Ibon Arrizabalaga: “Euskaraz bizi nahi badugu, ezinbestekoa da lan mundua euskalduntzea”

Ibon Arrizabalaga –

Ibon Arrizabalaga de Mingo (Orio, 1973) da Bai Euskarari Elkartearen zuzendari berria. Hezkidetza, sexu hezkuntza eta Tratu Onen kultura ardatz dituen Arremanitz kooperatibako kide izan da haren sorreratik orain gutxi arte. Ziklo hori amaituta, Bai Euskarari Elkartea zuzentzeko erronka “pozik” eta “arduraz” hartu du.

Ibon Arrizabalaga

Zein arlotan aritu zara orain arte?

Arte Ederrak ikasi nituen eta ez nuen berehala lan mundura sartzeko presarik izan. Tarte bat eman nion nire buruari zer egin nahi nuen topatzeko. Gutxi behar izaten eta gutxirekin bizitzen ahalegindu nintzen eta denetarik probatu nuen tarte horretan: izan nintzen garbitzaile, pailazo, ipuin-kontalari, jornalero atzerrian, AEK-ko irakasle, sagardogintzan langile, Kultur Errotako aurkezle… Beti bilatu izan dut niretzat esanguratsua den jarduera eta, nolabait, eragitea. Azkenean, ogibidea hautatzeko erabakia hartu nuenean, iruditu zitzaidan hezkuntza izan zitekeela ekarpena egiteko aukera egokia, bat zetorrena nire trebetasunekin. Hainbat esparru aztertu nituen. Esaterako, artearena probatu eta erabaki nuen hezkuntza formala ez zela niretzat. Euskara ere bazen gustuko nuen esparruetako bat eta Joxerra Gartziaren orbitan ibili nintzen, euskara bertsoen bidez irakasteko proiektua garatzen ari zenean. Sexu hezkuntzan ere iruditzen zitzaidan bazegoela nahikoa lan egiteko eta interesa banuen. Hala ere, azkenean, erabaki nuen gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren ildoa jorratzea, batez ere gizonak aktibatzeko eta gizon taldeak sortzeko asmoarekin. Hor eragin nahi izan nuen. Berdintasun masterra egin nuen eta autonomo egin nintzen 2004an. 20 urtez aritu naiz horretan, hasieran autonomo bezala eta 2010etik aurrera Arremanitz kooperatiba sortuta Edurne Mendizabal Tolosa eta Asier Baglietto Gabilondorekin batera. Hezkidetza, sexu hezkuntza eta Tratu Onen kultura uztartuta hainbat proiektu garatu ditugu, erreferentziazkoak bilakatu direnak.

Zer dela eta Bai Euskarari Elkartea?

Egia da sorpresa puntua ere izan dela, baina nahiko natural sentitu dut. Esan dizudan moduan, eragitea da ni lanera eraman nauen zioetako bat eta Bai Euskarari Elkartean horretan ari gara. Euskara hasieratik egon da nire interes eta pasioen artean. Elkartearen beste balio bat ausardia da eta iruditzen zait horixe ez zaidala falta izan nire ibilbidean. Elkarlanean eta gertu aritzea ere Arremanitzen gure egunerokoaren parte izan dira: eragile ezberdinak elkarrekin lanean jartzea eta hezkuntza komunitatearentzat eskura egotea, prestu agertzea lagundu ahal izateko, zerbaitetan eragiteko edo behar zenerako. Esparruz aldatu dut baina oso giro gertukoa sentitzen dut; hau da nik nahi dudana. Lan eta bizi euskaraz da elkartearen leloa eta nire leloa ere horixe da. Ez dut lan egin nahi euskaraz ez den modu batean eta, gainera, euskaraz bizi nahi badugu, ezinbestekoa izango da lan mundua euskalduntzea. Hor eragiteko aukera ematen didan elkarte batean txertatzea motibatzailea, pozgarria eta erronka handia da. Pozik nago.

“Esker ona besterik ez daukat hain ondo dabilen ontzi baten lema hartzen uzteagatik”

Aste gutxi batzuk daramatzazu kargu berrian. Nolakoak izan dira lehen egun hauek?

Zorioneko sentitzen naiz. Emozioz betetako egunak izan dira. Orain arteko zuzendariak -Rober Gutierrezek- eta lantalde osoak harrera ezin hobea egin didate. Batez ere esker ona eta ardura sentitzen ditut. Sekulako lana egin da orain arte, maila onekoa eta topatzen dudan etxea txukun dago. Ez da sekulako eraldaketa egin behar. Jarraipena ematea behar du, ondo dabilena ez ukitu eta ahal dela, denborarekin, pixka bat hobetu aspektu batzuetan. Esker ona besterik ez daukat hain ondo dabilen ontzi baten lema hartzen uzteagatik. Eta ardura, benetan ondo egindako lan baten emaitza jasotzen ari bainaiz.

Zein dira dituzun erronkak datozen hilabeteetarako?

Lehenik eta behin, eustea. Ahalik eta gutxien igarri dadila leman aldaketa bat egon dela. Lehen erronka hori da. Gero ikusiko dugu. Plan estrategiko berriarekin, dagokionean, egongo da aukera beste eraldaketa prozesu batzuk abiatzeko.

Egokitu behar naiz ontzi honen martxara. Ikusi, ikasi, entzun, ikasi eta ikasi. Kontestuak ere erronkak jartzen ditu. Gure asmoa baldin bada lan munduan euskararen erabilera areagotzea, kontuan hartu behar da abiapuntua ez dela batere aldekoa. Gainera, oldarraldia ere bete-betean ari da esparru guztietan eta euskalgintzatik, erakunde eta gizarte guztiarekin batera, batasuna egituratu beharko dugu. Hor badago zer egina eta saiatuko naiz gure alea jartzen. Zubi-lana egin dezakegu eragile ezberdinen artean. Konexio horiek norabide honetan egituratzea erronka handia da.

Beste erronka bat lurraldetasuna da. Bai Euskarari Elkarteak Euskal Herri osoan eragiten du, baina nahiko desorekatua dago gure irismena. Ahalegin berezia egin nahi dugu Ipar Euskal Herrian, Euskal Erakunde Publikoarekin lehenengoz sinatu dugun hitzarmena ere baliatuz. Hori ondo atera dadin ahalegin betean gabiltza, urrats berriak eman ahal izateko. Bizkaian ere ez da guk nahi dugun mailan ageri elkartearen lana eta hor jarraitu beharko dugu zer bide jorratu ikusten, Bizkaia merezi duen neurrian agertzeko Euskararen Mapan.

Nafarroan errealitatea are konplexuagoa da eta hor urratsak emateko intentzio osoa jarri beharko diogu eta egokitu beharko gara bertako eragileek aurkezten diguten panoramara. Zorionez, Euskarabidearekin sintonia onean gaude eta baliteke elkarlan emankor baten abiapuntua izatea.

Rober gasteiztarra izanda, Arabak badu elkartearen lanean, ibilbidean eta mapan presentzia esanguratsua. Hemendik aurrera, Rober egongo ez denez, bereziki zaindu beharko dugu. Zubi asko pertsona jakin baten bidez eraiki dira eta orain arreta berezia jarri beharko diogu, lantaldean, urteotan hazitakoa elikatzen jarraitzeko.

Gipuzkoa egoera txukunagoan ageri da oro har, baina badira bestelako erronkak. Badaude entitate batzuk Bai Euskarari Ziurtagiriaren maila gorenean daudenak, lana eta zerbitzua euskaraz eskaintzen dutenak, eta uste dutenak egin dutela egin behar zuten guztia. Agian batzuk trenetik jaitsi nahiko dute. Zer dugu horiei eskaintzeko? Nola jarrai dezakegu elkar elikatzen eta guztientzat esanguratsua den zerbait egituratzen? Espazio horiek asmatzen jarraitzea da gure asmoa.

Ez dut ahaztu nahi, zuzendari naizenez, lantaldea zaintzea dela erronkarik behinena. Egiten dugun lan guztiaren arnasa eta giharra lantaldea da eta arreta osoa merezi du. Lantaldea egonkortzea nahi dugu, ongizate batean garatzen den lana izatea eta zentzu horretan badut asmoa ahal den neurrian lankideek zer behar dituzten ezagutzeko. Aspektu horiek ere aintzat hartzea kudeaketaren zati adierazgarria izatea nahiko nuke.

Ibon Arrizabalaga

“Euskalgintzatik, erakunde eta gizarte guztiarekin batera, batasuna egituratu beharko dugu”

Bai Euskarari Elkarteari dagokionez, zein proiektutan zaudete murgilduta?

Gure proiektu nagusiek hor jarraitzen dute. Bai Euskarari Ziurtagiria da gure oinarrizko ardatza. Horren hedapenerako, lehenengo aldiz dugu EEPrekin hitzarmena Ipar Euskal herrian eta horri arreta berezia eskaintzen ari gara, esan bezala. Baditugu bestelako hitzarmenak erakunde eta udalekin. Esaterako, martxan dugu Lezoko Udalarekin hitzarmena merkatarien artean ziurtagiria zabaltzeko. Kanpaina horren emaitzak espero ditugunak badira, eredu berbera erabili nahi genuke beste udalerrietan ere.

Ziurtagiriaren esparruari dagokio ere HPS-rekin dugun elkarlana. Homologazioa eman digute Bikain ziurtagiriaren baitan dagoen Harrobi diploma kudeatzeko. Garrantzitsua da, batetik, erakunde publiko, enpresa eta euskalgintzaren arteko joskintzan urratsak emateko eta, bestetik, Bai Euskarari Elkartearen eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren homologazioa lortzeko.

Ziurtagiriaz gain, hor dago euskara hutsezko lan- atari bakarra: Lansarean.eus. Urtez urte gorantz doa eta horrela jarrai dezan lanean darraigu, gero eta enpresa eta norbanako gehiagok ezagutu dezan. Euskaraz lan egin nahi dutenen erreferentzia bilakatzeko erabiltzen eta zabaltzen jarrai dezagun denok.

Enpresen arteko elkarlana sustatzeko Enpresarean proiektuari dagokionez, aurten Enpresaren Azoka izango dugu, topagune garrantzitsuenetarikoa dena. Bertan, euskaraz eroso aritzeko aukera izaten dute enpresa zein profesionalek, beste inon ez bezala, gaur egun zein etorkizunera begira axola zaizkien gaiei buruz.

Euskaragileen enpresa batzordean biltzen dira euskalduntzean aurreratuak dauden enpresak, eta besteentzako eredu gisa edo traktore gisa lan egiteko prest daudenak. Horren dinamizazioan aritzen gara, eta gaur bertan, Irizar S. Koop.en jardunaldia egin dugu enpresa gehiago erakartzeko euskara eta hizkuntzan kudeaketa haien jardunean txertatzera.

Elkarrengandik Ikasiz solasaldiekin euskaraz eroso aritzeko aukerak eta espazioak eskaini nahi dizkiegu enpresei. Haien interesekoak diren gaiak jorratzeko adituak gonbidatu eta horien inguruan solasaldiak antolatu eta grabatzen ditugu. Gure webgunean daude orain arteko guztiak: baieuskarari.eus

Elkartearen proiektu horiez gain, baditugu beste zenbait beste erakundeekin partekatzen ditugunak, eta baita zerbitzuen eskaintza ere: Lazarraga Sariak Arabako Foru Aldundiarekin, Partaide Asmoz Fundazioarekin, Beterri Saretuz, Euskara Langai Euskarabidearekin… Ahaztu gabe urtero banatzen ditugun Bai Euskarari Sariak. Badago nahikoa lan!

Zerbait baduzu gehitzeko?

Oso eskertuta nago Bai Euskarari Elkarteari, zuzendaritzari, Roberri, lan hau guztia egin dutenei, eta baita Kontseiluari eta Behatokiari ere. Denek egin didaten harrera bikaina izan da eta hasieratik etxean sentitzen naiz; saiatuko naiz etxe nirea bezala zaintzen.

Ibon Arrizabalaga Ibon Arrizabalaga Ibon Arrizabalaga Ibon Arrizabalaga Ibon Arrizabalaga Ibon Arrizabalaga Ibon Arrizabalaga Ibon Arrizabalaga Ibon Arrizabalaga Ibon Arrizabalaga Ibon Arrizabalaga

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude