Interes taldeak

Interes taldeak –

Arlo sozioekonomikoan interes taldeak aktibatzea lortuz gero, euskararen aldeko dinamikak aktibatzea eta garatzea lortuko da etorkizunean.

Interes taldeak

Hori da Emunek plazaratu duen hipotesia (nire ustez, azken urteotan eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko hipotesien artean, gauzagarriena, gauzatzeko gaitza bada ere). Hipotesia Bat aldizkariaren 124. alean argitaratu dute. Eta aldizkarian bertan, beste artikulu batean Elisabeth Barakos-ek egindako ikerketa baten berri ematen da.

Ikerketa Galesen egin da eta “Language policy in business: discourse, ideology and pratice” (Barakos, 2020) du izena. Azterlanean agerikoa da interes taldeen eragina enpresetako hizkuntzen kudeaketan. Galesa erabiltzeko arrazoi nagusia bezeroaren nahia asetzea da eta ez erabiltzeko arrazoi nagusia bezeroen eskaera falta da. Ikerketak baieztatzen du, beraz, bezeroaren eskakizunak baldintzatzen duela hizkuntza baten erabilera kanpo harremanetan, hizkuntza hori gutxitua izan zein oso hedatua izan.

Honaino helduta, interes taldea zer den galdetuko dio bere buruari irakurle batek baino gehiagok.

Zer da, ba, interes taldea? Horiek dira enpresa baten jardueren, produktuen edo zerbitzuen zein haren jardunaren eraginpeko gizabanakoak, taldeak edo erakundeak.

Horri lotuta, Emuneko kideek honako galdera nagusi bi plazaratzen dituzte:

  • Industria eta zerbitzuen sektoreak jasotzen al du euskararen inguruko eskakizunik? Eta, jasotzen badu, zein da enpresek ematen dioten erantzuna? Zein da emaitza? Eta jasotzen ez badu eskakizunik, zergatik da? Egin ez zaiolako, jaso ez duelako edo, jasota ere, ez diolako arretarik jarri?
  • Zein dira enpresei euskara sustatzeko planak abiarazteko gonbita egiten dieten erakundeak? Enpresetan eragina duten edo euren eraginpean dauden interes taldeak al dira?

Uste dut interes taldeen ikuspuntu honetatik irekitzen dela hari-mutur bat lanaren esparruan euskarari leku eta espazio berriak bilatu eta aurkitzeko. Hari-mutur bat, beste hari-mutur batzuekin lotuta joan behar dena, jakina.

Interes taldeak