Konplexuak
Konplexuak –
Hiromi Yoshidak Uztarria aldizkarian.
Mota askotariko konplexuak ditugu, hizkuntzari lotutakoak tartean. Ni Tokion bizi naiz, eta japoniera batuan hitz egiten dut han, baina iparraldeko nekazarien munduan dagoen gure herrira joaten naizenean, beti bertako hizkeran aritzen naiz.
Azken hogei bat urte hauetan, ordea, gure herriko gazteek ez dutela bertako hizkeran hitz egiten konturatu naiz; lagunen artean, behintzat. Gu gazte ginenean, aldiz, edonorekin eta edonon, herriko hizkeran mintzo ginen. Garbi dago jendea herriko hizkerarekin lotsatu egiten dela eta horregatik jotzen duela japoniera batura. Lotsa hori guk ere bageneukan gure gazte denboran. Baina lotsa zergatik? Erantzuna garbi dago: barre egiten zigutelako (edo digutelako) hizkeraren kontura. Zergatik, ordea? Beraien burua hiritar modernotzat zutenek laborantza giroko jendea behe mailakoa bailitzan hartzen zutelako, eta gure hizkerak baldarrak bailiran, burla egiten zigutelako.
Horren bueltan historia luzea dago, eta hedabideek egin izan duten zerbait ere bai. Horrela sortu ziguten gure hizkerarekiko konplexua. Baina gure herrian batuan hitz egitea ez zitzaigun inoiz burutik pasatu gaztetan. Dena den, egungo gazteek lehengo gazteok baino informazio askoz ere gehiago daukatelako edo, bertako hizkera uzteraino iritsi dira. Ama gazteek beren umeak japoniera batuarekin hazten dituzte, “guay” ez den herriko hizkera albo batera baztertuta.
Zenbait euskal hiztunek ere konplexua daukala dirudi, eta euskararen kasua askoz ere konplikatuagoa iruditzen zait: batetik, euskarak gaztelaniak baino balio gutxiago duelako uste ustela hor izan da; eta bestetik, beste euskalkiekiko konparazioek ere eragin dituzte konplexuak. Hangoa politagoa dela, horkoa zatarragoa, han gaizki hitz egiten dutela eta abar. Baina hizkuntzalari begiekin ikusita, ez dago ez hizkera zatarrik, ez politik. Hizkuntzak (dialektuak) hor daude eta kito. Eta dauden bezala errespetatu nahi ditugu, gizakien altxorrak dira eta.