Gezurrak eta datuak. Manipulazioaren aurrean, egia

Gezurrak eta datuak –

Ez dut inor engainatuko. Zalantza asko izan ditut artikulu honekin. Voxez hitz egitea, euren onerako da? Potolotu egiten ditugu? Espazio informatiboa areagotzen diogu? Ezbairik gabe, eskuin muturra iritsi da.

Gezurrak eta datuak

Haserretu gaitezke, beldurtu, tristetu eta amorratu, baina hemen daude: indarrez iritsi dira eta. Andaluzian egin dute lehen esperimentua: milaka boto-emailek babestu dute beren diskurtso xenofoboa, matxista, Europaren aurkakoa, erradikala eta gogorra. Sare sozialez baliatu dira propaganda-kanpaina egiteko, gezurra zabaltzeko eta botoak modurik errazenean lortzeko. Donald Trumpek egin zuen Etxe Zurira iristeko, eta berriki, Bolsonarok ere antzera, Brasilen. Europan ere ikusi dugu: Italian, Frantzian, Hungarian, Polonian edo Austrian. Horietan guztietan ikusi dugu kalean daudela muturreko ideiak eta populismoa.

Alderdi politikook zorrotz jokatu beharra daukagu, serio eta modu arduratsuan, eta gure lana da, baita ere, agerian uztea nor ari den gezurren bidez iristen herritarren tripetara eta bihotzetara. Voxi balio izan dio bere faltsukeriak. Bere esloganek itzal luzea utzi dute iritzi publikoan. Bereziki, genero indarkeriari, etorkinei edo ustelkeriari buruzko esloganek. Goebbelsek esan bezala, “mila aldiz errepikatutako gezurra egi bilakatzen da”. Jarrera arriskutsua da: gizartea engainatzeaz gain, diskurtso politikoa edukiz husten du eta agenda politikoa eurek markatzen dute. Gure betebeharra da gezurren aurrean datuak ematea, eta baita akatsetatik ikastea, akats horietaz baliatu baitira muturreko posizioetako alderdiek eremu politikoaren zati handi bat hartzeko.

Gizarte heldua eta zentzuduna daukagu, eta erakutsi beharra daukagu batzuek manipulatu nahian dabiltzala. Gezurrak azaleratu behar ditugu eta argitu, herritarrek bizkarra eman diezaieten. Voxek oinarrizko eskubideen aurkako erasoa dakar. Arriskuan jartzen ditu emakumeak, etorkinak, kolektibo ahulenak, zerbitzu publikoak, autogobernua eta gure gizarte babeserako eredua. Benetako mehatxua da, eta inor ez dago libre. Ezta Euskadi ere, nahiz eta Andaluziako garaipenaren inguruabarrek ez duten inolako zerikusirik Euskadikoekin eta soziologiak desberdinak izan.

Adi egon beharra daukagu. Izan ere, uste arren Voxen aldeko botoak, izatekotan, ez direla asko izango; baina Espainian badauzkate boto-emaileak. Gaur gaurkoz, gustatu ez arren, Madrilen gertatzen denak eragina du gugan. Gobernagarritasuna euren esku baldin balego, ondorioak benetan larriak izango lirateke. Jakin badakigu –argi esan baitute- zer ordezkatzen duen Santiago Abascalen alderdiak. Vox autonomia-estatuaren aurka dago: autonomiak desagertzea defendatzen du, eta horren aurreko pausu gisa, Estatuari itzultzea Hezkuntza, Osasun, Segurtasun eta Justizia eskumenak. Abascalek zin egin du Espainiari bere ohorea eta handitasuna itzuliko dizkiola. Helduleku askorik gabeko ideologia guretzat. Gogoratu beharra dago zergatik ez duen Ciudadanosek arrakasta handirik izan Euskadin: Kontzertu Ekonomikoa eta Kupoa zalantzan jarri ditu, eta bere hautesle potentzialak PPren itzalean geratu dira. Voxek, Ciudadanosek bezala, euskal autogobernuaren zutabeak suntsitu nahi ditu.

Ezin dugu pentsa gugan eraginik ez duenik, baina badaukagu bakunatzeko aukera. Egonkortasuna eta bizikidetza, ziurgabetasunen aurrean. Neurritasuna, erradikalismoen aurrean. Akordioa, inposaketen aurrean. Elkarlana, gogorkerien aurrean. Egia, gezurren aurrean. Etorkizuna, iraganari aurre egiteko. Elkarrekin lan egin dezagun, ez diezaiegun lekurik eman gu atzera bota nahi gaituztenei.

Gezurrak eta datuak
Gezurrak eta datuak
Gezurrak eta datuak
Amaia Arregi

Abokatua eta ama. Bizkaiko Abokatuen Bazkunea. Legebiltzarkidea (EAJ)

15 pentsamendu “Gezurrak eta datuak. Manipulazioaren aurrean, egia”-ri buruz

  • Josu Lavin

    Iranen lagunça economicoa jasso dute.
    Norc explica deçaque hau?

  • Nik hipotesi bat luzatuko nuke, Lavin jauna: Iranekoek badakite Espainia oso herri ez-egonkorra dela eta pasio politiko biszeraletara emana eta era berean Podemos eta Vox finantziatu ditu, bi muturrak potolduz azken batean mendebalde honetan dagoen kate begi ahulena astindu eta puskatzeko asmoz.

  • Nagusikeria morala dario artikulu honi: VOXek gezurra dio, guk egia; “gizarte heldua eta zentzuduna daukagu”, baina osatua dago gaizto horien amua aise irensten duten tontoez.

    Beharbada, VOX bezalakoei ikusten diedan alde on bakarra da arriskuan jar lezaketela orain arteko txiringito-sistema, EAEkoa barne.

  • Dudarik gabe, Garret, ezker abertzalearen ideologiaren adierazgarri erabatekoa zara zu, nahiago Vox EAJ baino. Espainiar faszismoa nahiago euskal “burgesia” baino.

  • Zure lehen eta bigarren komentarioekin, Bentazar, demostratzen duzu malabarista aparta zarela. Dena den, uste dut batzuek ekarpen interesgarriagoak egingo lituzketela euren poltrona kolokan ikusiko balute, eta ez orain arte bezala bertan goxo egonda.

  • oso ona Alejo Vidal-quadrasen erantzuna: “Yo pedí ayuda porque empezaba un proyecto político y me llegó de 15 países, de gente individual o de algunas comunidades en el exilio que organizaban colectas para apoyarme. Yo, satisfecho y orgulloso de recibir ese apoyo. Se hacen todas de acuerdo a la ley electoral española, todas, y van al partido Vox. A una cuenta de Vox, no mía. Los iraníes no apoyaban a Vox, no sabían lo que era. Era a ‘nuestro gran amigo y defensor, nuestro hermano Alejo quiere ayuda, y hay que dársela de esta forma para cumplir con la ley española'”
    Merezi du osorik irakurzea: https://www.elmundo.es/espana/2019/01/23/5c4776f621efa0d67c8b4664.html

  • Alpargatero 2019-01-23 12:42

    Podemosek Irango gobernuaren (Ayatolen) laguntza jasotzen du. VOXek gobernu horri oposizioa egiten diotenen eskutik jaso omen zuen; ez dut uste gauza bera denik.

  • Malabarista deitzen didazu eta zuk berresten duzu azken esaldian lehen nik esandakoa. Poltrona horiek, ezker abertzaleak bereak dauzkala esanda, herritarrek emandako botoen emaitza da, eta ez beste ezer.

  • Josu Lavin

    Badirudi ez dela Iranen dirua, Iraneco exiliatu batzuena baicic.
    Esquerric asco!

  • Voxeko espainol sionista nazkante horiek zerbaitetarako balioko badute, zuzentasun politikoa eta genero ideologia pikutara botatzeko izango da, besterik ez. Sistemaren borreroak, maskararik gabe

  • “Gizarte heldua eta zentzuduna daukagu”
    Horrelako gauza bat irakurri eta, zer pentsatu eman dit.
    Mendabaldeko gizartea gaixo dagoela diotenean, Amaiak ez bide du ikusten hori, edo hobeki esan, Euskal Herrikoa du ikusten du osasuntsu
    Pensgarria!

  • euskaldun bat 2019-01-23 21:42

    Garrett, Amaiak idatzitako beste norbaitek idatzi izan balu %100ean zeure egingo zenuke idatzitakoa baina kritikatu egin duzu EAJkoa delako. Hor ikusten da nolakoa zaren/zareten. Eta ez naiz ni EAJ babesten ari, baina bere diskurtsoa, politikoki zuzena, zeurea da. Geroz eta garbiago daukat: zuen lehentasuna ez da euskara eta euskal kultura. Zuen lehentasuna zeuok ere ulertzen ez duzuen berborrea batekin azaltzen duzuen gizarte eredu hori da. Berborrea amaitutakoan albokoari galdetzen diozu “zer esan du?” eta “ez dakit” erantzuten dizu.

  • Amonamantangorri 2019-01-25 02:51

    Bada aski informazio sarean jakiteko zer den Irango Erresistentzia Nazio Biltzarra. Sekta kutsuko erakunde konfesionala, haien buruzagia “mahdi”tzat daukate.

    Oso jende inteligenteak gobernatzen gaitu, arruntean.

    Haien baseak Iraketik (non Sadam Huseinen babesean baitzeuden, amerikarrak iristean haien aldera pasa ziren arte) Albanian kokatzen utzi. Bruselan eta Washington DCn lobby lanak egiten dabiltza, nola-halako mozorro demokratiko eta laikoa hartuz.

    Benetan, oso jende bizkorrak gobernatzen gaitu.

    Irango Erresistentzia Nazio Biltzarraren ekitaldietan PSOEko buru garrantzitsuek ere parte hartu omen dute, ederki kobratuta, izan ere, taldeak sekulako diru-sarrerak omen ditu, besteak beste Saudi Arabiatik jasoak.

  • “Gizarte heldua eta zentzuduna” Bai, bai, gizarte heldua, zentzuduna eta espainola.
    Arregi anderea, T5 inon baino gehiago ikusten duen gizartea gizarte heldua?
    Gizarte zentzuduna Vocentori jatea ematen diona?
    Zein itsusia den norbere burua ederrestea, Arregi anderea!

  • Amaia, VOXek gezurrak esaten dituela diozu. Zehaztuko zenituzke zeintzuk, datu zehatzekin? Niri ez zait VOX batere gustatzen, baina hainbat gauza, politikoki zuzenak ez badira ere, errealitatetik ez daude urrun.

    VOXi buruzko beste artikulu batean, hemen, zuzeun, Andaluziako hauteskundeen aurretik, aipatu nuen parlamentariak lortuko zituela. Eta bete zen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude