Katagorriak, paparrak eta dominak

Katagorriak, paparrak eta dominak –

Leire Narbaizak Gipuzkoako Hitzan.

Gauzak gordetzeko joera dut, joera handiegia. Batzuek pentsatuko dute Diogenes sindromearen hasieran nagoela. Baina izen hori ez dut gogoko.

Katagorriak, paparrak eta dominakGauzak gordetzeko joera dut, joera handiegia. Batzuek pentsatuko dute Diogenes sindromearen hasieran nagoela. Baina izen hori ez dut gogoko. Nahiago dut katagorrien modukoa naizela pentsatu; ez bakarrik Edu Lartzangurenek azaldu zigulako filosofo zinikoak ez zuela inoiz zaborrik pilatu, sindromeduna izateak itxura narrasa ere ematen duelako. Gurago, urtxintxak bezala ez hain gora, ez hain trebe, jasotako fruitu lehorrak hainbat biltegitan gordetzen ditudalako irudia.

Katagorriei ere batzuetan gertatzen zaie ez dakitela non gorde dituzten jasotako ezkur eta intxaurrak, eta hala ibili naiz ni ere aurreko Euskaraldiko txaparen bila, etxeko kutxa, kaxoi eta zurkulu guztietan begira. Berandu izena eman, eta txapa berria jasotzeko ordutegi desegokia niretzat. Bazterrak arakatu, eta bidean makinatxo bat intsignia batu ditut. Esan nezake paparrean eroandako orratzen arkeologia egin dudala —lasai, momentuz ez dut ostrakarik topatu!—. Lomceren kontrakoa, Sahararen aldekoa (paparrera berriro), presoak Euskal Herriratzekoa, euskararen aldeko egitasmo askotakoak (euskara elkarte, mintzodromo, Korrika, Bai Euskarari-koa!), Seaskakoa, Gerrarik ez, propagandakoak (liburu, disko eta tabernetakoak!), Simone de Beauvoir eta Angela Davisen irudia dutenak, errefuxiatuen aldekoa, Itoizen kontrakoa (apurtuta, zelako pena!)… Zaharrena 1992koa da! Baina Euskaraldikoa agertu ez! Agian, indusketa geruza sakonegietan egin dut, eta orratz berriagoak azalago egongo dira, azkeneko gaztainekin.

Intsignia multzoa ikusita, askotxo begitandu zaizkit; uste dut denak batera ikusteak inpresio hori sortzen duela —urtxintxek ere hori usteko dute fruitu lehor multzoa ikusten dutenean?—, baina nire paparra ez da izan aldarrikatzaileena, ez horixe. Urte lartxo izateak ere badu eragina, jakina. Katamixar zaharra naiz.

Aurkitzen ez dudan Euskaraldikoa, ostera, aldarrikapena baino gehiago ikurra da, hamabost egun hauetan jokatuko dugun rolarena, hain zuzen ere. Eztabaida dezente izan ditugu azken boladan rolen inguruan, eta askotxok esan dute ahobizi intsignia domina zela, ohore bat bezalakoa. Ez nago ados, txapa horrek erronka ere badakarrelako: egoera gehiagotan euskaraz mintzatzea, lehenengo berba euskaraz egitea, ahalik eta gehienetan. Baina elkarrizketetan laguntzea ere badakar, pazientzia irabaztea, kostatzen zaionari adorea ematea, zenbaitetan gure euskara modulatu eta errazagoa egitea hobeto uler diezaguten. Esanahi hori ere badauka paparreko orratzak.

Ahaztu barik sare sozialetan eta Interneten ere euskara gehiago erabiltzea ekarri beharko lukeela. Era berean, euskaraz irakurtzeko ahalegina inplizitu eduki beharko luke. Edo euskara hobea erabiltzekoa; izan ere, ahobizi izateak, erronka izateaz gain, gure kontzientzia ere inarrosi behar duelako. Ahalegin guztia ezin diegu lagako belarriprestei, ezta?

Urtxintxa honek hau guztiau pentsatu du zoko-mokoetan Euskaraldikoaren bila ibili bitartean. Karraskari sinpatikoei ere ahaztu egiten zaie non dituzten jasotako intxaur eta hurrak. Ondorioz, eta denboraren poderioz, metatu eta atzendutako haziak ernamuindu, eta arbolak sortzen dituzte bazterretan. Gordetako gure txapok ere garatuko ahal dute aldarrikatzen dutena, katamixerrak bezain zuhaitz landatzaile onak izan gaitezen. Oxala!

Katagorriak, paparrak eta dominak Katagorriak, paparrak eta dominak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude