Imajinatzen?
Imajinatzen?
Imajinatu 75. urte haren bueltan hego euskal-Herrian egiten diren bilerak guztiak (herri mugimenduak, ezker abertzale ingurukoak, PNVn….) guztiak euskaraz egiten hasten direla.
Imajinatu Xibertan egiten dituzten bilera haietan erdarazko hitzik ere gabe, PNVk ontzat hartzen duela han planteatutakoa eta uko egiten diola Euskal-Herria zikintzeari Espainiako esku ustel haietaz.
Imajinatu, gauzak horrela, militarismoak inolako adierazpiderik ez daukala gure herrian, eta ETA, esaterako, dauden ekinbide kultural guztiak koordinatzeko herri mugimendu bihurtzen dela, eta kontzientzia antimilitaristak, 80ko hamarkadan izan zena baina harago joanda, tinko dirauela egun ere eta armen ekoizpen eta salmentak guretik behintzat betiko desagerrarazteko lanean ari dela. Imajinatu honen guztionen ondorioz bortizkeriaren inguruko eztabaida bere tokira emanda neoliberalismoaz, herri xumearen zapalketaz, ondasunen okerreko banaketaz, armaden zentzugabekeriez eta estatuen larderiaz hitz egiterik daukagula gaur egun, mugarik gabe eta libre.
Imajinatu garai hartan herri mugimenduek, partido politikoek, eraikitzen hasi ziren erakundeek, udalek, kirol elkarteak, auzokide bilerek, kultur elkarteek, kuadrillek… lehenik eta behin helburu bat jartzen diotela beren buruari: ahalik eta denbora laburren haien barne bizitzan oso-osorik euskaraz egin ahal izatea.
Imajinatu hasiera hartatik bertatik Eusko jaurlaritzak edo eusko legebiltzarrak, normaltasun osoz euskara erabiltzen dela nagusiki edo horretara ailegatzeko dauzkatela bideratuta mekanismo guztiak. Imajinatu “eusko” matrikula hori guztiz sobera dagoela, jarri beharrik ez dagoela.
Imajinatu garai hartan bertan segituan ikusten dela euskarazko egunkari bat ateratzea gai estrategikoa dela eta batere denborarik galdu gabe kalean jartzen dela bat martxan. Haren lerro editorialarekin ados egon ez eta berehala agertzen direla indar neoliberalistak hari kontra egiteko beste bat kaleratzeko pronto.
Imajinatu euskalduntze-alfabetatze herri mugimendu hasi berri hark euskalduntzeari adinako garrantzia ematen diola alfabetatzeari, eta ulertzen duela alfabetatzea irakurtzen eta idazten jakitetik harago, askoz harago doan kontua dela.
Imajinatu garai hartako ikastolek ere ulertzen dutela dena euskaraz eman ahal izateko material sortze lan handia egin behar dela eta erakundeen diru-laguntza handiak jasota, hor hasi direla buru belarri mendeetan ezkutatutakoa argitara ateratzen. Imajinatu, ikasleei guztia euskaraz ematea ez dela nahikoa garbi ikusten dutela eta ikastolek berek antolatzen hasten direla guraso edo helduentzako ikastaroek ere, eta transmititu gurasoen, helduen bizitza guztiz normalizatu gabe umeen hezkuntza antzua dela.
.
Imajinatu garai hartan irizpide berek bultzatuta “herri unibertsitate” txiki asko sortzen direla herrietan eta bakoitzak ezagutzen dituentxo horiek ematen dituela jakitera eta bertan munduan gertatzen dena azaltzeko saioak egiten direla erdarazko inolako bitartekaririk gabe.
Imajinatu hauen guztien ondorioz egun gure artean Albreteko Joana Carlos I.a baino ezagunago dela, Joanes Leizarraga Garcilaso de la Vega baino, Pott banda 98ko belaunaldia baino gehiago edo Joseba Sarrionandia Fernando Aramburu baino.
Imajinatu Garai hartan bertan UEU erdi klandestino hura argitara ateratzeko erakundeek senperrenak eta bi egiten dituztela eta diruz ederki hornitu ondoren garaitsu hartan hasten dela funtzionamendu guztiz normalizatu batean. Imajinatu hainbeste material sortzeko izanda zein eskola polita denontzat hala irakasle nola ikasleentzat.
Imajinatu garai hartan horretarako ematen diren laguntza handiak medio, itzultzaile eskola erraldoi bat jartzen dela martxan eta hari esker gaur egun, gurean daukagula munduan idatzitako literatura, zientzia, filosofia puskarik guztiz handiena.
Imajinatu urte horietan edukitako eskarmentu guztiari esker teknologia berriak etorri eta gai garela, esaterako, Europan punta-puntako urrutiko edo online unibertsitate bat abian jartzeko.
Imajinatu EITB benetan martxan jartzen dela garai hartan esaten zen horretarako, eta orain euskarazko hiru kate potente dauzkagula eta laugarrena lehen esan dugun zentzuan betiere, euskalduntze-alfabetatzerako erabiltzen dela, halako moduan potentea euskaldunek telecinco zer den apenas dakiten.
Imajinatu egun euskararen gaia guztiz desagertuta dagoela eztabaida politikotik eta gehiago hitz egiten dela Espainiatik etorritakoen erdaldunen euskalduntzeaz, alegia, integrazioaz; eta aberri egunak, euskararen egunak, kilometroak, nafarroa oinez eta horiek denak bilobei kontatzeko antzineko pasarteak besterik ez direla.
Imajinatu urte horietan kultibatu den guztiaren ondorioz Neoliberalismoa ez dela ondo ezkontzen gurean eta, kooperatiba, fundazioak edo horien modukoen eraginez herri xumea zapaltzeko biderik ez duela topatzen.
Imajinatzen hau guztia hala izan balitz zer izango ginateke orain?
Hau guztia hala izan balitz “herri bat gara” esateko moduan geundeke, Katalunian zer gertatzen ari den osotoro ulertuko genuke, haiek orain izan behar dutena aspaldian izango ginen gu ziurrenik eta haien irribarreari, harriduraz ez baina galduta dugun irribarrez begiratuko genioke.
Imajinatzen?