Charlie Boy Team, eta Heidi Otaduy eta Yago Mateo Euspot 2014ko lehiaketako irabazleak

Saridun guztiak
22 lan aurkeztu dira Euspot lehiaketaren hirugarren edizioan pintxo-potea gai hartuta. “Euspot erreferente bihurtu da euskarazko ikus-entzunezkoen artean eta gazte askoren parte-hartzea eta jarraipena bermatzen ditu, harrobia ere indartuz”, nabarmendu dute Euspot lehiaketako antolatzaileek. Izan ere, gero eta gazte gehiagok parte hartzen dute lehiaketan eta aurten lehenengo aldiz 18 urtetik beherakoek ere lanak aurkeztu dituzte. Gazteek Euspot-ekiko duten atxikimenduaren isla da, baita ere, hirugarren edizio honetan 1.600 bototik gora eman direla sarean lan gustukoenak aukeratzeko.

Sari banaketa ekitaldia
Ohi den moduan, Aretxabaletako Arkupe Kultur etxeko Zaraia aretoan egin da sari banaketa ekitaldia, Ainhoa Vitoria (Euskadi Gaztea) kazetariaren gidaritzapean. Ekitaldiaren hasiera eta amaiera Mondragon Unibertsitateko ikasleek osatutako Usurbilgo Saiatu Berriz bikote akustikoaren esku egon da, eta Arturo Oleak musika kudeaketa eskubideei buruzko hitzaldia eskaini du. Arturo Olea Madrilgo Audio Network ekimeneko arduraduna da eta ikus-entzunezkoetan musikak duen garrantzia azpimarratu du, besteak beste, adibide oso esanguratsuak azalduz. Horrez gain, lehiaketan parte hartu duten  22 iragarkiak ikusi ahal izan dira eta ekitaldi ostean luntx batez gozatu ahal izan dute parte-hartzaileek zein hurreratu diren guztiek.

Irabazleak
Guztira, sekulako sariak banatu ditu Euspot Lehiaketak aurten ere. Guztira lau sari banatu dira:

18 urtetik beherakoen saria. / 250 euro
Haizea Arrieta, Oihane Iturbe eta Olatz Iriarte, ‘eta zuk ez dozu ezer igertzen?’ spotarekin.
Aurten lehenengo aldiz 18 urtetik beherakoek lanak aurkeztu dituzte; guztira 6 spot. Harrobia lantzen ari den seinale argia.

Publikoaren saria. / 500 euro
Sortuz Sortzen taldea, ‘Geurea’ spotarekin.
1.600 bozkatik gora izan dira sarean guztira.
Arteman Komunikazioa enpresaren zuzendari Arantzazu Lagunillak eman du saria.

MUko ikasleen spotik onena. / 500 euro
Charlie Boy Team, ‘Pintxo-pote bat 11 istorio’ spotarekin.
Goio Aranak eman du saria, Mondragon Unibertsitateko irakasle eta ordezkariak.

Spotik onena / 1.000 euro
(Puntuazio berdinketa izan dute bi lanek. Beraz, bi irabazle izan dira eta saria bi taldeen artean banatu da).
Charlie Boy Team eta Donostiatik datozen Heidi Otaduy eta Yago Mateo, ‘Pintxo pote bat 11 istorio’ eta ‘Euspotter’ spotekin hurrenez hurren.
Inigo Louvelli, Aretxabaletako zinegotziak, banatu du saria.

Arteman, Aretxabaletako Udala eta MU
Hirugarren urtez jarraian Arteman Komunikazioa, Aretxabaletako Udala eta MU izan dira Euspot 2014 lehiaketaren sustatzaileak. Hiruak ere oso pozik agertu dira aurtengo edizioak izandako oihartzunagatik, eta esan bezala lehiaketa erreferente bihurtu delako. Are gehiago, Euspot-ek lortu du gazteak euskararen eta ikus-entzunezkoen inguruan erakartzea eta batzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude