan zen atzo, eta erabakia «ulertezina» dela kalifikatu zuen: «Oraindik ez dugu ulertzen zer gertatu den testuarekin Madrildik Iruñerako bidean. Atzo, Nafarroako Parlamentuan aurkeztutako testua Madrilen onartutakoaren berdin-berdina izan zen». Hartara, «ulertezina da testu beraren aurrean bi jarrera antagoniko izatea. Izan ere, abstenitzea ere bazuen, baina ezezko biribila ematea erabaki zuen», adierazi du Kontseiluko ordezkariak.
Bilbaok gogoratu du eragileek adostutako eta hamar alderdiren babesa zuen lehen dokumentuak zazpi puntu bazituen ere, Madrilgo Kongresuak hiru onartu zituela eztabaida luzearen ondoren. Kontseiluko apirilaren 8an egindako balorazioa ekarri du gogora: «Kongresuak onartu zituen hiru puntuekin arrakala egin genuela baloratu genuen eragileok, finean, oinarrizko elementuak jasotzen zituztelako. Egokitzat jo genuen alderdiak adostasun horretara iritsi izana, eta ez genuen zalantzarik testu horiek autonomia-erkidegoetako parlamentuetara helduz gero, babes bera jasoko zutela».
Gogoan hartu beharrekoa da, bederen, Madrilen onartutako puntu bat zuzen-zuzenean lotzen zaiola Nafarroako errealitateari: Berezko hizkuntzen ofizialtasunerako estatutu-erreformak bultza eta babes ditzala, hizkuntza horiek ofizialak ez badira hitz egiten diren lurraldearen zati batean edo lurralde osoan. «Oso argi geratu zen lurraldearen zati batez ari garenean, besteak beste, Nafarroaz ari garela, eta horrexegatik erabaki genuen testua horrela idaztea. Hartara, Madrilen bozkatu zutenean ere, bazekiten zein ondorio zekarren puntu horrek», adierazi du Kontseiluko ordezkariak.
Horrela, erabat kontraesankorrak iruditu zaizkio Kontseiluko eledunari alderdi sozialistako ordezkariaren hitzak eta argudioak. Bilbaok dioenez, eztabaidan «une oro» aipatzen zituen beste autonomia erkidegoetako adibideak, baina funtsean, «badago horiekiko desberdintasuna». Izan ere, «autonomia erkidego horietan, Asturiasen esaterako, eztabaidan ofizialtasunaren hitza sartzeak ez du inolako arazorik sortzen, eta ofizialtasunaren beraren alde agertzen da bere alderdia. Nafarroan, aldiz, ofizialtasun hitzak berak sortzen die egonezina», azaldu du.
Hurrengo urratsak
Hizkuntza gutxituen aldeko gizarte eragileek hitzordua eskatua dute Espainiako Gobernuko Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko Ministroarekin Kongresuak onartutako Legez Besteko Proposamenean jasotakoa nola exekutatuko duen galdetzeko: «Gogoratu behar du Espainiako Kongresuak mandatua egin diola Gobernuari puntu horiek bete ditzan; hortaz, Gobernuari dagokio autonomia erkidegoetan estatutu-erreforma horiek bultzatzea», gaineratu du.
Horren bueltan, Bilbaok esan du ikusi behar dela Gobernuak zein jarrera hartuko duen. Bere hitzetan, autonomia-erkidego batzuetan aurrera egiteko ekinbideak abian jartzeko aldeko jarrera izango du bere alderditik, eta beste autonomia-erkidego batzuetan, aldiz, bere alderdiak galga jarriko dio. «Paradoxikoa izango da».
Amaitzeko, Kontseiluko eledunak gogoan izan du jarrera uzkur hori egun Nafarroako Gobernuak hainbat eremutan garatzen duen hizkuntza-politikarekin bat egiten duela: «Kezkaz ikusten ari gara zenbat oztopo ari den jartzen, besteak beste, lanpostu publikoetan euskararen ezagutza baloratzeko, euskarazko hezkuntza garatzeko… Horrela, egia da atzoko bozka egun daraman hizkuntza-politikari lotzen zaiola».