Ikertzen gaituzte

Ikertzen gaituzte –

Ikertzen gaituzte
(Irudia: Zaloa Ipiñaren “Gorreria bisuala” arte-laneko zati bat).

Ikertzen gaituzte, aprobetxatzen dira gutaz. Hori irakurri dut Leire Milikuaren “Lur gainean, itzal azpian” liburuan. Eta, aspalditxo irakurri nuen beste liburu honekin bat egin zuen zuzenean neure buruan: A descolonizar las metodologías (eta, bereziki, maoriek zer eskatzen dieten bertaratzen diren ikertzaileei).

Ikerketaren kokapena bihurtu da azken urteotan gai delikatua. Feminismoak zartarazi du akademiaren usteko objektibotasuna eta horra igo gara historiaren korrontearen kontra igeri egiten dugunok (nik neuk ere, neure tesian).

Ikerketaren helburuak bat egin behar du bidearekin. Mundua zertan den baino, mundua aldatzea helburu dugunok, ikerketa eraldatzailea egin behar dugu. Eta horrek adierazten du esperientziari eman behar zaiola garrantzia, borrokak balorizatu behar direla, eta abar. Azken finean, ikertuari bere errelatoa auto-antolatzeko aukera eman behar zaio.

Sortutako jakintzak askatzaileak izan beharko lirateke, mundu eta egoera berriak imajinatzeko mamia emango dutenak. Txikitik eta bertatik bertara, noski. Elkar-ikerketan, ahal bada. Militantziakidetasunetik, ahal bada. Eta ikerketaren objektu subjektu bihurtuta eta ikertzailea bere burua aldatzeko posiziotik, apal. Eta, ahalko balitz, prosaren gramatika apurtuz (etika eta estetika bat egiten duten puntu horretan bertan).

Eta partekatuz. Jakintzak zaintzeko modurik onena jakintza horiek partekatzea baita, dibulgatzea baita.

Ikertzen gaituzte

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude