Asteburuko zinema estreinaldien errepasoa!

Asteburuko zinema estreinaldien errepasoa! –

Estreinaldiak: Azaroak 24

Egilea: Maialen Goñi

.

You Were Never Really Here (En realidad, nunca estuviste aquí)

Lynne Ramsay zinegile eskoziarraren berriena, Cannesko zinema jaialdian gidoi onenaren saria (Ramsay) eta aktore onenarena (Joaquin Phoenix) jaso zituena, Donostia Zinemaldiko Perlak sailetik igaro zen irailean, eta asteburuan zinema aretoetara helduko da. Gerrako beteranoa den Joe tipo bakarti eta bortitza da; New Yorken bizi da amarekin, eta sexualki esplotatutako emakumeak askatzen ditu, sikario gisara. Ez du lagunik, ezta maitalerik ere, eta bitartekari batek ematen dio enkarguen berri. Egun batean, politikari ospetsu baten alaba gaztea askatzeko eskaera jasoko du, bahitu egin baitute. Enkargua espero baino gehiago zailduko da, ordea. Film bortitza da, iluna oso, baina soinuaren diseinuak eta Phoenixen interpretazioak ez dute inor epel utziko.

.

God’s Won Country (Tierra de Dios)

Francis Leeren lehen proiektua 2005eko Brokeback Mountian film enblematikoarekin alderatu dute zenbait adituk, eta hainbat sari jaso ditu bai Sundanceko zinema jaialdian, baita Edimburgokoan ere. Josh O’Connor eta Harry Lister Smith aktoreek Yorkshireko landa eremuan maiteminduko diren bi mutil gazteren istorioa pantailaratuko dute. Lehena Johnny Saxby izango da, artzainen familia bateko semea, alkoholarekin eta sexuarekin dituen arazoak gainditzen ahalegintzen ariko dena; bigarrena, aldiz, Errumaniatik ardien hazkuntzan lan egitera etorritako etorkina. Hainbat egun mendian igaro beharko dituzte, eta elkarrekiko sentitzen duten erakarpena askatuko dute bertan; etxera itzulitakoan, ostera, harremana ezkutuan eraman beharko dute. Kritika bikainak jaso dituen drama errealista eta interesgarria.

.

La higuera de los bastardos

Ramiro Pinillaren eleberri homonimoan oinarritutako filma zuzendu du Ana Murugarren zinegile nafarrak, bere ibilibdeko bigarren film luzea. Euskaldunak hiltzetik eremita izatera igaroko den Rogelio falangistaren istorioa kontatuko du, umore beltza eta ukitu esperpentikoak baliatuta. Carlos Areces, Karra Elejalde, Ylenia Baglietto, Ramón Barea eta Mikel Losada, besteak beste, ageri dira aktore-taldean.

.

Paddington 2

Paddington hartza maitagarriaren bigarren kapitulua euskaraz izango da ikusgai asteburuan Euskal Herriko zenbait zinema aretotan. Lehen filmaren egile Paul King arduratu da bigarren honen zuzendaritzaz ere, eta Brown familiarekin egunean jartzeko balioko die ikusleei. Izan ere, Paddington erabat barneratu da familiaren dinamikan, baita Windsor Gardens komunitatean ere. Izeba Lucyk 100 urte beteko ditu, eta hartzatxoak Mr. Gruberren dendan erositako liburu berezi bat oparitu nahiko dio; horretarako, orotariko lan bereziak egingo ditu. Hugh Bonneville eta Sally Hawkins aktoreekin batera, Hugh Grant ere ikusiko dugu oraingoan.

.

Murder on the Orient Express (Asesinato en el Orient Express)

Agatha Christieren eleberri ezagunaren pantaila handirako egokitzapena osatu du Kenneth Branagh estatubatuarrak, Maltarekin batera egindako koprodukzioan. Branagh bera, Penélope Cruz, Willem Dafoe, Johnny Depp, Michelle Pfreiffer eta nazioarteko beste hainbat izar arrakastatsuk hartu dute parte proiektuan, nahiz eta izen potoloen babesak ez duen kritika baretzeko balio izan. Filmak, jatorrizko lanak bezalaxe, Orient Express tren famatuan jazotako hilketa bat kontatuko du. Bidaian zehar gertatuko da, eta Hercules Poirot detektibe belgikarrak egilea nor den deskubritu beharko du.

.

Estreinaldi guztiak ezagutzeko, sartu Zinea atarian!

Asteburuko zinema estreinaldien errepasoa!
Asteburuko zinema estreinaldien errepasoa!

Euskal pantailaren gunea