Ipuin bat

Ipuin bat –

Hizkuntza eta Nortasuna zeritzaten neba-arrebak beren lastozko txabolatxoan bizi ziren munduko bazter pollit batean. Lurraldea ederra zen, bazituen larradiak etxeko animaliak bazkatzeko, bazituen errekak, izokinak eta amuarrainak harrapatzeko eta bazituen mota guzietako fruta arbolak ere, fruitu goxoak eskueran zituztenak. Hizkuntza eta Nortasuna pozik bizi ziren horrenbesterekin txabola txiki hartan, ez zuten ezer gehiagoren beharrik.

Ipuin batEgun batean ordea, eguraldia aldatzen hasi zen. Euria etengabe botatzen hasi zuen eta ez zuen inoiz ere atertzen. Zaparrada, zaparradaren atzetik eta jasa, jasaren ostean. Eta harrigarria badirudi ere, eurite horiek ez ziren gehiago sekula gelditu, betirako haien artean geratzeko heldu ziren eta bertan geratu ziren neba-arreben zoritxarrerako.

Amuarrainik ez zen ments errekan horregatik, aziendek bazuten nahiko bazka, eta fruta arbola batzuek fruitua ematen jarraitu zuten etengabeko euripe hartan, baina txabolatxoa, ai txabolatxoa!, hura ez zen gauza izan euriteari eta euritearen ondorioei eusteko.

Aurrena teilatua izan zen, itoginez han eta hemen zarpailtzen hasi zena. Une batean ia guztia erorita zegoela, hormetako  baten gaineko puskatxo bat baino ez zen geratzen Hizkuntza eta Nortasuna aterpe zitezen.

Eta okertzen den guztia okerragotu daitekeenez, egoera traketsari hostokoa heldu zitzaion: Txabolatxoak ez zuen inolako oinarririk (horren beharrik ez baitzuen aurreko egoeran) eta hormen eta teilatu hondakinen pisuaz, hainbesteko euriak beratu eta lohi bihurturiko lur hartan hondoratzen hasi zen, alde guztietatik zartatzen hasten zelarik orobat. Aitaren batean aterpe sastar ura ere galdu zuten neba-arrebek.

Ikusitakoarekin ikasita eta euritea inoiz atertuko ez zelakoan, etxe berri bat eraikitzeari ekin zioten. Lehenik eta behin, iraungo bazuen oinarri sendo baten gainean eraiki behar zela ohartu ziren, lehenago lur sendo izandako hura buztindia zelako honezkero. Inguruan harriak biltzen hasi ziren eta pila handi bat osatu zutenean oinarri eder bat prestatu zioten haien etxe berria izango zenari. Gauza berria zenez, ez zuten izenik oinarri horrentzako eta Autoestima deitu zioten.

Autoestima sendo itxurakoa prest egon zenean, etxe berria izango zenaren hormak eraikitzen hasi ziren haren gainean. Aurreko txabolako horma arin haiek ez bezalakoak egin zituzten, harrizko eta lodi. Hormatzar haiek eraikitzen bukatu zutenean harro begiratu zioten haien lanaren emaitzari. Hura ere berria izaki eta, ez zuten harentzako hitzik. Erresistentzia deitzea deliberatu zuten.

Hizkuntza eta Nortasuna neba-arrebek bazuten beraz non babestu, hainbeste lan egin ondoren. Gaueko piztien beldur ez ziren izango aurrerantzean, harrizko hormatzar haien barrenean. Babesa bai baina aterperik ez ordea. Txabola erdi erori hartan baino okerrago zeuden, han sikiera teilatu puska txiki batek aterpetzen zituelako eta, euripetik. Orain oinarri sendoagoa zuten orduan baino, hormatzar ikusgarriak, baina teilatua falta zen. Blai eginda bizitzera kondenaturik zeuden hura eraiki artean. Eta blai eginda ezin zara betirako bizi, jakina. Hiruetako bat: aterpea osatzen asmatzen duzu lar euritsu bilakatu den lurralde horretatik alde egiten duzu, auskalo nora, edo gaitzak jota hiltzen zara besterik gabe.

Teilatua egitea ez zen bromako kontua ordea. Etxe berriari teilatua ematea ez zen txabolatxoari teilatua ematea bezain lan erraza. Handiagoa zelako eta askoz astunagoa zelako. Gainera ohartuta zeuden hormatzarren pisuarekin, oinarria amiñi bat hondoratu ote zen, eta horrek garbi erakutsi zien paratu zuten oinarri hura, agian nahikoa zela hormatzarrei eusteko, baina gainean teilatua ipini behar bazen, ezingo ziola eutsi, eta ezertan hasterako hura gehiago sendotu beharko zutela aurrena.

Eta horretantxe ziharduten ikusi nituen azken aldian. Ez dakit oinarria sendotzeko lanak nola daroazten, edo teilatua eraikitzen hasiak ote diren. Esan zidaten azkenengo gauza izan zen, pentsatu zutela izena teilaturako: Nagusigoa ipini behar ziotela.

Ipuin batIpuin bat Ipuin bat