Ispilutxo, ispilutxo…
Ispilutxo …
Imanol Azkuek Zumaiako Baleike atarian.
Niri ere gertatzen zait, bai: eskaparateen aurrean geratu zerbait ikusteko eta neure burua ikustea islatuta, nahi gabe ere.
Lehen ere ekarri ditut hona Erribera kaleko banketxe honen eskaparatearen argazkiak, atrebitu egin behar delako –gaur egun– Zumaiaren bihotzean iragarkiak gaztelania hutsean jartzen, eta hemen nator berriz ere, beste batekin.
“Berriz ere aukera galdua”, pentsatu dut, halaxe iruditzen zaidalako, eta seguru nago ez naizela bakarra; aurrekoetan, herrikide batek baino gehiagok komentatu izan dit zerbait: batek esan zidan Zumaian gaztelania hutsean zegoen iragarki berbera ikusi zuela euskaraz… non eta Gasteizen!; beste batek, berriz, Kataluniara oporretara joan eta iragarki berbera katalan hutsean aurkitu zuela. Beraz, borondate-kontua da.
Oraindik ez zaigu isildu Euskaraldiaren oihartzuna, eta hasiak gara entrenatzen Korrikarako. 1.952 lagunek hartu genuen parte esperimentu erraldoian eta ehunka arituko gara saltaka Korrikan. Asko gara, eta ez dakit denok batera kabituko garen eskaparate honen aurrean, baina jar gaitezen parean eta begira diezaiogun geure buruari, ispiluan. Ezagutzen al dugu geure burua? Gustatzen al zaigu erakusten diguna?
Ispilutxo, ispilutxo, esadazu zerbait, baina euskaraz!
Inork idatzi al dio bulego horretako zuzendari jaun-andreari bere desadostasuna adierazteko?
Eta Donostiako edo Santanderko bere nagusiek ba al dakite Zumaian ez zaudetela ados iragarkiak euskaraz irakurri ezinarekin?
Zeren ongi bait dago komunikabideen bidez haserrea azaltzea baina iragarkia zein hizkuntzan erakutsi ez dute kazetariek erabakitzen, erabaki hori Zumaiako bulegoko zuzendariak edota bere nagusiek hartuko dute (baliteke bezeroekiko abegi onez edo beldurrez).
Eta legeak ezer al dio iragarkietako hizkuntz erabileraren inguruan?
Legerian erren ibil gaitezke eta errua ez leukake bankuak baizik-eta alderdi abertzaleek eta bozka ematen diegunok, iragarkietan euskararen erabilera derrigortuko duen legea sortzeko gai izan ez direlako/garelako.
Borondate hutsak ez du du euskara bultzatzen (Zumaiako iragarkia eredu). Euskararen erabilera derrigortu egin beharra dago gure hizkuntzaren erabilera bultzatu nahi badugu.