Hizkuntzen prezioaz
Hizkuntzen prezioaz –
Uda garaia amaitu dela eta Espainiako Hegoaldetik egun batzuk egin ondoren, ezinezkoa zait 2012an Noticias de Navarra eta Berria egunkarietan argitaratu nuen iritzi-gutunera ez bueltatzea, non Lizarratik pasata Nafarroa Garaiko seinaletikari lerro batzuk eskaini nizkion euskarari egiten zioten lekua –edo lekurik eza– zela eta. Diseinatzaile izanik nire aurreko ogibide, eta euskaltzale orduan eta orain, sumintzen ninduen foru-erkidegoko kartelek irakurtzeko moduko letrakera izatea gazteleraz, eta euskarak ia ezin ikustekoa, gazteleraren apositu bezala eta betiere legeak hala behartuta jarrita. Ikusten da euskara sinbolikoa dela Iruñetik behera, eta benetan komunikatzeko gaztelerari ematen diotela lehentasun guztia.
Testu horretara flash-backean eraman nauena Malaga, Marbella eta Tarifako zonaldeetan ikusitako seinaleak dira, denak ingeles eta gazteleraz, zein eta ordena horretan –ingelesa bertoko kaleko hizkuntza omen– eta tipografia berdintsuarekin. Ez da gutxiagorako ere: Banus Portutik pasatzea besterik ez dago Espainiako dirua dutenak kanpotarrak direla ikusteko, Andaluzian egon baitago dirua, bertokoek behar bezala gozatuko ez badute ere. Eta orduan sartzen da hizkuntzaren erronka: zer dela eta inor ez da kexatzen inposizio linguistikoaz? Zer dela eta estatuan bi hizkuntza ditugunok etengabe justifikatu behar dugu non, nola eta zergatik jartzen ditugun seinaleak elebidun, eta bertan inork txintik ere esan ez, zer eta estatuz kanpoko hizkuntza batekin? Erantzuna berehala dator: ingelesak dirua dakar, eta zorroak betetzen dizkie sikiera kanpotik datorrenei. Euskarak, katalanak, galegoak eta bestelakoek, ez. Zilegi da beraz Espainian estatuko hizkuntzen kontra egitea, baina kanpokoak gorestea baldin eta hemen zereginik badute, bai eta hemengoa xahutzeko bada edo/eta bertoko hizkuntzaz akonplexatzea ere ekarriko badu, seinaleetan gaztelera ingelesaren atzetik jartzera helduz.
Inork ikusi al du Londresen gazteleraz ezer, hemengo hainbat eta hainbat bertoko kafetegi, hotel eta garbiketa etxeetan lanean ibilita? Azken-mailako lanak eginda, Britainia Handiak ez omen die espainiarrei ezer zor, eta agian bertara doazenek ere ez dute eskatuko, lau sosen truke euren lana saldu behar badute ere. Argi dago beraz zein den hizkuntzen arteko konbibentziari laguntzen dion bakarra. Bitartean, errentagarritasunetik at segitu beharko dugu gurea defendatzen, gaztelera edo frantsesaz gain –eta ordez– ez badugu bakarrik ingelesez egingo hemendik 30 urtetara.