Irungo Gurutze Gorriaren mirariak

Irungo Gurutze Gorriaren mirariak –

Irungo Gurutze Gorriaren mirariakGurutze Gorriko bolondresen gorazarrea egitera nator. Bertan lanean diharduten lagunek beraien esfortzua eta denbora besteei laguntza emateko erabiltzen dute, eta hori dela eta, begirunea zor zaienik ezin uka. Baina Irungo “community managerra” komunitate bakarrera begira bizi dela dirudi.

Azaroaren 1ean Irungo Gurutze Gorria kalean zen, batailaren lehen lerroan. Jai eguna izaki, batek daki zenbait ekimen egongo ziren antolatuta 60.000 biztanle inguruko hiri gipuzkoar honetan; besteak beste, Bertsolari Txapelketa Nagusiko saio bat.

Saioa gorabeherarik gabe pasa zen, larrialdiei dagokienez, eta Irungo Gurutze Gorriaren sare sozialak eramaten dituen pertsonari txio hau idaztea otu zitzaion:

Bat-batean Artaleku Kiroldegian lagun ugari zerraldo erortzen hasi ziren, eta Gurutze Gorriko bolondresak lanez gainezka zeuden: otitisak, migrainak, bihotz-errea…

Maialen Lujanbio deliratzen ari zela atera zuten esku-ohe batean: argia ikusten hasi zela tunelaren amaieran, edo itzaltzeko argia, edo azalarekin ikusten zuela, edo antzeko zerbait. Maddalen Arzallus ere estu eraman zuten larrialdi zerbitzuek, krisi epileptiko sakon bat jasaten ari zen bitartean: ahopeka doinu ulergaitz bat abesten zihoan, president bihurtu zen katu baten bueltan, diotenez.

Irungo Gurutze Gorrikoek argitu digutenez, “desaleresasioia kardiako bat” izan dute, baina onik dira, eta bertsotan jarraitzeko moduan.

Santu Guztien eguna izanda, hilerriak ere jendez lepo zeuden, eta testigantza beldurgarrien berri jaso dugu Mosku plazan: txio bota zen orduan (20:47) Joxe Mari Lopetegi bertsolariaren eta Jose Antonio Loidi idazle hilobietan mugimenduak sumatu omen ziren.

Agian Gurutze Gorria mirariak egiten hasiko da hildakoak berpizten, edo are gehiago: euskaraz dakien norbait jarriko dute komunikazioa lantzen.

Irungo Gurutze Gorriaren mirariak