Iparraldeko batua?
Iparraldeko batua? –
Euskalki andana batetik, euskara batu edo “estandarrak” hizkuntza nazionala sortu digu. “Estandar” hori zer puntutan dugu zinez baturik? Grafian, deklinabidean, aditzan, erakusleetan, herri eta leku izenetan, Euskaltzaindiko Hiztegi batuan. Azken horren erabileran gara gehienik bereizten mugaren bi aldeetakoak, beherago zehaztuko dugunez.
Hegoaldetik batzuek galdetzen digute: “Zergatik eta zertako duzue Iparraldeko batua?”Erantzuna sinple da: zuek askotan Hegoaldeko batu bat erabiltzen duzuelako, hiztegian guretzat aski urruna, ez errateko arrotza, gainera maiz erranaldietan gazteleraren pleguetara tolestua. Hortik euskara batuaren izenean saltzen zaiguna, frankotan gipuzkera osatua da, hots gipuzkera gehi H letra, eta det aditz formaren ordez dut, izkirioz bederen. Haatik aho-mihiz hori ere ez: H ez duzue ahoskatzen gutiz gehienek, eta det hara, det honara zabiltzate, baita ondo hara, ondo honara, adibidez euskalki ezberdinetako bertsolari saioetan ere, hainbestetaraino non Iparraldeko eta Nafarroa Garaiko euskaltzale batzuek uste duten hori dela batukoa.
Zinezko batua, mugaren bi aldeetako euskalki ezberdinen arteko hurbilketaren fruitua dugu. Hor beti gogoan dut Koldo Mitxelenari behin entzuna: “Erdiko euskalkiak ados daudenean, hori da batua. Haatik erdikoak ez, baina bazterretakoak ados daudenean, hori da batua.”
Euskara batua lapurteraren eta gipuzkeraren artean egiten da nagusiki: erran dezagun hamarretarik zortzia, nonbait han. Euskal literaturan halako toki handia daukan lapurtera baztertzen duen euskara bat enetzat ez da batua, gipuzkera osatua baizik ez da. Txillardegirekin hasirik bi belaunaldiz egin dugun lanak zorte hobea merezi du nire ustez, nahiz lan horrek jada ekarpenik utzi duen mugaren bi aldeetarik, baina gehiago agertu behar luke geroan, borondate on eta irekidura pixka batekin.
Hiztegian ditugu arazorik handienak, Euskaltzaindiko Hiztegi batua ez dugulako aski erabiltzen, edo gaizki erabiltzen dugulako. Hor agertzen dira euskalki guztietako hitz klasikoak, literaturan aski erabili direnak. Hitz batzuen ondotik horien iturriko euskalkia aipatzen da, adibidez “prefosta” hitzari “Zub” oharra gehitzen zaio. Ondorioz Hegoaldeko askok eta Iparraldeko batzuek uste dute hitz horiek tokiko hiztunei utzi behar zaizkiela, eta ez batuan baliatu. Beraz Zub, Lap, Naf, Ip… marka daukaten hitz guztiak bazter uzten dituzte, beraz irakaskuntzatik desagertzen zaizkigu Iparraldean ere maizegi.
Prefosta erdiko euskaldunen kontra ez dut ezer, bereziki ekialdeko gipuzkoarren aurka: euskararen bizkar hezurra osatzen dute, beharrik hor ditugu: bizkaierarekin batzea askoz ere zailagoa izango zitzaigun! Baina kontutan har dezatela zer lana kosta zaigun bazterretakoei geure buruak euskara batuan moldatzea, eta lehenik horren eraikitzean parte hartzea, batzuk 1963 urtetik hasiz Txillardegiren inguruan: beraz erdiko euskaldun horiek ere indar bat egin dezatela beren euskara pixka bat zabaltzeko, adibidez ongi beretuz, baita bereziki (batez ere bikoteak ehortzi berri diguna), eduki / ukan (eta ez beti izan), ohiko. (eta ez ohizko), aurkitu, ediren, kausitu, topatu (eta ez beti atzeman pobre hori, berriki hemendik sartua)… Urrats erdi baten egitea lukete.
Euskaltzaindiko arauak eta gomendioak kontutan har ditzagun. Batzuen eta besteen laguntzeko, berak Euskara Batuaren Eskuliburua (EBE) agertu berri digu, eta berrikiago digitalizatu euskaltzaindia.eus webgunean, euskaraz ikasi nahi dutenentzat frantses itzulpena gehituz euskaltzaindia. eus delakoan. Arauen aurkeztean Iparraldeko hizkeren berezitasunak azpimarratzen ditu, adibideetan Iparraldea eta euskara batuan onarturiko ipartar formak lehenesten. Hori ote da “Iparraldeko batua”? Gainera denek ere gehiago irakurri behar genuke. Literaturan hiztegi zabaleko euskara batua maisuki eta naturalki bezala erabiltzen duten idazleak baditugu Euskaltzaindian berean, hala nola Atxaga, Kintana, Peillen, Zabaleta,… inguruan kopuruz joriago, Gabriel Aresti, Txillardegi, Hasier Etxeberria (hiruak zenduak, baina horien idazkiak hor ditugu), Egaña, Koldo Izagirre, Lertxundi, Saizarbitoria, Sarrionaindia, Kirmen Uribe, Itxaro Borda, eta gazteagoetan beste idazle on mordo bat. Beraz badugu non zer hauta eta zer goza, baita zer ikas.
Guztiz ados esandakoarekin. Guztiok zabaldu beharko genituzke darabilgun euskararen muga horiek, eta lexikoa aberastuz has gaitezke, aukera errazena baita. Bestalde, askotan erabiltzen den batua ez da berez batua, esaterako, Ipar Euskal Herrian sarri entzuten (eta irakurtzen) da “gira”, baina hori ez da batua, euskara batuan erabili beharreko aditzak finkatuta baitaude eta horien artean ez dagoelako aipatu forma hori. Baina esan bezala, has gaitezen Euskal Herri osoko lexikoa erabiltzen, baita gure inguruaz aparteko eremuetako adierazpideak eta estiloak erabiltzen.
Hiztegi batuan euskalki etiketak ia konpulsiboki jarri izanak ez du laguntzen. Artikuluan esan bezala, markatutako euskalkiko hiztunak ez diren erabiltzaileak atzera botatzen eta uxatzen ditu horrek. Eta hitz asko nahiko orokortuta zeuden, baina zentrifugazioa aplikatu dute.
zERA USTE DIAT,
Gaurko euskal hizkuntza, biziraun ahal izateko, minimoetara murriztera doan heinean, “erdigunekotzat” hartzen duguna indartzen dela eta “bazterrekoak” ahultzen.
Horri buruzko aterabidea ez duk batere erraza.
Erakunde nagusiek (EHU, ETB…) ERDIGUNEKOA aldeztera joko dute, Euskaltzaindia inhibitu egingo duk betiko moduan…
Bitartean, bizkaiera (adibidez) gutxiestera eta mespretxatzera datozkigun GURU berriak datozkigu EHUtik jarrera zeharo anti-zientifikoz…
Aterabidea EUSKAL HIZKUNTZA BERA indartzean legoke
Baina ZELAN lortu hori?
Nola lortu jendarte aski zabala euskeraren aberastasunaz eta garrantzia nabarmenaz jabe dadin.
KULTURGINTZAREN bidez. Zelan motibatu bestela jendea?
Eta barka bedi Jean jaunak hainbat barbarismo erabiltzeagatik azken paragrafo honetan bertan.
Halako “batua” iristen zaizue Piriinoaz iparrerantzaz, horko hizkeraren aberastasun handia enoratzen dugun bitartean.
Halere, gaukak KOMUNIKATU beharra zegok argiro, euskal elitekook ERABAKIAK IRMOKI HARTZEKO MODUAN.
Izan ere, ene iduriz, Erabaki Deflazio aldian bizi gautuk, eta bitartean gogoeta eta kexuen Inflazio aldian. Den hau ere gure elite txikiaren barren murritzean. Ez gaituk iristen euskal hedabideetara ere halako gai garrantzitsuak azalera ditzagun.
Ene ustez, arazoa hiztegia zuzen ez erabiltzean datza, eta ez marka horien existentzian. Informazioa ematen dute, besterik ez, hortaz, euskaldunok barneratu behar dugu behingoz lexiko guztia erabili dezakegula inolako arazorik gabe; prefosta, noski eta jakina erabili ditzakegula testu berean, baita testu berean gabe eta barik erabili ere.
Josu, ados esandakoarekin. Gehituko nuke kulturgintza indartu beharrean gaudela, baina horren aurretik euskararen erabilera orokortu behar dugula eremu guztietan, modu horretan, erresonantzia-kutxa deritzoguna indartuz. Izan ere, egunero telebistan, irratian, lanean eta beste hamaika lekutan entzungo bagenu “prefosta” hitza, hori natural hartuko genuke, baita erabiltzen hasiko ginateke ere Bidasoaren alde honetan, eta horretan euskarazko fikzioak ere indar biderkatzaile handia edukiko luke.
nazio hitzaren definizioa Euskaltzaindiaren Hiztegian:
iz. Herria; gizatalde aski zabala, bere batasunaren ezagutza eta elkarrekin bizitzeko nahia ezaugarritzat dituena. Ik. aberri. Herriak eta nazioak. Estaturik gabeko nazioak. Nazioaren borondatea. Nazio hizkuntzak. Euskaldunen nazio eskubidea. Nazio identitatea eta abertzaletasuna noraezean dauden garai honetan.
nazio estatu, nazio-estatu iz. Unitate politikoa, ongi mugaturik dagoen lurralde batean bizi den herritar talde bat eta gobernu bat duena. Askotan hitz egiten dugu globalizazioaz eta bere ondorioez, eta badirudi balioa galdu dutela nazio-estatuek. Nazio-estatuaren kontrakoa zen, mundu osoko inperioa zuelako helburu.
Gizatalde aski zabala, bere batasunaren ezagutza eta elkarrekin bizitzeko nahia ezaugarritzat dituena.
Honen arabera, Euskal Herria deitzen den hori ez da nazio bat eta beraz euskara batua ezin da izan hizkuntza nazionala.
Bigarren definizio hau, ordea, bat dator Leiçarragaren nazio eta hizkuntza nazionalarekin:
Unitate politikoa, ongi mugaturik dagoen lurralde batean bizi den herritar talde bat eta gobernu bat duena.
Guztiz ados, Jean Louis! Pozarren irakurri dut!
Oso larria da ezjakintasun honen kronifikazioa, hizkuntza errotik ari baitzaigu hiltzen. Arazo nagusia ikastola eta euskaltegietan dago nire ustez. Guztiek gipuzkera+dut irakasten dute, ez batua. Batuaren zantzurik ere ez.
Ikastolan izigarrizko erokeriak egiten ziren nire garaian, ez sinesteko modukoak. Irakasleek ez zeukaten egiten ari zitzaizkigun basakeriaren kontzientzia izpirik ere. Batasunaren izenean baztertzen ziren ikastolan guk etxean entzundako eguaztena, berba egin, horma, jausi, aldatz, amama, atzen, higuin, itzungi, barik, ortozik, eroan, iratzartu, zatar, iretargi, gerizpe, isiotu, eskuma, armosu, ugaraxo, hurre, mataza, etzin, gonbito, gura, haginka egin, arineketan, oinaztu, eurak, laztan (musu), bekoki, puxika eta abar eta abar luze bat. Guztiak hiztegi batukoak, guztiak baztertuak eta gaitzetsiak gure ikasgelan, gure herrikoak, gure etxekoak, izan arren. Guztiak gupida barik gipuzkeraren baliokideagatik ordezkatuak.
Gaztaroan erdara hutsez mintzo ziren irakasleok alimaleko aldrebeskeriak gauzatzen zituzten, gaizki ulertutako batuaren ideia baten erruz.
Okerrena da gaur egun ere tendentzia hori ez dela eten, nahiz eta badirudien gero eta gehiago direla kontzientzia hartu dutenak. Informazio kanpaina azkar bat burutu beharko litzateke, jendea behingoz iratzar dadin. Informatzean dago gakoa, eze gehienek ez baitakite euskara batua zer den ere.
Plazer bat, Jean Louis. Zure idazkiak luzaroan irakurtzen jarraitzea espero dugu guziok. Izan ongi.
Bat nator Iñigorekin. Guztiz bat.
Bizkai naturalean bertoko euskaldun naturalekin barrabaskeriak egin dira azken lau ezpa bost hamarkadetan.
Uste dut ezin izango direla errekuperatu egin zaien kalte honetarik.
Sentitzen dut esatea, baina batuismoak sekulako kaltea erein du bizkaieraz mintzo den BIzkaian.
Irakaskuntza oso bestelakoa izan behar izan litzateke.
Halaxe da Josu, eta ez Bizkaian bakarrik, ni Arrasatekoa bainaiz. Arabako Aramaion (Arrasaten ikasten dute) eta Gipuzkoako Deba ibar gehienean ere bertsu gertatzen da. Akaso Bizkaia beran baino bortitzago gainera. Debagoienaren kasuan, orain dela gutxira arte erabilitako berba pila bat honezkero hil dituzte (Oñatin izan ezik), berba horiek hiztegi batuan dauden arren. Zinez tamalgarria da.
Zuk diozun bezala, ez dakit ezer egiterik egongo den, agian beranduegi da.
Izan ongi.
Egia anitz erranak izan dira hemen. Baina, halaere ez gara gelditu behar batuaren inportantzia errepikatzetik. Baturik gabe euskalkiak desagertuko ziren. Muga hertsiegirtan konfinatuak, endekatuko ziren eta berriketarako hizkuntza bilakatuko.
Zein kontent izan naiz lanean euskaraz mintzatu eta kolaboratzeko gai izaiteagatik ikastolan eskolatuak izan ziren bzkaitarrekin. Bestenaz ezdakit posible izango zen, eta zaharrekin bezala espainolez kiskun kaskun mintzatu beharko nintzan edo globish tamalgarri batean..
Aldiz nabarmen da baatua aberast behar dela euskalkien hiztegiarekin, prefosta araiz eta guzi…
Kendu behar ote dira Na, Lap edo Bizk bezalako notak jendea erabiltzera animatzeko?
Euskara batua hagitz beharrezkoa dugu euskaldunok. Ezinbertzekoa.
Nota dialektal horiek oro kendu behar dira berehala.
Euskara Batuak 50 urte dituela maiz entzuten dugun arren, hori ez da egia. Euskara Batuak 450 urte ditu. Azken honek grafia internazionala dauka. 50 urteko bertzeak grafia fonetiko eskandinabo tipokoa.
Baina gu ez gara Eskandinabian bizi. Zorionez leku hobeak hartu gintuen altzoan.
Gu espainola edo frantsesa jakiteaz gain, ingelesa ere ikasi behar dugu.
Hauxe da gure zirkulu kulturala: angloromanikoa.
Konturatuta gaude euskara batuari (azken 50 urteko honi) lexiko internazionaleko 40.000 hitz falta zaizkiola, euskaldunok ezagutu eta erabili arren, Euskaltzaindiak arbitrarioki determinatu duenaren arabera. Eta bertze milaka batzuk sobera dituela euskara batu hobek euskaldunon hitzak ez direkakotz sekulan izan.
Izan ontsa!
Beñat,
Euskara Batuaren parte da hiztegi batua, eta hiztegi batua ez da praktikan jartzen. Hortaz, euskara batua praktikan ez da osoki existitzen, guztiok gipuzkeraz ikasten baitugu, eta batua gipuzkerarekin konfunditzen. Hori da arazoa, hori dugu hizpide. Kritikatzen dena batuari egiten zaion erasoa da. Ukan, erran, eroan, gura, gerizpe, prefosta edo arineketan gisako eleak eskolatik at uztea euskara batua erasotzea da. Ez euskalkia, batua erasotzea da. Berbok hiltzen uztea batua hiltzea da. Eurok guztiok baitira batua.
Ene ustez, azken urte hauetan ostera ere euskalkien garrantziaren kontuez mintzatzera eraman gaituena funtsean zera da, euskaldun guztion artean elkar ulertzeko gipuzkera irakatsi dela soilik, eta ez batua. Benetako batu baten finkaketaren porrotak berriz ere atzera pausu bat ematera eroan gaitu, aberastasuna gorde nahian. Aberastasun hori txertatu balitze, Jean Louisek dioen legetxe Hiztegi batua hobeki eta gehiago erabili balitze, gauzak bestelakoak lirateke orain.
Naski, ez aitzinatzearen arrazoia espainolaren eta frantsesaren pisua da. Euskaldunen zati handi bat erdaraz bizi baldin bada, aski du gipuzkera pixka batekin, ez dute behar euskarak hizkuntza moduan eskaini dezakeen botere guziaren zati txiki bat baizik. Hortakotz, gehienek nahikoa dutenez gipuzkera pixka batekin, hori irakasten da. Hau da, euskara batu gabe lagatzen da.
Batu ezin horrek euskararen aberastasunaren zati erraldoi bat hilzorian jartzen du, txertatua izan ez delako, eta biziraupenerako euskalkietara gibelatzen gara. Zuzenki, gainera.
Ene aburuz, irakaskuntzak bi gauza bultza beharko lituzke. Lehenengo, –
pragmatismo kontu bategatik eta erdaren menpe gaudelako– euskarak dibertsifikatuta biziraun dezan, tokian tokiko euskalkiak babestu, euskara hori bizirik baita. Aldi berean, benetako euskara batua bultzatu, ez gipuzkera osatua, Lapurtera klasikoko erraldoiak eta beste klasikoak halaber berreskuratuz, euskalki guziak apur bat landuz, Euskaltzaindiaren gomendioak serio hartuz eta abar. Estrategia honek euskara bere hizkeretan osasuntsu mantentzeaz gain, epe luzera hizkuntzaren indar guztia metatuko lukeen prestigiozko estandarra ahalbidetuko luke, erdarak garaitu eta gure biziraupena ahalbidetuko lukeena.
Hori egin ezean, nire ustez, hil egingo gara.
Milesker Iñigo azalpen xehe honengatik. Beti senez batuaren alde izan balinbanaiz egia da ez naizela sobera kezkatu zer motako batua aditzen nuen eta erabiltzen nuen, printzipala zen elgar konprenitzea.
Erraiten badidazu batua hobetu behar dela ados ehuneko ehun eta zure hitzok gehiago barneratuko ditut.
Bat egiten dut osoki Jean Louis Davant-en erranekin.
Hitz bat halere, haren ustetan erdialdekoek behar lukete indar bat egin hiztegiaren kontutan : « Urrats erdi baten egitea lukete ». Ene ustez ez da hori gertatzen batez ere erdialdeko askok (batez ere giputzek) ez dutelako gipuzkeraren hitzetik kanpo gauza handirik ezagutzen.
Baina bada besterik ere, eta ene ustez, orokorrean ez dira aipatzen hain kaltegarriak diren « erran-moldeen » kalkoetaz.
Hain zuzen Hego Euskal Herrian badute euskararen gainetik hizkuntz eta kultura menderatzaile azkar bat : espainiera eta espainiar kultura…eta Ipar Euskal Herrian, frantsesa.
Eta espainiera eta frantsesa ez dira berdinak : espainieraren « meter la pata » esaldiak ez du kalko bat frantsesez, eta alaber frantsesaren « faire le point » erran-moldearen espainierazko kalkorik ez da.
Alabainan hegotiar anitzek beti erraten dute (eta izkiriatzen ere) HANKA SARTU, eta iparrekoek PUNTUA EGIN. Eta kontuan hartzen baldin badugu Hegoalden gehiengo handi batek ez duela frantsesa ezagutzen eta ber gauza Iparraldean espainiera…
Kultura aldetik Euskal Herriak jasaiten duen kolonizazio bikoitzaren ondorio zuzena da hau.
Berrikitan jakina izan da audio baten bidez (Nieto guarda zibilen kapitaina eta Perote Espainiako zerbitzu sekretuen bigarren agintariaren arteko elkarrizketa), besteak beste hau :”Mi impresión es que en el interrogatorio posiblemente fue una parada cardíaca como consecuencia de la bolsa de plástico en la cabeza”, eta ere « Se les ha ido la mano» (Zabalzaren heriotzeaz ari ziren) Lehen paragrafoa batere problemarik itzulia izan da eta xuxen. Bigarrena dela-eta Berria kazetan agertzen zena « Eskua joan zaie », irriegingarria izanen litzateke ez balitz patetikoa ; ondotik beste euskarazko media guziek forma bertsuak erabili dituzte. Ipar euskalherritar batek ez du jakiten ahal zer erran nahi duen erran-molde horrek.
Zergatik hori horrela ? Batere dudarik menpekotasun kolonialaren ezaugarri garbia besterik ez da.
2013. urtean « 31 eskutik » gunean argitaratu nuen « Euskara batua Iparraldetik » izeneko txostena. Ondotik Euskaltzaindiaren eskutan utzi nuen lan hori Baionan egina izan zen bilkura batean. Baina Euskara batuari buruz Iparraldean, 2018. urtean, egina izan zen kolokioan ez zuten txosten hau aipatu ere…
Eta azken 10 urtetan kalko horiek emendatzen ari dira, nahiz begi-bistakoa den espainierazko kalkoak anitzez ugariagoak eta zabalduagoak direla frantsesetik hartutakoak baino.
Elosegi Xabier
Milesker Beñat,
Ziur aski nik aipatzen dudan arazoa bizkaieraren eremukoa dateke gehienbat, eta ez hainbeste Iparraldean, zuen euskara batu zoragarriak agerian uzten duen moduan. Iparraldekook bikain darabilzue batua, zuen euskararen elementuak maisuki estandarrean josiz.
Jean Luisek aipatutako fenomenoa, haatik, kezkagarria da, eta nire ikastolan egindako triskantzak gogorarazten dizkit. Guri galarazi egin ziguten zuek bezala idaztea, gure euskara estandarrera lotzea, Euskaltzaindiak hala baimendu eta gomendatu arren.
Nafarroan ere badira gaur egun ikasleak zeinak “erran, bertze, hagitz, aunitz edo bortz” ezin erabil daitezkeela pentsatzen baituten. Hau onartezina da. Zelan gabiltza horrela desinformatzen? Fenomeno oso arriskutsua dugu hau, egundoko kaltea dakarrena, euskalkiari ez ezik estandarraren menturazko integrazio handiago bati ere.
Hiztegia, formak eta jiroak zabalduz elkar ulertu eta guztiok aberastea da euskara batuaren jatorrizko sena, eta ez gure burua autoerreprimitzea, larregitan gertatu den legez. Horrek izan behar du mezua.
Arrazoi duzu Xabier, gazteleratik zuzenean itzulitako kalko gehiegi erabiltzeko joera dago Iparraldeko euskaldunak kontutan hartu gabe. Hala ere, “hanka sartu” esamoldearen kasuan ingelesez “put your foot in something” izango litzateke, zein da zeinen kalkoa. Euskaraz halakorik ez badago eta egoera irudikatzeko metafora egokia bada, zergatik ez frantsesez ere kalkoa bera egin?
Aitortzen dut , gure enpresan ziren iheslari gipuzkoarrenganik “anka sartu” ikasi nuenetik nik ere tira ahala erabiltzen dutala. Ez da etsenplu hori beharbada grabeena, zeren frantsesez ere zentzu hurbil batean erraiten baita “mettre les pieds dans le plat” eta ez nintzateke harrituko baliokideak balira hizkuntza anitzetan.
Baina ardura nik pertsonalki ez ditut Xabierrek aipatzen dituen frantses edo espainol esaera biziki praktiko horien euskal baliokideak.
Nola “ca depend de ” frantses esaera praktikoa ordeztu? araberarekiko perifrasa luze bat erabili gabe. Alta hain itsutsia da erraitea ” egurralditik dependitzen du…”
Entseiatu naiz batzutan “pikoan ezarri” erraiten baina arrakasta gutirekin eta obligatu nintzen erraitea “puestapuntua” bezalako zerbait konprenitua izaiteko.
Ez dakit baden lan bat hizkuntzaren eraginkortasunerako inportanteak diren horrelako zailtasunak zerrendatzen dituena eta soluzioak liratekeen euskal adierazbideak sistematuki proposatzen dituena.
Ezbalego, ez litateke egin behar horrelako zerbait?.
“Hanka sartu” moduko kalkoak ez ezik, askok aditzaren erabilera okerra egiten dute nahiz eta euskaraz inolako zentzurik izan.
Adibidez:
Me cae bien – ondo erortzen zait (Norbait gogoko izan)
Echarse un novio/a – mutil/neska-laguna bota (Mutil/neska-laguna ukan)
Meterse con alguien – Norbaitekin sartu (Norbait zirikatu edo norbaiten aurka aritu)
Nik, adibidez, meter la pata-ren ordez hutsean jo erabiliko nuke.
Arazoa ez da erabilpen pertsonala. Arazoa da euskara estandarrak beharko lukela anbiguotasun horietatik aldendu, baina zoritxarrez, hedabide nagusietan (kazetaritzan, irratietan, telebistan) ere arras sartuak dira hainbat erran-molde. Euskara idatzia minoria tipi batek erabiltzen du (irakurlegoa zinez tipia da lokutoreen kopuruarekin alderatuz geroz). Jendea, beraz, entzuten duena (irratian, trelebistan, lagunartean) erabiltzen du.
Gotzon Garatek kontatzen zuen haren lehen baserri-egonaldian, bazkal ondoan, erran omen zuen “siesta botatzera noa”. Bertako haur gazte batek galdetu omen zion “nola botatzen dozu siesta”. Hori Elgoibarko etxalde batean gertatua.
Pentsa zer den Ipar euskalherritar batentzat “zer pelikula botatzen dute gaur” galdera entzutea…
Ahaleginak egin behar ditu edonork eguneroko erabileran erran-molde arrotz horiek bazter uzten (barka Euskahaldun eta Beñat, ez nuen pentsatzen zuen euskara zuzentzea, eta, menturaz “hanka-sartze” adibidea probokatzailegia zen), baina arazo hau ez Euskaltzaindiak ez nehork ez du, iduriz, ikusi nahi. Kazetariek eta esataraiek dute erantzunkizunik handiena, baina, dudarik gabe, horiek instituzioen (Euskaltzaindia barne) aholkularitzaren beharretan dira.
Interesgarria litzateke arrotz kulturek kutsatu diguten mintzaira nolazpait garbitzen hastea…Baitezpadakoa da kutsatze hori gelditzea!
X Elosegi
X Elosegi
Xabier lasai enekin, ezagutzen dut zure ongi egin nahia; Gainera euskarari dagokionez, badakigu ikastera kondenatuak garela heriotzeraino bederen gure arbasoen hizkuntza berreskuratu eta mundu modernoari egokitzeko.
Gure hizkuntza kutsaduratik garbitu bai baina nun aurkitu edo nola srtu falta zaizikun euskal hitzak eta esapideak?
Horretaz aparte,” siesta edo pelikula bota” senez ez nuke erranen baina dudarazi nauzu. Nork zuen arrazoi Elgoibarreko baserrian? Gotzon Garate idazle jakintsuak? ala baserriko mutiko jatorrak?
Siesta lo egitea da, beraz, siesta egin.
Pelikulak telebistaz ematen dira.
Errua egotzi/leporatu… eta ez errua bota.
Faltan bota-ren ordez, norbaiten/zerbaiten mira izan.
Autobusa galdu dut-ren ordez, autobusa ihes egin dit.