“Hizkuntza, generoa, klasea eta jatorria elkargunean” iruzkintxoa
“Hizkuntza, generoa, klasea eta jatorria elkargunean” argitalpenari iruzkintxoa –
Orain hilabete batzuk Beltzak eta euskara posta idatzi nuen, euskalgintza eta feminismoa uztartzeko Lorea Agirre eta Idurre Eskisabel egiten ari diren lan beharrezko eta ezin interesgarriagoak sortzen zidan kezka bat plazaratzeko. Loreak “Euskara, generoa, jatorria eta klasea gurutzatzen diren lekua” uda ikastarora gonbidatu ninduen, bertan gaia jorratu behar baitzen, baina berandu ibili nintzen: webean sartu nintzenerako ez zen lekurik. Zorionez. Ikastaro horietan jorratutakoak Jakin aldizkariak bildu ditu, zorionez.
Irakurri beharreko lan gomendagarri honek galdera egokiak egiten ditu: “hizkuntza, generoa, klasea, jatorria non, noiz eta nola gurutzatzen dira? Non gertatzen dira menderakuntzak? Nork menderatzen du nor? Non?” (14 orr).
Goraipatzekoa da feminismoak, zintzotasunez, norberaren gabezien eta mugen jakitun, deszentratzeko duen gaitasuna eta botere harremanak erreproduzitzeko erak (baita inkonzienteak ere) autokritikoki bilatu eta azaleratzeko egiten duen lana. Jakin-en argitalpen hau lan horren beste erakusgarri bat da. Zein garrantzitsua den deszentratze hori; norbere buruaz galdera deserosoak egitea, norberaren pribilegioez kontziente izatea, konturatu gabe bada ere, besteak menderatzeko izan dezakegun joeraz arduratzea…
Arrazoi dute Idurrek eta Loreak diotenean: “hizkuntza nor izatearen parte da, generoa, klasea, jatorria diren heinean, eta horiek justizia sozialaren eta demokraziaren parametroetan jokatzen diren hein berean jokatzen da euskara. Justizia soziala eta demokrazia” (33 orr).
Gainera “hizkuntza minorizatuak harremanen gaineko begirada ez hegemoniko bat ematen digu” (27 orr), eraldaketarako lagungarria izan daitekeena. Eta Suzanne Romaineren aipu bat dakarte orrialde berean: “pobretuak dira hizkuntza gutxiagotu gehienak hitz egiten dituztenak”.
Esango didate, zapaldumetroa ez dela erabili behar (22 orr), baina Amelia Barquinek dioen moduan: “euskararen hiztunak klase ertainean kokatzen dira nagusiki. (…) Euskara hizkuntza minorizatua da, baina ikasteak eta erabiltzeak, zorionez, ez dakar beste minorizazio batean ingresatzea, kontrakoa baizik.” (123 orr).
Nire ustez ariketa ona da zapaldumetroarena. Esan nahi dut, ona da nire buruari galdetzea: nik gai jakin batean aurrera egiteko borrokan, zapaltzen ari ote naiz beste arrazoi bategatik zapalduta dagoen norbait? Ariketa ona dela iruditzen zait, Mari Luz Estebanek dioen moduan “aliantzak eta elkarrelikadurak ez (bait) dira sortzen borondate eta pentsamendu inuzentetik, baizik eta kanpo eta barne ezberdintasunak, kanpo eta barne gatazkak ikusgarri egiten eta aitortzen dituen jarrera irmo batetik. Halaxe, erabiltzen ari garen kategorien aurrean zuhur jokatu behar dugu” (47 orr).
Estebanek dioen ildo horretan doa Idurre eta Lorea egiten ari diren lana, nire ustez: kanpo eta barne gatazkak ikusgarri egiten, galderak planteatzen, erantzunak modu ausart eta irekian bilatzen. Benetan eskertzekoa da.
Iruzkin honek ekarpentxo bat gehiago besterik ez du izan nahi bilaketa horretan, Beltzak eta euskara postan azaldu nuen kezkak hor baitarrai. Estebanek ere bere artikuluan dio “maketo” hitz zaharrari buruz ari dela: “nago bere atzean dagoen ideologia arrazista eta klasista ez dela guztiz desagertu, nahiz eta aldaera berriak eta politikoki zuzenak hartu XXI. mendean” (38 orr). “Etnia-arrazari dagokionez feminista abertzaleek haien aldarrikapenak aldagai horren gainean eratu arren, ‘euskal nazioari’ aplikatu zaio gehienbat. Beraz, esango nuke, arrazoi ezberdinak tarteko, enpleguaren beheko postuetan eta gizartearen ertzetan dauden emakumeak feminismotik umezurtzago utzi ditugula” (39 orr). Beste horrenbeste esan beharko genuke ere ekologismoaz, sindikalismoaz, euskalgintzaz… baina feminismoak hori esateko zintzotasuna eta ausardia dauka, badakielako, besteak beste, errealitate hori azaleratu gabe ez dela izango nahi duen subjektu eraldatzailea.
Bada, alarmatxo bat piztu zitzaidan nire baitan Idurre eta Lorearen artikuluan esaldi hau irakurtzean: “Gu zuri garen heinean, beltz baten aurrean pribilegiodun gara, baina beltz hori gaztelaniadun den heinean, pribilegiodun da euskal hiztunaren aurrean” (21 orr). Barquinek erantzuten dio, nire ustez, esaldi horri: “hiritar horiek euskaraz ez jakiteak esan nahi duela beste desbantaila bat gehituko zaiela jada dauzkatenei” (117 orr), aurreraxeago euskara-whashing-a existitu daitekeelako kezka azaltzen du, gainera, “alegia, euskararen defentsaren izenean, jatorriaren aniztasuna arbuiatzen da, eta norberaren klase sozialekoekin elkartzeko estrategia bihurtzen da?” (118 orr).
Berriro diot: badakit Loreak eta Idurrek esaldi hori ez dutela zentzu horretan esaten, baina zentzu horretan erabilia izan daiteke ere.
Horretaz gain, ez nuke esango beltza pribilegiodun bat denik euskal hiztunaren aurrean, normalean, gaztelania bere bigarren hizkuntza izango baita, gure kasuan bezala (edo hirugarrena, edo laugarrena…). Are, seguruenik guk beraiek baina hobe menderatuko dugu gaztelania. Eta ez ahaztu, Hegoamerikarrez ari bagara bederen, guri hizkuntza inposatu digun inperio espainiar berberak inposatu ziela hizkuntza haiei, beraien hizkunza propioak deuseztatuz.
” Eta ez ahaztu, Hegoamerikarrez ari bagara bederen, guri hizkuntza inposatu digun inperio espainiar berberak inposatu ziela hizkuntza haiei, beraien hizkunza propioak deuseztatuz”
Beraz, Jazztel edota Vodafoneko teleoperadore hegoamerikar nazkante batek komentario zakar iraingarri bat botatzen didanean, bere enpresak zerbait saldu nahi badit, euskaraz dakien teleoperadore batek egitea exijitu dudalako, gizajoa desenkusatu beharko dut duela bostehun urte bere arbaso bati gaztelania inposatu baitzioten.
Zakurraren putza!!
Ea noiz jabetzen garen etsaia, etnozida espainiolak direla, feminista, trans edo indioz mozorratuta badatoz ere.
Eta etnozideen artean, enpresetan (nirean, Osakidetzan, adibidez) hain ugariak diren ELAko delegatu gaztelaniadun elebakarrak sartuko nituzke ere bai.
Euskalduna banaiz, baina indioa naiz batez ere.;-)