Ikasleak euskalduntzeko biderik egokiena
Kontseiluaren baitan biltzen diren hezkuntza alorreko eragileek, Ikasle euskaldun eleaniztunak sortzen proposamenarekin lanean dihardute. 2008an osatu zuten proposamenaren inplementazioarekin jarraitzeko helburuarekin, Gaur egungo irakastereduak aztergai dokumentala (laburpena) egin dute proposamena ezagutzera emateko asmoz. Gaur egun hezkuntzaren alorrean bizi dugun egoeran, LOMCE legea indarrean sartzear dagoela kontuan hartuz, ikasleak euskaldunduko dituen proposamena indarrean jartzeak are behar handiagoa jartzen digu mahai gainean. Abagunea aintzat hartuta, ikasle guztiak euskalduntzea helburu duen aipatutako proposamenaren lanketan urrats berria ematea erabaki dute.
(Promoa) Gaur egungo irakastereduak aztergai from Euskararen Kontseilua on Vimeo.
Euskararen normalizazioan hezkuntzaren alorra lehentasunezkoa da. Hizkuntza bat normalizatzeko bete behar den helburuetako bat hiztun berriak sortzea da. Hezkuntzak nahitaezko funtzioa betetzen du hizkuntza baten berreskurapen-prozesuan, lehen esan dugun moduan. Bertan etorkizuneko belaunaldia dago, etorkizuneko jendartea hezur mamituko eta gidatuko duena, alegia. Gainera, hainbat ikerketak erakusten dute gazte-garaian finkatzen eta izaten direla hizkuntza erabilera nagusienak; hots, nagusiki hizkuntza batean edo bestean bizitzeko erabakia gazte garaian hartzen dela. Ikasle guztiak euskaldundu daitezen ikasketa prozesua amaitzean Kontseiluaren lehentasunetako bat izan da eta da gaur egun ere.
Ereduen sistema sortu zenetik, ez da lortu ikasle guztiak euskalduntzea. Ikerketek agerian utzi duten moduan, gaur egun indarrean dauden ereduetatik bakar batek ez ditu ikasleak bere osoan euskalduntzen, nahiz eta D eredua den hortik gertuen dagoena; urrun gaude, hortaz, ikasle guztiak euskalduntzetik. Hori aintzat hartuta, Kontseilua osatzen duten hezkuntza sektoreko bazkideek (Euskal Herriko Ikastolak, EHIGE, Kristau Eskolak, Sortzen eta Hik Hasi) elkarlanean Ikasle euskaldun eleanitzak sortzenĀ proposamena sortu zuten 2008an.
Gaur egun hezkuntzaren alorrean bizitzen ari garen egoeran, oraindik ere garrantzia handiagoa hartzen du murgiltze eredu orokortua ziurtatuko duen hezkuntza sistema indarrean izateak. Hego Euskal Herrian LOMCEren aplikazioarekin hastear daudela eta, honi aurre egiteko modurik egokiena ikasle guztiak euskaldunduko dituen proposamena inplementatzea da, ezbairik gabe. Hau, ez da esperimentuetarako unea. Ezagutzen dugu ikasleak euskalduntzeko zein den modurik eraginkorrena; alegia, euskarazko murgiltze eredua.
Euskaldunduko duen eredu hori orokortu dezagun, ikasle guztiak euskaldundu ditzagun. Une honetan, orain dela sei urte sortutako proiektuaren aplikazio bat jarri da jada bi ikastetxetan, Aitor Ikastolan eta Dimako eskolan, alegia. Horiek abiapuntu izan dira, baina gure helburua ikasleak euskaldunduko dituen aipatutako proposamena ahalik eta gehien hedatzea da.
Izan ere, ez dugu ahaztu behar, murgiltze eredua dela gaur egun gizarte kohesioa ziurtatzen duen bakarra. Hego Euskal Herrian ezarrita dagoen ereduen sistemak, kohesiorako baino bereizketarako bide eman duen bitartean, guk hori gaindituko duen proposamena egiten dugu. Katalunia dugu horren eredu. Ezin dugu ahaztu, Estatu espainiarrak, bere lege erreformarekin, horren aurka egitea izan duela helburu.
Proiektua bera ezagutzera emateko, ordu erdiko dokumentala ekoitzi dugu, sektoreko adituen iritziekin osatutakoa. Gure helburua, gure proposamena hezkuntza alorrean lanean ari diren profesionalei zein gurasoei ahalik eta modu pedagogikoenean azaltzea da eta horregatik erabili dugu formatu hori. Bideoaren hedapena ikastetxeetan egingo dugu epe laburrean. Norbaitek bere ikastetxean edo herrian zuzenean honen berri jaso nahi izatekotan, Kontseiluarekin harremanetan jar daiteke kontseilua@kontseilua.org helbidera idatziz.