Eskolan euskaraz mintzatzeagatik, mihi-haria moztu eta buruan zauria egin!

Eskolan euskaraz mintzatzeagatik, mihi-haria moztu eta buruan zauria egin! –

Hona hemen, lehenik, Euskal Herriko bertako agintariek duela hiru mende nola jokatzen zuten salatzen duen lekukotasuna. Beasaingo Udalak Domingo Artieda maisuarekin 1730eko ekainaren 9an egindako kontratuan, besteak beste, honako agindu hau ematen zen: maisuak ez diezaiela euskaraz mintzatzea onartu ikasleei, eraztuna jarriz, eta haiek merezi bezala zigortuz (J.M. Torrealdai: Asedio al euskera. Txertoa. 2018. 47or. Itzulpenak neureak).

Eskolan euskaraz mintzatzeagatik, mihi-haria moztu eta buruan zauria egin!

Herritar xume euskaldunengandik aldenduta eta botere arrotzarekiko konplizitatean bertako elite elebidunak euskara baztertzeko ahaleginean.

Bigarrenik, Juan Antonio Mogel apaiz eta euskal idazlearen 1803ko lekukotza-salaketa laburtua. Maisua epaile zorrotz-larderiatsu eta zigor emaile bilakatua, bertako elite eta kanpoko botereekiko lankidetzan:

“Heltzen da larunbata. Esertzen da epaile jarlekuan maisua (…) galdetzen du izua emateko moduko aurpegiarekin nork daukan eraztuna, eta denek akusatzen dute erruztatua; hark ezin du krimena ukatu, eta belaunak dar-dar dituela bere zoritxarreko bereizgarria ateratzen du, eta maisuaren agiraka zorrotza entzunik bere aberri hizkuntzan mintzatzeagatik eta ez atzerrikoan, eskuak hartzen dizkio maisuak eta esku-barruetan kolpeak ematen dizkio, eta erretiratu egiten da mutikoa malko bakar bat isuri gabe, zigorra bikoiztu ez diezaioten. Baina maisuak jarraitu nahi badu zorroztasun judizialarekin, esklabo bat bezala zehatuko du, letra gaztelaua “odolez sartzen dela” irudikatuz”.(Aip.lib.70)

Hirugarrenik, Joxe Miel Barandiaranen lekukotasuna, Martin Ugaldek elkarrizketaturik. Kasu honetan, ikaslearen ikuspegitik, euskara baztertzeko sistema horrek nolako eraginak sorrarazten zituen adingabeengan:

-Inoiz ez zizueten erakutsi testu bat euskaraz irakurtzen? -Inoiz ez.

Gure artean gure hizkuntzan hitz egiten harrapatzen zuena eraztunaren sistemarekin zigortzen zuen, orduan normala gure eskoletan.(…)

Don Manuelek [Arrese] euskaraz hitz egiten aditzen zuenari eraztuna jartzen zion; eraztun hori ikaslerik ikasle igarotzen zen, eta horrek gure artean beldur handia sortzen zuen eta eraztuna patrikan zeukanari hurbiltzeko errezeloa, ze hark eragin ziezagukeen falta, gutako edonori euskaraz eginez, eraztun iraingarria pasaraziz, eta horregatik denok ihes egiten genuen eraztuna zeukanarengandik; hartara, eraztunak helburu bikoitza betetzen zuen: norbera bakarrik sentiarazten zuen, ikaskideek baztertua, eta halakoari jipoiaren beldurra gelditzen zitzaion; izan ere, aste bukaeran eraztuna zeukana zigortua izaten zen” (79).

Eraztunaren sistema ez zen, damurik, Euskal Herriaren Hegoaldera mugatua. Euskaraz artikulu bat eta beste bat frantsesez astero hogeitaka urtez Herria astekarian idatzi izan zuen Etienne Salaberrik, maisu frantsesaren laguntzaile-kolaboratzaile ziren ikasle euskaldun zaharrenen ikuspuntutik ematen digu sistemaren berri, mendeak aurrera joan ahala, euskara eta euskaldunen aurkako sistema finezian eta malezian aurreratua zen seinale:

Baginuen haundienek bertze lan bat, ez pollita. Eskolarat orduko, erakasleak emaiten zaukigun “buchette” deitu erhiaren heineko abar pixka bat. Gure egitekoa, barrandan egoitea. Nork ere jalgitzen baitzuen hitz bat euskaraz, eta hari zura saka, ixil-ixila, nehor ohartu gabe. Eta orduz geroztik hura euskaldun hitzen zakur usmakor, alegia eta basurde zikin zitazkeen solas euskaldunak, Askatasunaren, Berdintasunaren eta Anaitasunaren herrian altxatuak ginen izeiteko, trebe barrandari, trebe salatari, Judasen semeak ginela iduri. Hola zen Euskal Herriko ikas-etxe guzietako ohidura. Azkenik buchetta zuena, zen gaztigatua” (Prest. P. Sudupe: Etienne Salaberry (I) (1903-2003), Egan, 2003, 15or.)

Haatik, sadiko bortitza izateagatik sari nagusiaren merezidun, euskaraz mintzatzeagatik Euskal Herriko eskoletan ezarritako zigorrik ankerrenak eta krudelenak burutzeagatik hain zuzen, Jose Mari Satrustegiren lekukotasunean ageri den Nafarroako maisuarena:

Duela bospasei urte, Nafarroako maisu bat iritsi zen haur bati mihia konpas batekin heldu eta mihi-haria urratzeraino. Odoldurik, amarengana joan zen. Maisu horrek berak beste haur baten buruan erregelaren ertz zorrotz batekin irekitako zauria ez zen hiru hilabetean itxi. Eta hori egunero egiten ziotelarik sendaketa! Gertakari horiek 1969an gertatu ziren. Haur horien gurasoek kontatu zizkidaten”(J.M. Odriozola. Euskalgintzaren lekukoak. Elkar. 2004. 293or.).

Kanpoko botereek bertako eliteekin elkarlanean, eta, beste arloak beste, eskolaren bitartez, beldurra eta izua erabiliz ekarri gaituzte gauden egoera kaskarrera hizkuntzari dagokionean, eta azken hogeitaka urtean, estatusak eskatzen zuen neurri erradikalagoak hartu ez izanak.

Baina, zertarako, hein baten bederen ezagunak izaki, euskaraz mintzatzeagatik eskoletan ezarritako zigor bidegabe baina iraganeko horien lekukotasun zerrenda adierazgarria tolestu, jada eraztunaren sistema, beharrik, indarrean ez dagoenean?

Irakurle, ez dakit nola erantzungo diozun galdera horri; niri neuri erantzun hauxe datorkit gogora: bi auzo herriek konkistaturiko lurraldeetan nazio linguistiko bakar izateko xedez, bertako elite arroztuekin batean gure hizkuntza erauzteko -mihi-haria urratu eta buruan zauria irekitzeraino- eragin dizkiguten tratu txarrek euskaldunoi indar gehiago eman diezaguten euskal naziogintzan jarraitzeko,  gutako bakoitzaren eta erakundeen ahalen eta arduren arabera, eragozpenak eragozpen, eta nekeak neke!

Arg:PickPik

Eskolan euskaraz mintzatzeagatik, mihi-haria moztu eta buruan zauria egin!

Eskolan euskaraz mintzatzeagatik, mihi-haria moztu eta buruan zauria egin!

Idazlea, irakaslea, hizkuntza-normalizazioko teknikaria (Azkoitia)

4 pentsamendu “Eskolan euskaraz mintzatzeagatik, mihi-haria moztu eta buruan zauria egin!”-ri buruz

  • Benat Castorene 2020-12-01 18:54

    Horrelako haurren kontrako gaixtakerien eta krudelkarien lekukotasuna badira nun nahi Euskal Herrian baita urrunago ere. Baina alde batetik erakusten dute eskolaren bitartez ez zutela hain erraz lortzen euskara kentzen eta erdara sartzen.
    Izan ere eskolatik kanpoan bazen euskal mundu baserritar eta auzotar trinko bat erresistentzia izatez egiten zuena.
    Euskararen gotorlekua zen mundu horren ahultzea eta desagertzeagatik hasi zen euskararen gainbehera, XX.mendearen erditsutan gure aldean.
    Menpekotasunaren miseriaren kontua da oro.

  • Gabon!
    Beñat, ondo diozu, “eskolaren bitartez ez zuten hain erraz lortzen euskara kentzen eta erdara sartzen. Izan ere eskolatik kanpoan bazen euskal mundu baserritar eta auzotar trinko bat erresistentzia izatez egiten zuena”. Alabaina, baserri girotik kanpora zeuden herri eta hiri gero eta populatuagoetan, eskolatze-erdalduntze prozesua oso eraginkorra izan zen, baita baserritik bertara joandakoen artean ere.
    Eta Pako, eskoletan irakatsi beharko lirateke Torrealdairen liburuotako edukiak (euskaraz noski), baina ez da egiten, eta hala, gehienetan gaztetxoen pertzepzioa da euskara inposatzen zaiela, espainiera askatasun-eremu bilakatzen zaien bitartean… eta gogora datorkit Pello Jauregi sarituak berrian aipatzen zuen “herri-gogoaren garrantzia”, herri-gogo hori berezkoa balitz bezala, Aralarko iturrietako uren antza.
    Bada ez. Herri-gogoa eraiki, edo deseraiki eta txikitu egin daiteke, eta gure kasuan txiki-txiki egin digute espainiarrek, frantsesek, eta horien altzora jauzi egin zuten / duten goranahitarrek…

  • Bai, Jonjo, diktaduran bezala ez, baina era modernagoekin bai, hedabide eta teknologia modernoen laguntza itzelaz, bizi garen demokrazia espainiar autonomista honetan jarraitzen dute espainiarrek formakuntza nazionala lantzen, eta, EAEn, eta Nafarroan, espainiarrekiko mendekotasunez, gaia ez jorratzearen printzipioari jarraitzen zaio, oro har, salbuespenak salbuespen, gure eskolaumeak formakuntza nazionalik gabe atereaz eskola garaitik, eta, ez dira nazionalki neutroa den gizarte batera ateratzen, ez!

  • Emaitzak zein izango lirateke, Eustatetek inkesta bat egingo balu 10-18 urte bitarteko ikasleen artean, kasu, ikastetxe mota guztietan, EAEn, honako galdera honi buruz: inoiz irakasleren bati jaso diozu ideia hau: gu euskaldunak gara; nazio txikia da gurea baina duina, eta ahal duzuen guztia egin behar duzue zuen ekarpenari esker, duinagoa eta aberatsagoa izan dadin, bereziki kultural eta linguistikoki, euskara bitarteko?